Batzarren Errepublika

Batzarren Errepublika

MAIRUBARATZA2 - Batzarren Errepublika

BATZARREN ERREPUBLIKA

.

Iragan den igandean, ohi bezala, Baigorrin, mugaz gaindiko “Nafarroaren Eguna” ospatu zuten. Ekitaldi horrek mugaren gainetik aspalditik egiten den beste topaketa bat gogorazi dit.

1556. urtea, Carlos V enperadorea abdikazioa prestatzen, Yustera joatekotan; Felipe II agintea hartzeko gertu. Mundua menperatzea amesten zuten bi pertsonai hauek horrelakoetan zebiltzalarik, Pirinioetako bazter batean, garazitarrak eta aezkoatarrak “aintzinako ohiturari helduz” Azpegin elkartu omen ziren. Bertan dagoen mairubaratzaren inguruan, Errozate mendiari begira, bizilagunak eta adiskideak izaten jarraituko zutela zin egin zuten.

Enperadoearen korteko gertakizun historiko horien aitzinean, xumea ematen du Azpegiko itunak. Beste begiez ikusita, berriz, garrantzi itzela zuen keinu sinboliko, soziokultural eta politikoa zela esan genezake.

Nafarroako konkistan, Garazi ere okupatu zuten; urte batzuen buruan, Carlos enperadoreak Baxe Nafarroa bere agintetik at utzi zuen. Hortaz, Pirinioetako bi isurialdeetako euskaldunak ofizialki banandurik geratu ziren. Urte horietan Trentoko Kontzilioaren saioak egiten ari ziren, sorgiñen aurkako auziak aurki hasiko ziren, Berpizkundearen garaia zen, Aro Modernoaren hastapena, erligio-gerren sasoia…

Une hartan, euskalki bera mintzo ziren garazitar eta aezkoatarrak nagusi arrotzek ezarri nahi zuten mugari muzin egin zioten. Gerraren logikari uko eginez, lurralde komunalak erabiltzen jarraitzeko akordioa. Gatazkak batzarrean konponduko zituztela konpromisoa berretsi zuten.

Eskualde horretan auzia ez zen berria, ez zen-eta erregeek lur komunalak lapurtzeko egiten zuten lehendabiziko ahalegina. Aspalditik, Iruñeako erregeek ere Erromako Aita Santuaren esanetara zeuden hospitalario eta beste talde erligisoei oparitu nahi izan zizkieten aezkoatar eta beste askoren lurrak.

Aezkoatarrek, garazitarrek, baztandarrek, zuberotarrek, oiartzuarrek… euskal lurraldeetako herritar askok ez zuten onartzen erregeen lur-gosea, eta tinko, lur komunalen jabetzari eta jatorrizko antolaketa juridikoari eutsi zizkioten.

Egun, oraindik, mendi magaletan, garazitar eta aezkotarren behorrek, ardiek eta behiek bazka aurkitzen dute Estatuek inposaturiko mugen gainetik.

Arestian nioen moduan, Aro Modernoaren hasieran berretsi zen itun hura. Antzeko hitzarmenak egin ziren, gutxienez, beste dozena bat lekutan. Ezagunena, asko lehenagotik badatorren ere, “hiru behien zerga”. Bertan, “pax avant” leloa erabili ohi zen. Izan ere, bakearen aldeko aldarrikapena herri xumearen nahia izan da, jauntxo, jainko gerlari, lapur eta errege odolzale guztien aurka.

Aro Modernoaren hastapen hartan, zenbait euskal lurraldek aintzineko ohituren interpretazioan aurkitu zuten babesleku eta jarraibide. Aro Planetarioaren hasiera honetan, egungo euskal herritarrok ere, irizpide zentifiko eta ideologiko berritzaileen laguntzaz, behar berrietara egokituz, aintzineko gertaeratan eta jarreratan jarraibide aurkitu dezakegulakoan nago.

Historiaren hamaika interpretazio dago, gertaerak ikusteko hamaika begirada. Ikusleak aukeratzen du arreta non jarri eta lupa nora bideratu. Nire kasuan, bataila, erregeen eta apezpikuen gorabeherak baino, herri xumearen kezkak, erantzunak, beharrak eta jarrerak interesatzen zaizkit eta lupa haruntza jartzea proposatzen dizuet. Berriz ere, gertaera planetario, ekonomiko, erlijioso eta kulturalak herri xumearen kalterako gertatzen ari direlako.

Nire lupa interesatuak, ezin ukatu, garazitar eta aezkoatarren arteko itun horretan desobedientzia ekintza bat erakusten dit. Euskaldun horiek , hizkuntzari eutsiz, ohiturei helduz, euren arbasoen lurraldetan, sinesmen paganoen ikurren altzoan, Carlos enperadorearen agiteari aurre egin zioten, bakea aldarrikatuz, lur komunalen denfentsan, muga artifizila birrinduz eta komunitatearen biziraupena bermatuz.

XXI.mendeko euskal herritarrok ere, antzeko atakan gaude. Agintari berriak ez dira erregeak edota praileak; bankariak, trasnazionalak eta euren esanetara dauden politikari ustelak baizik. Aro Modernoaren hasieran, Eliza katolikoak eta erregeek komunitateen elkartasun sareak hautsi nahi izan zituzten, ekonomia monetarizatzeko, gazteak gerretara eramateko eta gizakia uniformizatzen nagusien zerbitzuan herritarrek bizia gal zezaten. Aro Planetarioan, jauntxo berriek, diru-trafikanteek , lehen bezala, elkartasun sare guztiak txikitu nahi dituzte, gure bizia “merkatuen behaerrei” eskeintzeko.

Aintzinean lez, orain ere, euskal herritarrok, herritar talde guztiok, desobedientziaz erantzun behar diogu logika gaizto berriari, bizipoza berreskuratzen, gure etorkizunaren jabe izanik, komunitateak trinkotzen, gertuko eremua antolatzen eta jendarte sareak zabaltzen.

Errealitatea interpretatzeko tresna berriak ditugu, gizakiak aurreko mendeetan guztietan pilatu duen jakinduria eskura dugu. Berria eta zaharra erabiliz, modernoenaz eta sakonenaz baliatuz, alternatibak eraikitzeko gai izan gaitezke. Gure aurrekoek mendi lepoetan eta zuhaitzen gerizpean burutzen zituzten batzarretan aurkitu zuten erresitentziagune; guk herriko plazan, auzoko frontoian, kalean, jarraitu behar dugu beste mundu posiblea egiten, beste Euskal Herria posiblea berasmatzen, batzarren errepublika sortzen.

Batzarren Errepublika
Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude