Berriz min hau

Berriz min hau –

Badira urte batzuk rol politikoen trukea gertatzen ari dela euskaldunen eta katalanen artean. Seny arduratsua bihurtu da ekintzaile bero. Abertzale pasionatua irentsi du diruzaleak. Badira urte batzuk.

Urriaren 21arekin Bartzelonako kaleetan milioi erdi lagun batu dira, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium-eko presidenteen espetxeratzea salatzeko. Hori gutxi ez eta ezagutu berri dute Katalunian Espainiako Gobernuak aginduko duela aurrerantzean, eta haserre daude kaleetan, nola ez ba.

Berriz min hau

Natorren harira. Manifestazioan Ion Telleriak argazki batzuk atera ditu, tartean, KLIK, hau. Barruak astindu dizkit. Kolpatu nau, urriaren 1eko polizia oldarraldien irudiek beste, edo gehiago. Kaskezur odoltsuek adina. Berriz min hau, baina zauria ez dut topatzen inondik.

Beste batzuetan irribarre txikia sortu izan didate presoen banderolaren bertsioek. Grazia pixka bat, ez asko, Iñaki Urdangarin Etxera, eta horrelakoek.

Honek serio utzi nau. Jada ez baita broma, ez da ikono baten moldaketa bihurria. Egi egia baizik. Bi preso politiko, katalanak, Soto del Real-en gatibu. Ez dira azkenak izango, ezta hurrik eman ere. Baina gehiago mindu nau beste zeozerk.

Zertarako erabili irudi hori? Umorearen aukera baztertuta, mimetismo horri ez diot topatu zentzurik. Heldulekurik ez du. Zapi horren atzean gordetzen dira Euskal Herriko historia berrienaren garai gogorrenak. ‘Patria’-koak, ‘Etxeko Hautsak’-ekoak, ‘Ospitalekoak’-ekoak… latzak. Katalanak hori sufritzeko atarian daudela iradokitze hutsak mintzen nau. Ez diet horrelakorik opa, inondik inora. Beraz, zertarako iruditeria errepikatu?

Irudi hau, Llibertat Presos Catalunya Lliure pantailara noiz eta non agertu zitzaidan ere ez zen izan lagungarria. AskeRock jaialdian: Euskal Presoak Euskal Herrira banderak nonahi, espetxeratuen lagunak eta senideak turnoak egiten. Sakabanaketa eta urruntzea oso gaurko arazoa dela –ekonomikoa ere bai– gogoratzeko akuilua, aitzakia musikala. Sei urte pasa dira armak isildu zituztenetik, eta bidegabekeria, itzalean zain.

Ez ote diren Katalunian hasiko polizia operazioen kontrako ekitaldi jendetsuen dinamikan. Saminaren babesa den jendetzen elkartasunaren beroan. Hala bada, besterik gelditzen ez bazaie, sortu ditzatela haien erreferente bisualak, asko eskatzea ez bada. Igual hobeto funtzionatuko die, gainera. Gurean, nahikoa min bada bestela ere.

Berriz min hau

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra