Lubakiak eta Arrakalak (II): Baserria eta Kalea

Lubakiak eta Arrakalak (II): Baserria eta Kalea –

Orain dela hamar bat egun baserria eta botere-guneen arteko lubakiez eta arrakalez aritu nintzaizuen. Jakingo bazenute epe labur horretan horien adibideak nola biderkatu zaizkigun… Gaur baretuago nago gaiarekin, baina atzo itolarria sentitzen nuen, mundu horretatik at geratzeko grinak erraiak hartu zizkidan, barru-barruraino. Zorionez zuentzat, atal hori bukatutzat eman nuen; eta gaur bestelako lubakiez eta arrakalez idatziko dut: baserria eta kalearen artekoez, hain zuzen ere.

Lubakia kontzeptuak sakontasuna du oinarri; bai, behintzat, bi eremuren arteko ezponda adierazten duen heinean. Eta nago nekazariok eta kaletarrok mundua  ulertzeko eta begiratzeko bi era dugulakoan, nahiz eta industriak bere pentsamoldea hedatu duen mendietara ere eta homogeneizazio prozesua gertatu den.

Heriotzaz eta bizitzaz ditugun kontzeptuan eta bizipenean ikusten dut nik lubakiaren muinetako bat. Nire ustez hor sortzen baita domino-fitxen segizioa. Bizitzaz eta heriotzaz oso bestelako sentipena dugu, kalean eta mendian; eta, beharbada, animaliekiko harremanean dago gakoetako bat. Izan ere, jaiotza eta heriotza, zenbait unetan, oso dira gertukoak baserrian; eta gehienetan, batera datoz. Batera, haien heriotzak gure bizia elikatzera datozelako; eta alferrik ezkutatuko dute errealitate hori saltokietan animaliaren itxurarik ez duten produktuen atzean, errealitatea tematiagoa baita. Alferrik asmatuko dituzte izenak eta formak; animaliak hil egin dituzte –ditugu–, odola isuri egin da, halaxe da. Baita egunero edaten duzuen kafe horri esnea gehitzeko ere. Zenbat lagun, ordea, ausartuko litzateke jan behar duen animalia hori hiltzera, bere oinarrizko behar horiek asetzeko? Heriotza ezkutatu nahi dugu; platerera heldu baino lehen zer gertatu den, jakin nahi ez; eta are gutxiago interesatzen zaigu zer nolako bizimodu izan duten animaliok; duin bizi izan diren ala ez. Beste muturrean daude heriotza horretaz jabetu direnak –gordintasun osoz– eta erabaki dutenak animaliengandik eratorritako elikagairik ez onartzea. Gure lana arbuiatzen dute eta berdintzen dituzte animaliak ustiatzen dituen eredua eta errespetuzko harremana oinarritzat duena. Heriotzak hartzen du protagonismoa eta ez animalia horiek izan duten bizitza, heriotzaren itzalpean geratzen da bizitzan zehar izandako guztia. Abeltzain eta artzain guztiok gara hiltzaileak, tratu txar emaile; denok bihotz gabeak, zekenak eta esplotatzaileak. Zenbaitetan, iruditzen zait batzuek zein besteek galdu egin dutela animaliekiko –eta orokorrean naturarekiko– lotura, bestelako harremana sortu dutela, lehenena hasi eta bukatu egiten da saltokiko produktu jakin batekin; eta bigarrenena esango nuke eraikita dagoela, batzuen kasuan, behinik behin, telebista bidezko idealizazio batean, eta ez gertuko ezagutzan.

Lubakiaren beste muina dago denbora ulertzeko ditugun bi maneratan. Kalean, berehalakotasunak irabazi dio partida patxadari, eta erein eta jaso ia batera gertatzen dira. Planak egitea –eta desegitea– erraza da kalean, azken orduko mezu bat nahikoa da; mezua mendira iritsi denerako, baina, bidean zaude; berandu zeu zabiltza, menditarra; dagoeneko dena aldatu da, nora zoaz, baina? Denboraren kudeaketa ekoizpen industrialak du ardatz, jendartearen gehiengoa horren bueltan baitabil, eta horrek zehazten ditu aisialdirako eta bestelakoetarako –hitzaldiak, herri eta elkarteetako bilerak…– ordutegiak. Abiapuntua eta helburua zehaztuta daude: hemen eta orain. Landa-eremuak eta animaliek ez duten ordutegiaren arabera mugitzen da mundua; azkenean, menditarrok beste paralelo batean bizi gara, gutxiengoaren eta urrunon paraleloan. Mendialdean begirada urrunera pausatzen dugu; gaur erein, jakinda gaur ez dugula jasoko, eta txarrenean jarrita, hainbatetan, uztaren arrastorik ez dugula izango. Bizitzaren jarraipenak beste arau bat du baserrian: hor eta auskalo.

Uztaren auskalotasunak dakartzagu hilabeteko soldataren ausentzia eta nomina baten fantasia. Askok baserrian ez dagoela ezustekorik pentsatu arren, plangintzak beti utzi behar dio tartetxo bat inprobisazioari. Gutxi behar baita dena hankaz gora jartzeko: txakur baten erasoa, gaixotasunaren bat; edo txingorra, lehortea… Gaur egungo eguraldi neurtua baino askoz inprobisatuagoak dira baserrietako diru-kontuak. Eta ostarte horietako batean, hara, baserritarren ustezko diruzalekeria azaltzen da, kaletarren buruan. Beti dirua, beti, baserritarren gogoan. Kalea eta baserriaren arteko arrakala hori ulertzeko, bururatzen zaizkit bi aspektu. Alde batetik, ulertzekoa da –neurri batean bada ere– diruaren zaintza zorrotz hori, estutasun ekonomikoak bultzatzen baitzaitu, ahal dela, dirua pilatzera, etor daitezkeen garai txarrei aurre egiteko. Dena den, baserriko ekonomiak, nahi baino gehiagotan, ez dizu aukerarik ematen oso urrun begiratzeko, gaur duzun zuloa hementxe dago eta gaur bertan estali behar duzu; bestela, itoginak dena hartuko du. Egia da, halaber, moztasun horrek, normalean kalterako izaten dela –baserritarraren kalterako edota inguruarenerako– eta gehienetan zaila da buelta ematea. Badakigu, ordea, kalean eta baserrian, diru-goseak ez duela bukaerarik; eta batzuetan, zoritxarrez, neurria galdu eta pilatzetik arpilatzera ematen dela pausua. Bestaldetik, uste dut filosofiarik kapitalistena ere inguru industrialeko baserrietara heldu zela, mendiz mendi eta bailaraz bailara zabaldu, eta ez duela asmo handirik alde egiteko. Batzuek erabakitzen dute filosofia horri jarraitzea lantegia baserrian jarriz eta beste batzuek nahi dute kalekoek duten balizko ziurtasun ekonomiko, soldata, asteburu libreak, oporrak… Horren bila abiatu kalera, eta heltzea nahikoa da konturatzeko esaera zaharrek ez dutela indarrik galdu.. urrutiko intxaurrak 14, gerturatu eta 4.

Gaurko azken arrakalari helduko diot: espazioak partekatzea. Hiri-espazioa partekatzen dugunean argi omen dago zein den araua, ez da zalantzarik. Ezin naiz, adibidez, ardiekin jaitsi eta artzain egon herriko berdegune batean. Eta landa-eremua partekatzen dugunean, zein da araua? Batzuentzat ez dago araurik, dena da libre, arau ezaren erresuman sartu baitira: hondakinak bota ahal dira –mota guztietako ontziak…–; txakurrak aske ibili ahal dira, lotu gabe; oihukatu ahal dugu, motorrean abiadura mugarik gabe ibili… mendialdeko askagunea –ez dut uste gehiengo batek horrela funtzionatzen duenik–. Aldi berean, larritzen nau baserritarrok pentsatzeak landa eremuan egiteko eta erabakitzeko eskubide esklusiboa dugula eta gure iritzia besteen gainetik dagoela. Partekatuak diren neurrian uste dut espazioen arauak denon beharrak hartu beharko lituzkeela bere baitan. Eta ulertzen dudan bezala artaldeak hartuta ezin garela hirietako berdeguneetara joan haiek bazkatzera; ulertzen dut, adibidez, txakurrak ezin direla aske ibili mendian, ganadua dagoen eremuan, eta are gutxiago abere artean jolasean. Edozein kasutan, eta guri dagokigunez, ezin dugu pentsatu gure espazioekin zerikusia duen edozein gaitan gure ahotsak guztiz erabakigarria izan behar duenik, inondik inora. Uste dut, hala balitz, maiz, erabakiok hankamotz geratuko liratekeela eta, epe ertainera, gure kalterako. Izan ere, gure interes horiek defenditzearren, beharbada, zapaltzen ari gara osagarriak eta aberasgarriak izan daitezkeen beste ikuspegi batzuk, beste ahots batzuk; eta, akaso, ahots horiek dira nekazari mundutik gertuen sentitzen direnenak. Hortaz, kalean lagunak galtzeko arriskuan geundeke; eta deskuidatuz gero, lagunak baino, aliatuak dira –izan daitezke–. Aliatuak gure arazoen berri zabaltzeko, aliatuak egunerokotasunean erabaki politikoak hartzeko –ezin ahaztu egiten dugun erosketa bakoitza ekintza politikoa dela–, aliatuak kalean gure presentzia ziurtatzeko. Eta aliatuak baloratu beharrean, lagunok, baserri mundutik kaletarrak iraintzen dira maiz. Deseroso sentitzen naiz halakoetan, izugarri; eta kezkaz entzuten ditut eko sustraia duten irainak. Barazkijaleak iraintzen direnean ere, egonezina; eta harridura pizten dit, adibidez, baserri mundutik inongo kritikarik ez entzuteak haragi industriala jaten duenarekiko.

Honaino heltzeko adorea izan baduzue, bejondeizuela, eta eskerrik asko. Dexente kostatu zait nire kaletar eta baserritar izaeren arteko oreka topatzea –eta ez dakit lortu ote dudan–. Ez nuke nahiko inor irainduta sentitzea; eta hala bada, barkatu… Nahiko nuke piztu lubakiez eta arrakalez gaineko hausnarketa helburu bakar batekin: kalea eta baserriaren arteko horiek gero eta azalekoagoak izatea, desagertu arte; badugu eta uste duguna baino gehiago komunean.

Lubakiak eta Arrakalak (II): Baserria eta Kalea

Lubakiak eta Arrakalak (II): Baserria eta Kalea

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN