Bejondeizula, Santi Potros!

Bejondeizula, Santi Potros! –

Gaurgero ez ginen oroitzen. Ahaztua genuen. Baina, badaezpada ere, berriz ere gogorarazi digu Sortuko Idazkari Nagusiak, ohi bezain bihotz-zabal, noren graziari zor diogun gure bizia. Ez dezagun inork ahantzi gu salbatzera etorritako goiaingeruek, herriz herri ostiraleroko prozesioetan musika epiko-malenkoniatsu baten baitan zerurantz goititzen dituzten estandarteetan agertzen diren horiexek, barkatu digutela bizia bekatarioi, Satanen seme-alaboi. Ondo oroit gaitezen ongiaren aldean dagoen jendeak aurresku, lore-sorta, muxu eta txaloz ospatzen duela haien zerutikako etorrera. Ongi etorri gure santu martiriak. Maite zaituztegu.

Bat edo beste galdu antzean badabil, ez baldin badu Santi Potros gure heroi onberaren berri, badu jakiteko garaia; hain ontasun gorenak gauzatu dituena ahanztea ez baitaiteke gerta. Jakina denez, Euskal Herri askeago eta sozialistago bat eraikitzeko ezinbesteko aurrerapausoak eman baitzituen. Bada Santiago Arrozpide goiaingeruak, Santi Potros goitizenez ezagutua —ausartena izatea ahalbidetzen zion testosteronaz bor-bor puztutako bi barrabiltzar zituelako, ulertzen da—, 33 hildako bidali zituen infernuetan erretzera. Besteak beste, eta Arkaitz Rodriguezen gozamenerako, Erakunde ahalguztidunaren ekintza odoltsuena gauzatuz: Hipercorko atentatua, 21 hildako eta 45 zauriturekin. Denak zibilak, Gernikan 37an bezala. Nahiz duela gutxi Otegi jaun txit gorenak —hurbilekoentzat Nelson Mandela— haren erruki zintzoa adierazi hildakoak jende langilea zirelako, zeren bestela, agidanez, zoriontasunez blai hondartzara joango zen eguzkia hartzera, axolagabeki, Miguel Angel Blanco tiro batez akabatu behar zuten egunean egin bezala. Zein polita den bizitza.

Bejondeizula, Santi Potros!
Arkaitz Rodriguez, Sortuko Idazkari Nagusia, haren beste idolo bat besarkatzen, Kubati goiaingerua, Yoyes traidorea infernuetara bidali zuena.

Tweet-ean beha daitekeenagatik denok imajinatzen ahal dugu Rodriguez jauna Santi Potrosi bizkarrean kolpetxoak ematen, “lan ona, Santi, lan ona” esaka, Vito Corleone-ren bozarekin. Hunkigarria zinez.

Zergatik zoriontzen duen, aitzitik, zail da esaten. Aldaera zenbait izaten ahal ditu. Izan daiteke “bejondeizula faxista zikin horiek guziak akabatzeagatik, orain Euskal Herri garbiago batean bizi gara”. Edo “bejondeizula ekintzarik odoltsuena egiteagatik, zirraragarriak ziren hildakoetatik jarioka ateratzen ziren odol zurrustak”. Edo “bejondeizula txapeldun, jende gehien garbitu dutenen rankingean oso goian zaude”. Edo “bejondeizula kartzela zuloan 31 urte iragaiteagatik, zu bai zu egiazko euskalduna; miresgarria zinez”. Edo “bejondeizula Rufi, Permach eta kuadrilla koldar puta hori guzia egitera ausartu ez zena egitera ausartzeagatik”. Edo “bejondeizula kartzelan 31 urte luze eta bidegabe emateagatik, zergatik eta bakarrik 33 hilketa soil gauzatu izanagatik; zu bezalako preso politikoak existitzea hain da bidegabea! Llibertat presos polítics!”. Eta abar, eta abar.

