Batiste Ezeiza: “Ekaitzak asko irakatsi digu eta mugimendua indartuta atera da”

Piratak2

Testua: Saioa Baleztena @SaioB
Pasa den ostegunean, ekaitzek La Flamenkan eragin zituzten kalteen bilakaeraren inguruko prentsaturrekoa egin zuten DOKAn Donostiako Piratek, eta jendearen aldetik jaso duten “laguntzari esker”,  90.000 euroko galera estaltzeko “bide onetik” doazela azpimarratu zuten. Gertatutako guztiari buruz hitz egin dugu Batiste Ezeiza (Donostia, 1985) bozeramailearekin.

Ezbeharra gertatu zenean espero al zenuten jendearen aldetik jaso duzuen babesa?
Laguntza jasoko genuela espero genuen, noski, baina ez hainbeste. Egia esan harritu, poztu eta hunkitu egin gaitu jendearen erantzunak, era askotako ekarpenak jaso baititugu, hainbat eta hainbat norbanako, eragile eta enpresen aldetik.

Galerak 90.000 euro ingurukoak izan zirela ikusi zenuten ekaitzaren biharamunean. Zein egoeratan zaudete zehazki orain?
Galerak ez ditugu guztiz itxi, baina bide onetik goaz eta jendearen aldetik jaso dugun laguntzari esker, ia estali dugu ekaitzaren ondorioz sortu zitzaigun zuloa.

Hala ere, ekaitzak eragin zitekeen kalteak kontutan hartuta, galera materialetan gelditu zen guztia. Nola bizitu zenuten?
Oso gau gogorra izan zen. Aste Nagusian zeharo murgilduta ginen, horrek eskatzen digun erritmo bizian jo ta fuego, eta gau hartan, gutako askok ez genuen ia lorik egin; autobabeserako plana martxan jarri, kaia hustu eta ia gau osoa eman genuen bertan, inork segurtasun eremua igaro ez zezan. Haizeak La Flamenka astintzen zuela eta alokatutako material asko blai izorratzen ari zela ikusten genuen, urte guztian zehar egindako lana gure aurrean desagertzen zen bitatean…

Gau hartan gertatu zenaren inguruan bertsio desberdinak zabaldu ziren hedabideetan. Zer gertatu zen zehazki, eta nola kudeatu zenuten?
Komunikazio agentzia batek, Eusko Jaurlaritzaren iturriak aipatuta, gau hartan La Flamenkako karpa erori zela zabaldu zuen, eta zenbait komunikabidek albistea bere horretan zabaldu zuten, kontrastatu gabe. Piratokin hitz egitea edo Donostiako kaira gerturatzea nahikoa zen informazio hori egia ez zela ikusteko, baina guk hartu behar izan genuen desinformazio hura zuzentzeko ardura. Gertatu zena ahalik eta egokien zabaltzen saiatu ginen, eta informazio hura zabaldu zuten zenbait komunikabiderekin ere kontaktatu genuen, albistea zuzentzeko eskatuz.

Zailtasunak zailtasun, Aste Nagusiarekin aurrera egitea erabaki zenuten.
Ez zen samurra izan, baina konturatu ginen hurrengo egunetan zenbat eta parte hartze zabalagoa eduki, orduan eta laguntza handiagoa izango genukeela kalteei aurre egin ahal izateko. Zentzu horretan, komunikabideekin gertatutakoak ez zuen gehiegi laguntzen, baina zorionez, laister konturatu ginen jendearen partaidetza ez zuela
baldintzatu, eta informazio okerrak ez zuela eraginik izan gure erronkaren bilakaeran.

Laguntza deialdiaren baitan kontu korronte bat ireki zenuten, ekarpenak egin daitezke oraindik? 
Kontuak irekita jarraitzen du, baina badira laguntzeko bestelako bideak ere. Donostiako Piraten materialak salgai jarraitzen du, Eguzki Bideoak kolektiboaren laguntzarekin Izan Pirata dokumentala Euskal Herriko hainbat txokotan dago eskuragarri, esate baterako, eta material hori erosteak ere laguntzen gaitu. Horretaz gain, Donostiako Piratak mugimendu irekia gara, eta edonoren parte hartzea da piratontzako laguntzarik handiena, norbanako moduan izan, zein kolektiboren baten izenean. Kofradiaren ateak zabalik daude pirata sentitzen den ororentzat.

Zenbateraino eragin du ezbeharrak kolektiboan?
Hasieratik argi izan genuen hondatu zen bakarra tresneria izan zela, eta gutako askok ohi baino lan handiagoa egin behar izan zuen arren, gure lana ez zuen hondatu ekaitzak. Ekaitzak asko irakatsi digu eta mugimendua indartuta atera da, zalantzarik gabe.

https://www.youtube.com/watch?v=a-nonmJICDM

Irakurri elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en

Aste nagusia, batiste ezeiza, Donostiako Piratak, edozer dugu posible, Gaztezulo, La Flamenka

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude