Benetako Altsasu

Benetako Altsasu

“Ez gaude konforme hedabide batzuk eman duten Altsasuko herriaren irudiarekin”. Asko izango dira esaldi honekin ados diren altsasuarrak, horixe baita egunotako kexua Sakana partean. Alta, ez dira herriko alkatearen adierazpenak, Nafarroako txapelokerren arduradun nagusiarenak baino, Javier Hernándezenak; “Guardia Zibila ez da bereziki deseroso sentitzen Altsasun”, gehitu du koronelak.

.

Eitb.eus atarian aurkitu ditugu militarraren esanak, eta Twitter-en, hauei emandako erantzuna:

Altsasuarrak beraien herrian eroso bizi ote diren jakin nahian, Guardia Zibilaren Nafarroako buruarekin bat egiten duen Info 7 irratiak Iortia Kultur Etxetik emitituko du Kalegorria Magazinaren “Benetako Altsasu” saioa gaur, goizeko 8.00etan hasita, Eider Olazar eta Jonmikel Fernandez gidari eta Oinatz Aizpurua herrian gora eta behera dabilela.

.

Elkartasuna

Benetako Altsasu
Argazkia, info7.naiz.eus-etik (Jaizki Fontaneda/Argazki Press)

“Azken asteetan Altsasuko herria  albiste izan da han eta hemen. Gaueko ordu txikitan Guardia Zibilarekin izandako ostatuko-liskarrak 7 gazte espetxera bidaltzeaz gain, gorroto eta beldurrean oinarritutako Altsasuri buruzko irudia zabaldu dute hainbat hedabidek. Irudi faltsu horri  buelta emateko helburuarekin, eta batez ere Altsasuko herriari eta altsasuarrei elkartasuna adierazteko helburuarekin, Kalegorrian berezia egingo dugu Altsasun bertan”, diote Info7 irratitik.

Goiz osoan zehar hainbat sakandar pasako dira irratiko mikrofonoetatik, udaletxeko politikarien arteko tertuliarekin hasita: Altsasuko alkate Javier Ollo (Geroa Bai), Arantza Bengoetxea (EHBildu) eta Virginia Alonso (Podemos) zinegotziak. Atxilotuak izan diren gazteen senideen bizipenak ere bilduko ditezte, Koldo Arnaz eta Antton Ramirez de Alda aiten lekukotzarekin. Eta Hamaika TB, Guaixe, Hitzondo eta Diario de Noticias hedabideetan lanean ari diren altsasuar kazetarien eskutik ere egingo dute gertatutakoaren analisia.

Hitzordua bestelako gaiak ezagutzeko ere baliatuko dute. Altsasun eta Sakanan krisiak gogor jo duela-eta, Garapen agentziako Iker Manterolarekin, LAB sindikatuko Gaizka Uharterekin eta Altsasuko Komertziante Elkarteko Elena Aldasororekin hitz egingo dute, aurrera egiteko planak ezagutze aldera.
Herriko historiaz hitz egingo dute Iosu Imazekin, eta kultura zein ohitura zaharrez Enrique Zelaia soinu jolearekin. Burundako euskalkia galtzearen mehatxuaren aurrean, taldetxo bat elkartu eta Altsasu inguruko gazte batzuk euskalkia ikasten ari direla-eta, Saioa Larraza gonbidatuko dute irratian hitz egitera, eta ia hiru hamarkada bete dituen Altsasuko gaztetxeak ere izango du uhinetan tartea; herriko mugimendu feministako kideek bezala, Emakumeen Kontrako Biolentziaren Aurkako eguna baita azaroaren 25a.

Zuzenean entzun

Benetako Altsasu
altsasu, guardia zibila, info7

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude