[Barretartia] Zein da erabiltzen duzun barruko arropa?

[Barretartia] Zein da erabiltzen duzun barruko arropa? –

[Barretartia] Zein da erabiltzen duzun barruko arropa?

«Umorea, euskara eta sormenarekin batera, beti izan da nire bizitzan zutabe garrantzitsua, eta hori dela eta 2012an Barretartia bloga ireki nuen, umorezko eta umoreari buruzko euskarazko gunea».

Idoia Torregarai Martija (Usurbil, 1974)

.

Zein da erabiltzen duzun barruko arropa?

Gaur aspaldian aipatu nahi nuen gai bat landuko dugu: bai, barruko arropaz hitz egitera nator. Kristo aurreko 3.200 urteko Otzi izotzezko gizonarena dira topatu diren lehenbizikoak; ahuntz larruz egindako gerripekoa (taparrabosa).

Egipziarrek lihozkoak eta nahiko luzeak erabiltzen zituzten.

1914an gaur egun ezagutzen dugun bularretakoa asmatu zuen Mary Felps estatubatuarrak kortsea deserosoa egiten zitzaiolako. 1968An feminista batzuk lehenbiziko aldiz erre egin zituzten Miss America lehiaketaren aurka protesta egiteko.

Galdera: nolako barruko arropa erabiltzen duzu?

[Barretartia] Zein da erabiltzen duzun barruko arropa?Betiko kuleroa, gehienetan kotoizkoa dena. Txikitatik erabiltzen dugun hori. Ipurdi osoa tapatzen dizu eta zabala da ere aurrealdetik.

Galtzontzilloen kasuan, oker ez banago gehien erabiltzen den estiloa slipa da. Hau da, kuleroak bezalakoak, baina izena aldatuta eta aurrealdeko irekierarekin. Hemen aipamen berezia izango lukete betiko galtzontzillo zuri horiek, klasikoetan klasikoenak.

Aurrera jarraitu baino lehen, zera aipatu nahiko nuke: zergatik jartzen dizkiete kuleroei (nik ezagutzen dudan kasua), hainbeste etiketa? Kuleroa baino gehiago pisatzen dute eta gutxienez asteburu bat behar da hori dena irakurtzeko!

Beste muturrean tanga egongo litzateke. Aurretik betiko kuleroa edo slipa bezalakoa, baina sorpresa! Atzealdetik ia dena airean uzten dizuna. Tangetan ere badago mailaketa bat, atzeko tira hori zabalxeagoa izan daitekeelako edo hari fin bat besterik. Zer esango dizuet ba, nik hau ezin dut erabili. Oso deserosoa egiten zait. Eta zuek? Neska edo mutil, erabiltzen al dituzue?

Kulero- faja. Gerriraino igotzen diren kuleroak dira, tripa eta ipurdia biltzen dutena. Bai, Bridget Jones pelikulan agertzen diren horietakoak. Dilema: kanpotik hobeto ikusteko janzten ditugu baina gero norbaitek horiekin bakarrik ikusteak beldurtzen gaituena. Haragi kolorekoak izan daitezke, baina gaur egun zorionez beste kolore batzuetan ere aurkitu ditzakegu.

Beste aipamen bat: ez nuke esan gabe utzi nahi barruko arropa eta galtzerdiek beraien buruaz beste egiteko duten joera. Zenbat aldiz arropa zabaltzen ari garenean ez dakit nola eskuetatik ihes egiten digute eta erortzen ikusten ditugu, kamera geldoan, lurrean zerraldo geratzen diren arte. Gutxi dira hori baino irudi tristeagoa. Zergatik egiten dute? Gure haragien estutasunak ez dituztelako gehiago jasaten? Usainen kontuagatik agian? Ez dakit inoiz jakingo ote dugun…

Jarraitu dezagun. Boxerrak galtza motzak bezalakoak dira, bragetarekin eta solteak, boxeolariengatik dute izen hau eta badirudi oso erosoak direla, askatasun handia ematen dutelako. Hauen bertsio estua boxer slipak dira, pegatuak direnak, eta “emakumeen aldizkari” bezala kontsideratzen diren inkesta zorrotzen arabera, gehien “erakartzen gaituztenak”.

Amaitzeko, ez nuke utzi nahi gai bat aipatu gabe. Barruko arropa zaharrak. Ia guztiok daukagu gure azpiko arroparen katalogoan inoiz botatzen ez ditugun kulero eta galtzontzilloak. Zaharraren zaharrez kolorea aldatu zaiena, edo goma apurtuta dutenak, edo beharrezkoak direna baino zulo gehiago dituztenak. Gaur egun vintage edo hipster deitzen zaie.

.

Maiatzaren 16an Euskadi Irratiko FAKTORIA saiorako egindako kolaboraziotik.
[Barretartia] Zein da erabiltzen duzun barruko arropa?
Barretartia, barruko arropa, umorea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude