Begi ttiki horiek

Ez dakit jakingo duzuenez, baina joan den Ostiralean ‘Altzoko Handia, Opera Txikia’ estreinatu zen Donostiako San Telmo Museoan. Nik banuen zer edo zer irakurria horren inguruan, baina atentzio handiegirik jarri gabe, beraz, gaiari buruz askorik ez nekien emanaldia bati argazkiak ateratzera joatea tokatu zitzaidan.
Ez nekien testua kronika, erreportai edo kontzertuaren kritika moduan idatzia joango zen, baina ez dut uste asko axola duenik, berez horiek idatzizko generoak baitira, ez argazki sailkapenak. Argazkiarentzako, niri, karga alde ilustratiboan ala dokumentalean jarri behar diodan eta argazki bat, bi edo hiru argitaratuko diren da axola zaidana. Horren inguruko argibide gehiegirik ere ez nuen, non eta zer izango zen neukan argituta, beraz beti egin ohi dudana egin nuen, hasi baino lehentxoago bertaratu, ahal nuenari aurre hartzen saiatu, so egin, ikusi, entzun, sentitu eta horri argazkiak atera, ahal dudan moduan hori argazkietan islatzen saiatu.

Museoko elizara sartu eta bertan topatutakoa aztertu nuen: espazio handi ilun bat, oholtza soil bat eta jendearentzako aulkiak, jada betetzen hasiak zirenak. Oholtzan, atzeko aldean, aulki zuriz osatutako bi ilara zeuden, eta beraien aurrean aulki beltzez eta atrilez beteriko beste ilara parea. Ez zegoen dekoratu edo apaingarririk, oholtza gainean antzezteko espaziorik ere ez, beraz taularatzea estatikoa, soila izango zela ondorioztatu nuen: abesbatzako haurrak, musikariak eta pertsonai ezberdinak errezitatuko zituztenak geldirik izango ziren jendearen aurrean, eta jendea beraiei begira.

Atzera begiratu eta elizako koroa ikusi nuen. Argazki orokorrak eta oholtzan zegoenari argazkiak ateratzeko tokirik egokiena hura izango zela ebatsi eta bertara jo nuen.

Hasi zen emanaldia eta argazki gutxi batzuk egin nituen, dena ikusten nuen atalaia hartatik: espazio ilun, beltz, zabal baten erdian zegoen oholtza argiztatuari KLIK, zooma hurbildu eta musikari eta kantariak bakarrik hartzen zituen enkuadreari KLIK; azkenik zuzendaria eta bospasei musikari bakarrik ikusteko moduan telea sartu eta KLIK. Bost bat minutu geratu nintzen goian, ikusten eta entzuten, baina hark ez zuen gehiagorako ematen. Musikak harritu ninduen. Haurrentzako izanagatik, tentsio handia zuen musika iruditu zitzaidan, eta ikusle artean ziren haur gutxi haiek nola izango ote ziren imajinatu nuen. Behera jaitsi eta zerbait gehiago egien saiatu nintzen. Oholtzak ez zuen ezer ezberdinik eskaintzen eta gainera, jendeari trabarik egin gabe jarduteko modu bakarra hertzetatik argazkiak ateratzea zen eta horrek ez zuen konposizio egokirik eskaintzen.

Belarritatik sartzen zitzaidan musikak eta errezitatutako hitzek tentsioan mantentzen nindutela konturatuta, ikusleei eta batez ere ikusleen artean zeuden haurrei kasu egitea otu zitzaidan. Gutxi batzuk aspertuta ziruditen, baina gehienak erabat murgilduta zeuden. Tentsio ikaragarri hark irentsi izan balitu bezala, beldurrez begira, jakin minez beteta, begiak zabal zabalik… argazkia han zegoen, dudarik gabe. Umeen aurpegiak argitzen zituen argi bakarra oholtzatik bueltan zetorrena izanik, 50 mm-ko objektiboa jarri nuen, diafragma f 2ra ireki eta ahalik eta argi gehienaz baliatzeko. ISOa 3.200era igo eta 1/20 segundoko abiadura jarri nion kamerari. Umeak aztertzen hasi nintzen, banaka, zeinek ze aurpegi jartzen zuen, inguruan zein zuen… Arnasa hartu eta poliki-poliki argazkiak ateratzen hasi nintzen KLIK, KLIK, nik ikusten nien tentsio hori argazki batera ekartzeko gogoz. Hamar bat argazki atera nituen, fokua haur desberdinetan jarrita, kamera gorde eta atera egin nintzen.

Etxerako bidean, nigandik zer espero zuten eta nik zer eskaini nahi nuen aurreikusita, sare sozialetan galdera bota nuen: ‘Haurrentzako opera bat kubritzera joan eta argazkia non dago: oholtzan edo ikusle gaztetxoetan? Zergatik?’

Etxera etorri, argazkiak behatu eta berehala erabaki nuen zein nahi nuen: begi horiek harrapatu ninduten, begi ttiki horiek.

 

 

argazkia, begiak, haurrak

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

Zer duzu buruan “Begi ttiki horiek”-ri buruz