Beldurrak disimulatzen

Beldurrak disimulatzenBeldurrak disimulatzen… Ez da erraza nork bere konplexuak gainditzea, orri txurien panikoa irenstea, norbaitek irakurri nahiko lukeen zerbait kontatzeko daukazula sinestea. Ordenagailu aurrean jarri eta ahalduntzea, idaztea. Pentsatzen dut gainerako lekuetan ere berdin gertatuko dela. Ez da erraza izan behar oholtzara igo eta errimatzea, gitarra bati soinua ateratzea, antzeztea, ustez zure gainetik dagoen nagusiarekin biltzea, ileak txukuntzea, txofer ibiltzea… Nik neuretik badut nahi beste zailtasun, zin dagizuet.

Oinarri sendoenak ere dardaraka jar daitezke kritika destruktiboen aurrean. Txikitu zaitzake handi usteko batek puztuta datorrenean. Sarri, zalantzak eta beldurrak izaten ditugu oinarri proiektuak abiatzean, lan berriekin hastean, ebaluatuak izatean, erabakiak hartzean. Beldurren konnotazio negatibo oro ez da zilegi, beldurrak beti ere norberarenak eta bakarrik norberarenak direnean balio izaten dute hasteko eta ikasteko, behinik behin. Ni neu txiki sentitu izan naizenetan handitu izan naiz gehien. Txiki sentitzeak berak, zure tamainaz jabetzen laguntzen baitizu eta non zauden –edo non sentitzen zaren– jakitea ezinbestekoa da joan nahi duzun tokira abiatzeko.

Eta orain norbaitek galdetuko du zer dela eta datorren gogoeta hau: Orain egun batzuk kalean nindoala (super)ama horietako bat ikusi nuen umeari beldurrik ez edukitzeko agintzen. Umea negar batean zegoen kalearen bazter batean mozorrotua ikusi zuen pailazo izueragile itxurako gizon bati begira. Egia esan, neuri ere dezenteko inpresioa egin zidan, ez nuen umeak legez negar egin (ziurki neuri ere erakutsi zidatelako ez naizela beldurtu behar), dena den, nik ez nuen ez beldurtzen ikasi; disimulatzen bai.

Pertsona seguruak izaten jakin behar omen dugu, edo hala garela disimulatu behintzat, nahiz eta, intseguritate zakuak garen. Txakurrek beldurtzen gaituzte, pailazoek, armiarmek, beldurrezko filmeek, galtzeek, aurkitzeek, buruhandiek, handiek, txikiek… geure buruak beldurtzen gaitu eta besteek ere beldurtzen gaituzte. Beldurrak ezabatzea akats bat dela esatera ausartuko nintzateke, bereziki, zeureak eta zeurekiko dituzunak direnean.

Beldurrak disimulatzen