Baratzeko pikuak hiru txorten

 

Baratzeko pikuak hiru txorten

Azken urteetan Gipuzkoako herri txiki batean bizi naiz, mendi artean eta berrehun biztanletik beherako leku ederrean. Oraindik ere halako mendi-herri batean gauzak nola diren ikasten ari naiz, edo ikusten, behintzat.

Lehen begiratuan, herri txikietako infernu handiei egozten zaizkien gaitz guztiak dituela ematen du, aspaldiko liskarrek herria bitan zatitua balute bezala. Gertaeren zergatiak maiz galdetu arren, ez da beti erantzunik jasotzen eta gauzak nola diren benetan ulertu gabe egin behar izaten du aurrera nire antzeko iritsi berriak, horrek dauzkan arriskuekin, inor mindu edo atsekabetzea bailitzateke azkenekoa, batez ere, horretarako arrazoirik ez bada.

GazteluBaina aspaldiko uretan urtzen diren liskarrez gain, politikak erdibituriko herri bat ere bada Gaztelu. Seguru asko erdibitu hitzak, gainera, inon ez du izango hemen adinako balio zehatzik: erdiak jeltzaleak, erdiak ezker abertzalekoak. Ezker Batuako rara avisen bat edo beste kenduta.

Ospetsua egin izan da gure herria bertan izan diren zenbait eztabaida eta haserraldi telebistako pantailetan ere agertu direla eta. Horren guztiaren berri ez nekien bertakoek esan arte, eta hala, bi elkarte daude herrian, bi jende multzo sekula nahasten ez direnak, nor bere bidetik dabilela. Turista akzidentalaren bihotz onbera honekin zubilanak egiten saiatu naizen bakoitzean, erantzuna beti izan da bat eta bera: alferrik habil, ez zagok zer eginik.

Baina izan da zerbait azken hauteskundeetan zeharo harritu nauena, ezuste benetakoa eman didana: hogeitalau lagunek eman diote boza Ahal Duguri. Mendi giroko herri euskaldun peto honetan, non ardiek eta behorrek ere egiten duten hika, Pablo Iglesiasen alderdiaren alde egin du bozkatzaileen ia laurdenak. Estreinako. Zer gertatu da hemen?

Zerbaiten sintoma da, zerena, ordea?

Galdetzen hasita, batek baino gehiagok esan dit, tradizionalki Ezker Abertzaleko bozkatzaile izan arren, ez diola ikusten ganorarik Madrilen urtean bost minutu mintzatzen den ordezkari parea edukitzeari. Horretarako nahiago duela ezkerreko aukeraren baten alde egin.

Galdetzen segita, etortzekotan dauden ekaineko hauteskundeetan joera hori areagotu egingo dela esan didate. Jende gehiagok emango diola boza Elkarrekin Ahal Duguri.

Etorri gabe dagoena ezin da emandakotzat jo, baina gauzak hala gertatuko balira, ez dakit arrakala berri bat izango den herrian ala elkarren arteko bizimodua gozatuko duen aukera bat sortuko den, orain arte erdi-erditik perfektuki bitan pitzatuta egon denak simetria galduko baitu zeharo, nolaz eta baratzeko pikuak bere hiru txortenekin.

(Argazkia: Gaztelu. Asier Sarasua. CC-by)

Baratzeko pikuak hiru txorten
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

5 pentsamendu “Baratzeko pikuak hiru txorten”-ri buruz

  • Ezkerra eta abertzalea nahastearen ondorena da guzti hau. Lehenengo, herria zatitu, eta gero kanpoko ezkerra bertako abertzale ohia abduzitzen du. Ezker Abertzaleak denbora gehiegi darama sistema kapitalistare rolloarekin eta konplexuz bete egin du bere aldeko euskal herritarra. Espainol ala euskaldun izatea ezker izatera makurtzen bada, batzuk Espanian ikusiko dute aldaketare giltza. Ezker abertzalearen ardura da hori, bertako erreferentziak izorratu dituelako herria zatitu eta gero.

  • Peru Dulantz 2016-05-23 13:53

    Nire ustez euskal gizartearen espainolizazioaren erakusgarria da hori. Orain dela gutxi arte boto espainola ez zen existitzen Gipuzkoako herri txiki euskaldunetan, baina han ere gero eta gehiago Espainiari begira bizi dira, batez ere gazteak; espainako hedabideen bidez Espainiako erralitatea, politika eta kultura bizitzen dira, eta geureak balira bezala sentitzen.

    • Erabat ados. Batzuk ez dira oraindik konturatu 30 urte urte baino gazteagoak diren euskaldunak beste gizarte batetan jaio direla, non naiz eta ez konturatu etengabe jasotzen dute (komunikabideei esker batez ere) espainar errealitatea eta american way of life. Eta gero ez da arritzekoa ikusten diren gauzak, kontradikzio oso kuriosoak, gazte batzuk oso ezkerrekoak eta gero MTV, tele 5, cuarenta principales, kontsumismo ikaragarria, ez dut denbora militatzeko baina gimnasiorako bai, adibide tonto batzuk jartzearen.

  • Nik uste artikuluan agertzen den egoera ez dela euskal gizartearen espainolizazioaren ondorio, euskal gizartearen (haren parte baten) prekarizazioaren ondorio baizik. Euskal gazte askok etorkizuna oso beltz ikusten dute eta zoritxarrez alderdi abertzaleak beste afera batzuetan daude zentratuta (ezker abertzalearen kasuan, presoak eta subiranotasuna). Horregatik egiten zaio erakargarri Ahal Duguren aukera gizartearen parte handi bati, bai Gasteizen nola Gaztelun. Euskal alderdiek diskurtsoa gizartearen benetako kezketara bideratzen ez badute fenomeno honek jarraituko du.

  • Bat ezkerra eta abertzalea da. Bestea ezkerra eta “española”?, “españolista”?, “estatalista”?, “unionista”?. Oraingoz bere diskurso “berritzaileak” liluratu gaitu. Kaleko jende arruntaren borroka eta mobilizazioetatik jaso du mezua eta hori darabil. Sozial eremuko aferak ditu hein handi batean. Ez du presorik atzean. Identitaterik ba al du? (identitate “likidoa” akaso?)
    Denetik jasotzen joan da. Asko jaso du haserako aldarrikapenetatik, baina asko uzten ari da ere bidean.Askotxo eta azkarregi.
    Oraingoz demokrazia zabalagoa defendatzen du eta herri galdeketak ez ditu baztertzen. Ba da zerbait.
    Espaiñiako gobernu zentralean garaile balitz poztuko nintzateke.Euskal Herrikoan berriz ikusiko dugu nola garatzen den alderdi hau.Ea “Batuta ahal dugu”n.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude