Baserriak gazteen beharrean

Baserriak gazteen beharrean –

Gaur egun baserritik bizi nahi duten gazteetaz hitzegin nahi nuke. Arrazoi asko daude lehen sektoretik ogibidea egiteko: bokazioa, lan irtenbide soil bat, kalean eta lan errutinariotik kanpoko aktibitatea, animaliekiko zaletasuna… Azken finean, denok ez daukagu zortzi orduko lan bat jorratzeko gaitasuna.

Baserri mundua jendearentzat erabat arrotza izan da eta berarekiko urruntasuna sentitu izan da; baserriak familiak kudeatutako inguruneak izan dira, eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen dute. Azken urteetan, aldiz, aldaketak daudela sumatzen da.

Baserriak gazteen beharrean

Alde batetik, baserriak familietatik haratago doaz eta kooperatibak eta elkarteak sortzen ari dira; bestalde, sektorea zahartzen ari da oso azkar, eta honek kaleko jendea erakarri du sektorera erreleboa hartzeko gogoz.

Baina kanpotik datorren jende honek, oraindik ere, oztopo garrantzitsuak aurkitzen ditu. Inbertsio handien beharra alde batetik. Nahiz eta diru laguntzak dauden, hauek baldintzatuak daude jarduera urte batzuk egotera; bestela, diru laguntza hauek bueltatu behar dira. Inbertsioen %100 norberak aurreratu beharrak arazo bat suposatzen du. Azken finean, norberak arrisku ekonomiko handia asumitzen du gero etekin nahiko eskasa duen jarduera batetan.

Lur eskasia ere arazo larria da. Lur oso gutxi dago libre eta hauengatik errenta handiak eskatzen dituzte. Araban eta Nafarroan oraindik lur publiko asko dago baina Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago ia ezer. Lur banku eraginkor baten beharra dago arazo hau gainditu ahal izateko.

Lurra lortzeko ere, gazteek beste arazo bat daukate, batez ere sektoretik kanpo datozenean. Jubilatzen direnak nahiago dute beraien lurrak ezagutzen dituzten baserritarrei uztea, jende berria aukera hauetatik kanpora geldituz. Honetan baserritarrok hausnarketa sakona egin beharko genuke. Orokorrean jubilatzera doan jendeak ez dauka ordezkorik eta daukanean, konfidantza falta nagusitzen da, kanpotik datorren horrek ideia berriekin etortzen baita. Horrek beldurra sortzen du.

Badago ere erakundeentzat gazteak ez diren berritzaileak ere. 40 urtetik gorako pertsonak dira eta hauek are eta laguntza gutxiago jasotzen dute. Gaur egungo lan egoeraren ondorioz edo aldaketa baten bila baserrira bueltatu direnak dira, eta laguntza berezia behar dute erakundeen partetik; azken finean, bizitzan behin jasoko duten laguntza izango dena behar dute.

Jende eta gazte berritzailea behar du baserriak, berrikuntza horretatik etorkizun oparoagoa etorriko baita.

Administrazioak eta baserritarrok baliabideak eta konfidantza eman behar diegu jende guzti horri beraiek dauzkaten ideiak aurrera eraman ditzaten. Pixka bat emanda guztiok asko irabaziko dugu.

Maider MartinezHala Bedi

Baserriak gazteen beharrean

Artzaina

Zer duzu buruan “Baserriak gazteen beharrean”-ri buruz

  • Araban eta Nafarroako zonalde batzuen biztanle dentsitate baxua eta biztanleriaren galera, agian Arabara eta Nafarroara lur bila joateko garaia izango den adierazlea da. Lehen sektoreak eta euskararen hedapenak aurrerapauso hori eskertuko lukete.