BerbaTek: hizkuntza-, ahots-, eta multimedia-teknologiak praktikan

BerbaTekBerbaTek ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkeztu dira gaur Usurbilen, Elhuyar Fundazioaren egoitzan egindako ekitaldian. VICOMTECH-IK4 teknologia-zentroak, TECNALIA Research and Innovation Fundazioak, UPV/EHUko Aholab eta IXA taldeek eta Elhuyar Fundazioak osatutako partzuergoak egin du ikerketa, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo eta Kultura sailen laguntzarekin. Eragile horiek hizkuntza-teknologiak ikertzen eta garatzen jardun dute 2009 eta 2011 bitartean, hizkuntza-industrien alorrean erabilera praktikoa izango duten aplikazioetan indarra jarriz. Izan ere, hizkuntza-industrien euskarri teknologikoa bilakatzeko bokazioa du BerbaTek proiektuak.

Horrenbestez, ikerketa-lanari erabilera praktikoa ematea, batik bat hizkuntza-industrien alorrean, izan da hasieratik ikertzaileen helburu nagusietariko bat. Ahalegin horren erakusgarri, demo bana aurkeztu dute gaur industria horretako hiru azpisektoreentzat: batetik, edukien sektorearentzat, bilatzaile semantiko multimedia baten demoa; bigarrenik, itzulpenen sektorerako, dokumentalen bikoizketa automatikorako demoa; eta, azkenik, irakaskuntza sektorearentzat, tutore pertsonal baten demoa.

Bilatzaile semantiko multimediak Elhuyarrek eta IXA Taldeak eraikitako zientzia eta teknologiako WNTerm ontologia espezializatua du oinarri; hau da, kontzeptuak semantikoki lotzen dituen sarea. Elhuyar Fundazioak sortutako edukien gainean egiten ditu bilaketak, eta, Tecnaliak garatutako teknologiaren bidez, termino bat bilatzen denean, ontologian oinarritu eta termino horren sinonimoak, azpiklaseak eta superklaseak ere bila ditzake. Aldiz, emaitza irudi bat bada, antzeko irudiak ematen ditu, Vicomtech-IK4ren teknologian oinarrituta.

Filmak automatikoki bikoiztea oraingoz erronka zaila bada ere, bikoizketa automatikoaren demoak egoki egiten du lan ezaugarri zehatzeko dokumentalekin: hizlari bakarra dagoenean eta ezpainen mugimenduarekin koordinatzea ezinbestekoa ez denean. Gaztelaniazko dokumental bat eta haren transkripzioa izanik, Vicomtech-IK4ren denbora-lerrokatze automatikoaren teknologiaren bidez, azpititulu-fitxategi bat sortzen da. Gero, IXA Taldearen Matxin itzultzaile automatikoak euskarara itzultzen ditu azpititulu horiek, eta Aholab-en testu-ahots bihurketa-teknologiak euskarazko ahots sinkronizatua sortzen du. Demo horrek arrakastaz funtzionatu du Elhuyarren, Teknopolis telebista-saioko hizlari bakarreko atalekin.

Hizkuntzak irakasteko tutore pertsonalari dagokionez, emozioak adieraz ditzakeen 3Dko pertsonaia bat da, Vicomtech-IK4k garatutakoa. Euskaraz hitz egiten du, eta euskaraz esaten zaiona ulertzeko gai da, Aholab-en teknologiari esker. Horrela, IXAren teknologiaren bidez automatikoki sortutako gramatika-ariketak edo ulermen-ariketak egiten lagundu diezaguke. Gainera, Aholab-en teknologia baliatuta, gure ahoskera ebaluatzen du. Azkenik, idazten ere lagundu gaitzake (hiztegiak kontsultatzea ahalbidetzen du, hitzak nola deklinatzen diren eta zenbakiak nola idazten diren esan…), IXA eta Elhuyarren teknologiaren bidez.

BerbaTek proiektuaren aurretik, 5 eragileek osatutako partzuergoak Anhitz proiektua garatu zuen 2006 eta 2008 artean, eta zientzia-aditu birtual baten demoa garatu zuten. 2002-2004 aldian, berriz, Hizking XXI proiektua garatu zuten.

Horren guztiaren berri eman dute gaurko ekitaldian Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioaren zuzendari nagusiak, Edorta Larrauri Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia zuzendariak, BegoƱa Muruaga Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Igor Leturia Elhuyar Fundazioaren I+G unitateko arduradun eta BerbaTek proiektuaren koordinatzaileak.

www.berbatek.com
www.berbatek.com/eu/demoak
www.berbatek.com/eu/aplikazioak

Berbatek-i buruz www.zientzia.net webgunean artikulua (euskaraz)

Informazio gehiago behar izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:

Amaia Mendizabal
Marketin Saila
Elhuyar Fundazioa
tel.: 943 36 30 40
amaiam@elhuyar.com
www.elhuyar.org

Gizartearen hainbat esparrutan, eraikuntza kolektiboan lan eginez, hobekuntza lortzeko zerbitzuak eskaintzen dituen aholkularitza gara. Parte-hartzean eta berdintasunean oinarrituta egiten dugu lan, eta hizkuntza gutxituei tratamendu egokia eskaintzen diegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude