Euskal Telebista, bere buruarekin lehian?

Euskal Telebista, bere buruarekin lehian?

Horixe da Marijo Deogracias kazetariaren Desplazatua blogean “ETB1 eta ETB2 lehian” sarrera irakurri ondotik sortu zaigun galdera.

“Badago halako ikusezintasun bat, batez ere euskaraz ez dakitenen aldetik”, zioen Bingen Zupiriak Berrian Garikoitz Goikoetxeak egindako elkarrizketan. Kulturaz eta euskal munduaz galdetuta zioen Kultura sailburuak, zera: “Badago gure herrian bere burua elite kulturaltzat daukan giza mugimendu bat euskararekin eta euskaraz sortutako kulturarekin batere harremanik ez daukana eta mundu horri bizkar emanda bizi dena. Inolako problemarik gabe. Gero euskaldunok gaude, eta badaukagu gertatzen denaren berri. Urrutirago joanda, aldaketa izugarria gertatzen ari da kultura transmititzeko moduetan. Horrek izugarrizko eragina du kultur kontsumoan”.

Euskal Telebista, bere buruarekin lehian?Euskal Telebista etorri zait gogora niri: ETB1 eta ETB2 programazio erabat berezituak dituzten telebista elebakar publiko biak. Euskaraz sortu zen telebista publikoa bi kanaletan banatzeko erabakia hartu zenean, tartaren banaketa hartan, ETB1i tokatu zitzaion euskara eta euskal kultura sustatzea; gainerakoa, “gauza inportanteak”, gaztelaniaz emititzea erabaki zuten. Eta, espainolez esaten den bezala: “De aquellos polvos vienen estos lodos”.

Izan ere, zer egiten du Euskal Telebistak euskarazko kanalean emititzen duen programazioaren berri izan dezaten bigarren kanaleko ikus-entzuleek? Erakusten ote da gaztelaniazko kanalean ETB1en erakutsiko dena? Badaki akaso zer galtzen duen “euskaraz sortutako kulturarekin batere harremanik ez daukan eta mundu horri bizkar emanda bizi den” horrek?

Galdera beste batera eginez: zergatik ez erakutsi, propaganda egin, saldu, euskara ez dakiten horiei ere, euskaraz emititzen den programazioa? Euskaraz sortzen den edukia?

ETB2n euskarazko kanalaren promozioak erakusteagatik ez dira ETB1en audientzia datuak hobetuko. Edo, agian, bai! Izan ere, ETBren estrategia arduradun Andoni Aranburuk aitortu zuenez, Durangoko Azokan, “ETB1ek eta ETB2k lehia puntua dute”. Ez zuen zehaztu, ordea, lehia, izatekotan, euskal hiztunengatik dela. Eta, agian, hori ez da interesantea audientziari eusteko ETB2ren estrategiatik. Batek daki.

(Mahai-inguruan, 50:04 segunduan)

Euskal Telebista, bere buruarekin lehian Euskal Telebista, bere buruarekin lehian
Euskal Telebista, bere buruarekin lehian

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.