Behin Bilbora joan eta ebakia euskaraz eskatu nuen

Behin Bilbora joan eta ebakia euskaraz eskatu nuen –

Halako batean iritsi naiz Bilbora. Automobila erdialdeko parking batean utzi, eta hantxe noa kalez kale hitzaldi batera.

Kalean nagoela, 15-16 urteko 30 gazte inguru ikusi ditut, eta haietako batzuk euskaraz ari dira. Goizeko hamaikak dira. Irteera batean daude? Ziurrenik bai.

Kale batzuk beherago gizonezko bat pasa da nire ondotik, telefonoz hizketan. Hura ere euskaraz ari da.

Denda batera sartu naiz, eta euskaraz mintzatu naiz. Dendariak euskaraz erantzun dit.

Denda multinazional baten erakusleihoan euskarazko eta ingelesezko kartel hau ikusi dut:

Behin Bilbora joan eta ebakia euskaraz eskatu nuen
Erakusleihoan ez dago beste kartelik.

Halako batean, iritsi naiz hitzaldiaren tokira, eta konturatu naiz oraindik 20 minutu falta direla hasteko. Kafetxoa? Zergatik ez? On egingo dit, eta badut denbora.

Agian, Bilboko kaleetan entzundakoagatik… Agian, dendan euskaraz jarduteko inolako oztoporik izan ez dudalako…. Agian, egun horretan “oso euskaldun” sentitzen naizelako… Auskalo zergatik, baina tabernako zerbitzari batengana jo eta euskaraz eskatu dut kafea.

– Egun on. Ebaki bat, mesedez.

Zerbitzaria begira geratu zait. Akaso ez dit entzun.

– Ebaki bat, mesedez.

– ¿Quéeeeeeeeeeeee?

– Ebaki bat, mesedez.

Berriro ere isilik geratu zait begira.

Kortaua.

Buelta eman eta kafea prestatzen hasi da. Ulertu dit! Segituan ebakia ekarri dit. Normalean, zerbitzatu bezain pronto ordaintzeko ohitura dut, baina ordaintzea gerorako utzi dut. Auskalo zergatik!

Hortxe egon naiz, mahai baten ondoan eserita, telefonoan Twitterreko txioak irakurtzen-eta denborapasan.

Iritsi da hitzaldira joateko ordua, eta alferkeria pittin batez altxa eta barrara joan naiz ordaintzera, baina… Ostras! Diru zorroa automobilean utzi dut! Ez dut dirurik. Galanta egin dut!

Nola esan nirekin “hain lehorra” izan den zerbitzariari dirurik gabe nagoela? Hasteko, hobe gaztelaniaz…

Esan diot dirurik ez dudala (gaztelaniaz), eta axolagabe begiratu dit (mutu). Gero etorri eta ordainduko diodala esan diot (gaztelaniaz). Behiak trenari bezala begiratu dit (mutu). Ez du gaizki hartu, behintzat (mutu).

Hitzaldira joan, gertatutakoa lankide bati azaldu eta lankideak dirua eman dit nire zorrak ordaintzeko. Eskerrik asko, Maialen!

Hitzalditik atera eta tabernara joan naiz zorrak kitatzera. Bi ordu eta erdi inguru pasa dira kafea hartu dudanetik.

Tabernara sartu eta ez dut ikusi kafea atera didan zerbitzaria. Beste bati “bota” diot gertatutakoa (gaztelaniaz): Kafea zorretan utzi dudala goizean, orain ordaintzera natorrela, barkatzeko, zenbat den kafea… Honek ere behiak trenari bezala…

– No me han dicho nada.

Segundo pare batean elkarri begira egon gara, harik eta beste zerbitzari bat etorri eta hau esan duen arte:

– Sí. Ya me ha dicho Alberto* que un vasco ha dejado un café a deber.

Eta nik, basko honek, euro bat eta hogeita hamar zentimo atera eta ordaindu egin dut. “Agur” esan eta alde egin dut.

Bilboko taberna batean “baskoa” naiz ebakia euskaraz eskatu dudalako?

.

*Ez da zerbitzariaren benetako izena.

www.katxonderstan.eus

Behin Bilbora joan eta ebakia euskaraz eskatu nuen

Tximua naiz, eta Katxonderstango basoetan bizi naiz, ikasitakoa desikasten. Noizean behin Oiartzun Irratira egiten dut bisita, eta, azkenaldian, Barretartian ere sartu dut burua. Zuentzat guztiontzat mezu bat dut: agur eta umore!

10 pentsamendu “Behin Bilbora joan eta ebakia euskaraz eskatu nuen”-ri buruz

  • Nafarroan vasco beti euskaldunaren sinonimotzat hartu izan da.

  • Cantabriaco Berangan, nire jaiotherrian, familia euscaldun bat vici içan cen guerra ostean ethorritacoac. Haien seme batequin, sei urtheco cela ethorri cenean, neuc euscaraz eguin dut behin baino guehiagotan. Duela cembait urthe hil cen 80 bat urthe ceduzcala.
    Los vascos modura eçagunac ciren, euscaldunac cirelacotz, euscaraz verba eguiten çutelacotz, aleguia.

  • euskaldunbat 2019-12-02 16:40

    Nik ez dut ezer arraro ikusten. Euskaldun = vasco.

    Euskal Herrian espainolez edo frantsesez bizi direnak, espainol edo frantsesak dira, eta Euskaraz bizi garenok, euskaldunak.

  • Aitona-amonen artean ETB1 beti izan da “la vasca” (Araban).
    Belaunaldi berriek (eta ez hain berriek -60 urte ingurukoek ere-) “ETB uno” diote.
    Espero dut gaurko haurrek “ETB bat” esatea.

  • Balmasedan, duela cembait hilabethe, Taberna El Vasco iceneco bar bat ikussi nuen. Supposatzen dut euscalduna datequeela jabea.

  • Ez dakit, urgentziazkoa den konpontzea -nik baietz uste- baina herri honetan, izugarrizko anabasa dugu sinboloekin, Euskadi-Nafarroa-Euskal Herria, vasco, vascuence, euskara eta abarrekin

  • Euskalduna “baskoarekin” identifikatzea ez da nagusitzen ari zaiguna. Horregatik nire harridura. Argitzearren.

  • euskaldun bat 2019-12-02 22:29

    A, nahasmas hori Nafarroan inon baino gehiago duzue. Eta horri gehitu zona euskalduna, zona mixta eta zona ez euskalduna. Aiiii…

  • Nire amaren familia Arabako Lautadako 30 biztanle dituen herri txiki bateakoa da, eta udaro, aspalditik, hara doan Oñatiko familia euskaldunari “los vascos” deitzen diote, eta haien baserriari “la de los vascos”.

  • Iepa,

    Euskalduna= “vascoparlante” ez ote?
    Euskal Herritarra= “ciudadan@ vasc@?”
    Baskoa izatea ze ote?
    Akaso liatuta ni?

    Agur bat