Berezko hiztunak

Berezko hiztunak

Berezko hiztunak

Landareari lurrak bizi-indarra ematen dion bezalaxe, hiztunek ematen diote bizi-indarra hizkuntzari. Lurra nolakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek ere eragin betea dute hizkuntzen indar edo ahulezian; hiztunak dira hizkuntzen funtsezko bizigaia. Landarea lurrean sustraituta bizi den bezalaxe, hizkuntzak hiztunengan bizi dira: hizkuntzek, bizirauteko, behar-beharrezkoak dituzte hiztunak, nahitaezko.

Irudika dezagun euskara landare bat dela eta lorontzi batean dugula. Lorontzi horrek gaur egun orain 30 urte baino % 70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote denaren irudipena dugu, izan ere, hosto batzuk horaildu egin zaizkio (gune euskaldunetan, euskararen arnasguneetan, galerak antzeman dira azken mapa eta inkesta soziolinguistikoetan). Horixe dugu euskararen gaur egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu, baina hiztun berri horiek ez diote bizi-indarrik ematen.

Zer gertatzen ari da? Euskarak lur berri dituen hiztunak etengabe irabazten dituen arren, zergatik ez du indarrik hartzen euskal gizartean komunikaziorako tresna gisa? Erantzuna begibistakoa da: euskararen landareak lur gehiago irabazi duen arren, lur horretan beste bi landare ere badirelako, euskara baino handiagoak eta indartsuagoak: gaztelania eta frantsesa. Bi landare horiek sustrai luze eta indartsuak dituzte eta euskarak daukan lur horretatik elikatzen dira. Bi landare horiek euskararen funtsezko bizigaia bereganatzen dute: hiztunak bereganatzen dituzte.

Beraz, nahiz eta euskarak azken 30 urteotan % 70 lur gehiago izan; nahiz eta elikatzeko % 70 aukera gehiago izan, lur hori elikagai potentziala du, baina ez benetakoa. Euskara elika dezakeen lur berri horrek, hiztun berri horiek, ez dute euskara elikatzen, lorontzi berean dauden erdarak elikatzen dituzte. Hiztun horiek horregatik moldatzen dira hobeto erdaraz: bizi-indarra erdarari ematen diotelako eta ez euskarari. Euskararen hiztun potentzialak dira, baina ez funtzionalak.

Datuek ere horixe diote: EAEko euskaldunen % 44 hobeto eta errazago moldatzen da erdaraz euskaraz baino. Horrela dio 2016ko urrian argitaratu berri den VI. Inkesta Soziolinguistikoak. Hauts horretatik sortua da lohitzen gaituen lokatza.

Euskarak indarberritzeko duen hiztun beharra aldarrikatuz, horrela irakur zitekeen, 2015eko 19. Korrikaren hasieran, Urepelgo herrian etxe baten leihotik zintzilik jarritako banderola edo pankarta batean:

«Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu».

Eta hemendik beste galdera bat sortzen zaigu: Nolakoak behar dute hiztunek hizkuntza bati bizi-indarra emateko? Zer hiztun mota behar du hizkuntza batek gero eta indartsuagoa izateko? Nolakoak izan behar dira hizkuntza baten tajuzko hiztunak edo berezko hiztunak, alegia, hizkuntza batek bere-bereak dituen hiztunak?

Bi ezaugarri nagusi izango dituzte berezko hiztun horiek:

1. Ezagutza: Hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko beste edozein hizkuntza erabiltzeko baino erraztasun handiagoa izatea. Hizkuntza horretan pentsatzea.
2. Erabilera: Hiztun aktiboa edo funtzionala izatea: hizkuntza hori erabiltzeko aukera duen komunikazio harreman guztietan hizkuntza hori aukeratzea. Hizkuntza horretan bizitzea.

Gurdi bereko bi gurpilak dira ezagutza eta erabilera: ibiliz ikasten da oinez eta hizkuntza erabiliz. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta erraztasun handiagoa lortzen dugu. Erabiltzearen poderioz ikasitakoa praktikan jartzen dugu modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean, hizkuntza erabat gure baitakoa bihurtu arte. Gurpil bi horiek mugitzeko indarra, berriz, komunikaziorako behar naturala da: hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko daukan behar sozio-funtzionala. Halaxe azaldu nuen, Gurdiaren Paradigma 2016, Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak Jardunaldian, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian, 2016-02-12an.

Hizkuntza batek dituen berezko hiztunen artean hiru motatakoak ditugu, bai behintzat, euskararen kasuan: elebakarrak, elebidunak eta eleaniztunak.

Euskaldun elebakarrik ez dago gaur egun, azken euskaldun elebakarra orain hogei urte inguru desagertu zen. Euskaldun elebidunak ere desagertzeko bidean dira, mende honen bukaera iristerako ez da alerik izango. Euskarak iraungo badu, nagusi behar ditugunak berezko hiztun eleaniztunak dira. Horiek sortzen egin behar dugu ahalegina.

Hiztunen batez bestekoari dagokionez, munduan nagusi eta hegemoniko diren hizkuntzek dituzte hiztun elebakar gehien (ingelesak, txinerak, arabierak, gaztelaniak eta errusierak, besteak beste) eta ahuldutako hizkuntzek, aldiz, hiztun elebidun eta eleaniztun gehien.

Honela dio, elebakarrei buruz, Kataluniako Carme Junyent hizkuntzalariak:

«Francoren sasoian katalanak ez zuen hiltzeko perilik, hiztun elebakarrak bazirelako. Orduan, ezinezkoa zen hizkuntza desagerraraztea. Gure amatxik, erratekoz, ez zekien katalanez bertzerik: alferretan zen hari gaztelania inposatzea».

Beraz, hizkuntza bat hiltzeko arriskua hiztun elebidunak sortzetik eta horiek erdalduntzetik dator.

Gaur egun, bospasei urte arteko haur gutxi batzuk ditugu euskaldun elebakar eta ale bakar. Hain zuzen ere, haur horiei elebidun bihurtzeko halabeharretik sortzen zaie erdalduntzeko arrisku bizia, batez ere, eskualde erdaldun batean bizi badira.

Tolosako Juan Inazio Hartsuaga antropologoak ere idatzi du elebakarrei buruz:

«Bada zerbait, beraz, hizkuntzaren batasuna, euskarazko irakaskuntza, euskarazko komunikabideak eta euskararentzako lege babesa baino indartsuagorik: euskaldun elebakarrak. Izan ere, zenbat iraun du euskarak bere etengabeko atzerakadan elebakarren oxigenoa amaitu zaionean? Mende bat, mende terdi, bi mende? Hogei urte inguru izango dira azken elebakar apurrei lur eman geniela eta dagoeneko hasi gara erabilpen mailan sintoma kezkagarriak sumatzen han eta hemen».

Azken batean, euskarak berezko hiztunak behar ditu, bere-bereak dituen hiztunak, komunikazio egoera guztietan euskara lehenetsiko duten hiztunak. Euskaltzale porrokatuak izan gabe eta izan beharrik gabe, modu naturalean, hizkuntza berezkoa dutelako, euskaraz bizi eta pentsatuko duten hiztunak eta, aldi berean, munduari zabalik dauden hiztun eleaniztunak. Izan ere, horrelako hiztunek, eta ez bestelakoek, emango diote bizi-indarra eta iraupena euskarari.

Estreinakoz, patxisaez.eus-en argitaratua.

Berezko hiztunak

4 pentsamendu “Berezko hiztunak”-ri buruz

  • Ederto, gure landarea ahultzen ari ote DEN IRUDIPENA dugu denok, BEGI BISTAKOA da, euskarak berezko hiztunak behar ditu; orain BAKARRIK falta zaigu jakitea nola lortu berezko hiztun helduak sortzeko makina erderak jaun eta jabe diren gizarte globalizatu honetan. Erraza kontua! Ideiarik?

    • A) Euskara legez inposatuz.
      B) Espainol-frantsesen derrigortasuna bertan behera utzita haurrei nagusiki euskara eta ingelesa irakatsiz.

  • Ba nik ez nuke ingelesa ikastola guztietan ezarriko, euskararen kaltetan izango zalako.
    Nire uztez Euskara ta Ingelesa, Euskara ta Frantsesa, Euskara ta Alemaniera, Euskara ta Txinera… ikasi beharko ziran ikastola ezberinetan.
    Bi gauzengatik batik bat.
    1. Nazio askotan Ingelesarekin ez zoaz inora ta emigratu nahi edo behar badezu aukerak murriztuko zirelako, horrela emigratu behar bada gure gazteek aukera gehiago izango zituzten.
    2. Horrela komunean ikasiko genukeen hizkuntz bakarra euskara izango zan ta arrisku haundi bat baztertuko zan, ingelesaren indarra, gaztelerarena baino askoz haundiagoa dela (ez gurean baina bai munduan).

  • euskaldun bat 2016-12-03 16:37

    Laburtuz: orain arte iraun badugu elebakarrei esker izan da eta orain alerik ez dagoenez desagertzera goaz, denbora kontua da. Horri aurre nola egin? Irtenbide bakarra Independentzia dela uste dut eta euskara hizkuntza ofizial bakarra izatea, zorionez edo zoritxarrez. Kontua ez da independentzia gustoko izatea edo ez, kontua hori horrela dela ikustea besterik ez da. Bestela hau denbora kontua besterik ez da.