Egia esanez, estanpa zoragarria da: Rodriguez haren akolitoa olio bedeinkatuarekin gantzutzen, Martín Villak Billy el Niñori domina ezarri zion modu bertsuan. Are zoragarriagoa ikustea, tweet pare bat beheitiago, retweet gisara, Permach aingerutarra, Oldartzen ponentzia bakezalearen sustatzaileetako bat, giza-eskubideak sutsuki defendatzen. Beti beti beti egin duen bezalaxe. Bai jauna.

Gaixoak gu, bekatariok, beti okerreko bandoan.

Bejondeizula, Santi Potros!

8 pentsamendu “Bejondeizula, Santi Potros!”-ri buruz

  • Aitor Gonzalez 2018-08-08 17:37

    Kontuz Mikel, Auzitegi Nazionalak ez du eta ironia ezberdintzen. 2018an era librean iritzia eman ahal dutenak alde batekoak dira, edonor gartzelara bidali ahal dutenak baita ere eta bortxakeria (legala) erabili ahal dutenak ere bai. Alfredo Remirez askatu!

  • Okerrena da egia besterik esaten ez duela…

    Arkaitz Rodriguezena ez da normala izan ere. Berea bai inpunitatea!!!!

  • Pixkat nazkagarriak egiten zaizkit Mikel Aralarkoren testuak. Txarrak, merkeak eta oso kalitate kutrekoak dira. Perfil horren atzean ze friki dagoen jakitea gustatuko litzaidake, sabinetxeko txotxongillo bat edo.

    Penagarri

  • Ze urduri jartzen diren ezker abertzaleko monagilloak egiak azalerazten hasten direnean…. Batzuren memoria ze pobrea den.
    Eta eskerrak Mikel Aralarko bezelakoak gelditzen zaizkigun oraindik, zeren Zuhaitz Ordoki, Beñat Hach Embarek eta enparauen betiko erretolika irakurtzea hain da aspergarria…… Haize fresko gutxi honek ZuZeu-ren izen ona mantentzen segitzen duela esatea oso justua da. Beste medioen zentsura hemen ez da gertatzen, eta horregatik poztu beharko genuke. Euskaldunak ez baigara denok antikapitalista rastafari vegano batzuk. Eta gaitzerdi!
    Eskerrik asko Mikel Aralarko, eta eskerrik asko ZuZeu!!¡!¡!

  • Ze kaka mokordo kirastuna artikulu nazkante hau… Hasten zaigu bere erretolika zerutiarraz parodia eginaz (zuk idatzitakoak gertu sentituko dituzu baina hitz zuri horiek jesuiten diskurtso hipokritak besterik ez didate gogorarazten). Eta ondoren hiperkorreko AVTren errelatoa errepikatzen digu far algarak egin ditzagun, nahitaz ahatuaz erakundeak (artikuluan deritzon moduan) zenbait abixu eman zituela. Enpin oraindik bada jende euskalduna Barack Kurkullurenean. Animo

  • Aiii Xabier!! Nola antzematen zaizun urduritasuna!
    Zure sinismenak desegin al dituzte??
    Zer esan behar diguzu? Zure Otegitxok esandako erretolika? Hipercorrekoa ETAren abisutxo bat izan zela eta errua berez poliziarena dela? Ez dakit zein den hobea, “AVTren errelatoa” ala ETArena. Kontua da 21 gizarajo lurpean daudela eta gure Santi Arkaitz Rodriguezekin batera saltoka.
    A ze pantomima zuena! Ez dakizue zer gehio egin sinesgarria ez den hori siñisten segitzeko! Jesuitak baino sinesdunagoak, bai horixe!

  • Maixabel Aristi 2018-08-09 22:38

    Arrozpide jaunak ondo merezita dauzka kartzelan eman dituen urte guztiak. Inork ezin ditzake guda krimenak burutu eta zigorgabe geratu.

  • Eztakazue potroik hoi Bilboko txosnetan Tony (Old-garden)ek tiratako zerbeza katxi pare batekin eztabaidatzeko. Ta bitartian euskara galtzen… aupa el futbol!