Basozainak, suteen aurrean

Basozainak, suteen aurrean –

LABen iritzia, milaka hektarea erre eta kiskalita utzi dituzten suteen aurrean

Nafarroako Gobernuak milioika euro inbertitzen ditu azpiegitura erraldoietan, hala nola AHTean eta Nafarroako Ubidean, baina natura kudeatzeko eta babesteko erabiltzen duen kopurua eskasa da, oso.

Basozainak, suteen aurrean

Ingurumen Zaintzako eta Basozainen taldea teknikoki oso talde prestatua eta motibatua da, baina ez du baliabiderik. Eskasiaren politika horren ondorioz, gure ondare naturalaren biziraupenerako beharrezkoak diren jarduera asko bertan behera uzten ari dira. Klima-aldaketari aurre egiteko jarduerak iragarri dira; zenbaitetan, badirudi zerbait aldatuko dela, baina premiarik larrienak atenditzeko edo egokitzapenak egiteko tenorean, oraindik ere ikusten dugu ez dagoela interesik giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak emateko. Ez dago erabaki politiko ausart eta sendorik, alegia, itxurakeria alde batera utziko dituen erabakirik edo proposamen tekniko serio eta eraginkorrak serio hartuko dituen erabakirik. Nahitaezkoa da baliabide gehiago jartzea, ez baita epelkerietarako, itxurakerietarako eta ezkutatzeko unea. Esate baterako, badago akordio politiko bat Ingurumeneko Zaindariaren Plan Zuzentzailean jasoa, baina oraindik ez diote eman aurrekontu-partidarik zaintzaile-plazak 15 gehitzeko. 15 langile gehiago izango genituen larrialdi-egoera honetan. Baliabideak eta baliabide gehiago, horixe da behar dena.

Suteak prebenitzeko inbertsioa ere oso eskasa izan da. Bada garaia gai hau serio hartzeko; horretarako, XXI. mendeko neurri teknikoak jasota dituzten Baso Suteen Prebentzio Planak idatzi behar dira. Ezinbestean, aztertu eta zaindu behar dugu lurraldearen antolamendua eta lurren erabileraren kudeaketa, horretarako gure geografiako puntu kritikoak aztertuz eta klima-krisiak eta ingurumen-krisi globalak mahai gainean jarri dizkiguten premien araberako kudeaketa eta lurralde-antolamendua eginez. Analisiak udaletara ere iritsi beharko luke, eta udalei tresnak eta baliabideak eman beharko lizkieke beren eremua prebentziozko begirada batekin antolatu eta kudeatu ahal izateko. Badakigu guztiok muturreko gertaeren ondorioak arindu beharrean, horiek elikatzen dituzten erabakiak hartu direla kudeaketa horretan.

Egun hauetako suteetan, argi eta garbi ikusi da larreek eta artzaintza bizirik duten eremuek geldiarazi egin dutela suaren hedapena. Azken hamarkadetan, erabilera horiek asko gutxitu dira, batez ere Nafarroako Erdialdean, baina hori ez da kezkatzeko motiboa izan Nafarroako Gobernuarentzat. Hain zuzen ere inguru horretan ari gara jasaten gure historiako suterik larrienak. Ez da inbertsiorik egin abeltzaintza estentsiboan aritzen diren pertsonen egunerokoa duintzeko, belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko, haien lana erraztuko duten baliabideetan; aitzitik, eredu intentsibo eta industrializatu bat bultzatu da, eta eredu horrek eragin du gure lurzoruak, akuiferoak eta ibaiak kutsatzea, CO2 isuriak handitzea, lanaren prekarizazioa eta animalien ongizatea hondatzea. Nafarroako Gobernuko agintariei dei egiten diegu erreta dauden herriak bisita ditzaten, hala nola ArgiƱaritz, hortxe ikusten baita, nabarmen, zenbaterainoko eragina duen lurra kudeatzeko moduak: bazkarako larreak osorik eta onik, eta pinudiak kiskalita, herriko etxebizitzek sua hartzea eragin duten pinudiak. Suterik izanez gero, abeltzaintza estentsiboak ia ez du sua itzaltzeko baliabiderik behar, baina abeltzaintza intentsiboaren azpiegiturak defendatzeko baliabide asko behar dira (ArgiƱaritz ondoko Argal etxaldekoa adibide argia da).

Horregatik guztiagatik, LABek honako neurri hauek exijitzen ditu:

  • Behar adina bitarteko bideratzea larrialdietako zerbitzu publikoak (suhiltzaileak, basozainak, SOS) baliabide material eta giza baliabide oparoez hornitzeko.
  • Suteen Prebentzio Planak egitea, egungo ezagutza teknikoak aintzat hartuta; horrekin batera, lurraldearen kudeaketan eta antolamenduan eragina duten neurriak hartzea. Analisi lasaia eta teknikoa behar da prebentzioari eta itzaltzeari lotutako neurri guztiak ezartzeko, baita araudi eraginkorra eta ausarta ere.
  • Basoetako suteak itzaltzea profesionalizatzea, oraingo profesionalei prestakuntza eta baliabide-hornidura emanez. Nafarroan talde espezializatu bat sortzea, urte osoan aktibo egongo dena, sua itzaltzen eta prebenitzen laguntzeko.
  • Abeltzaintza estentsiboa sustatzeko neurriak, prebentzio-neurri eraginkor eta jasangarriak diren aldetik; horrela, material sukoiaren karga murriztuko da, eta, era berean, funtsezkoa izango da tokiko ekonomiak bultzatzeko eta despopulazioa saihesteko.
  • Gure herrien despopulazioa saihesteko neurri sendo eta eraginkorrak, horiek kudeatzen baitute lurraren erabilera: mugikortasun jasangarrirako komunikazio-bideak (AHT gutxiago, autobus lokal gehiago eta herriak eta zerbitzuak lotzeko sareak), zuntz optikoa, eskolak, kontsultategiak.
  • Neurri tekniko eta arau-emaile eraginkorrak aztertzea eta abian jartzea, duela gutxi bizi izandakoak bezalako une kritikoetarako; esate baterako, egun kritikoetan, tenperatura altuarekin, hezetasun baxuarekin eta haize altuarekin, 30-30-30 erregelako egunetan, debekatuta egotea uzta biltzea, paketatzea eta makinak erabiltzea eskatzen duen edozein nekazaritza-lan egitea.

Basozainak, suteen aurrean