Balego eta balitz

Balego eta balitz –

Balego eta balitz

Katalunian balego…

“Ekintza biolentoak prestatzen aritu ahalko lirateke”. “Ustezko delitu-aktibitateak”. “Lehergaiak prestatzeko lehengaiak direla kontsideratu”. “Artefaktuak prestatzeko erabilgarriak (adituen konfirmazioaren zain)”.

Atzoko berria: ez dago lehergairik eta kuartelaren planoak ez ziren kuartelaren planoak, google mapsetik hiriari ateratako argazki bat baizik.

Katalunian herritarren gehiengoak eskatutakoa bete eta procesa bidea egiten hasi zenean, bereziki pertsonaia publiko eta ezagunak izan ziren estatuaren errepresioaren jo-puntuan, ardura instituzionalak zeuzkatenak (jazarpen judiziala diot, penala, primeran dakigun bezala makilkadak denentzat izan baitziren). Baina bideak aurrera egin ahala, herritarrengana ere jo dute.

Izan ere Assembleak, alderdi ezberdinek, herri mugimenduek… pedagogia independentista itzela egin dute urteetan zehar, eta independentismoak gorakada itzela izan du. Instituzioek horri bide eman diote erreferenduma antolatuz. Baina estatuak dena birrindu zuen. Puntu horretara iritsita, ze geratzen da? Presioa egitea, eta aldebakartasunetik eta desobedientziatik herriak erabakitakoa gauzatzen joatea. Nor da hor eragile nagusia? CDRak.

Euskal Herrian funtzionatu zien, eta berdina aplikatu nahi dute Katalunian: independentismoa biolentziarekin nahastu. Asmo hori daukatela kontutan hartuta, Andoni Olariaga filosofoak Gara egunkarian plazaratutako iritzi artikuluan hainbat gako daudela iruditzen zait (“Helburu politikoak lortzeko biolentzia erabiltzea ondo ote dago?”), : “Ez gaitezen tronpatu: indarkeria jakin bat errefusatu eta kondenatzeko exijitzen denean, helburua da egungo sistema politikoaren zilegitasuna zalantzan jartzen duen proiektu politikoa deslegitimatzea, zokoratzea eta joko politikotik at uztea”.

… Euskal Herrian balitz

Balego eta balitz
Arg: Iñigo Uriz, FOKU (Berria)

Zer da biolentzia? Komunikazioak etetea? Margoketak egitea? Katalunian baremoa jartzen dabiltza. Euskal Herria “biolento” eta “demokraten” artean banatu zutenek asko igo dute haien baremoa, eta besteena ikaragarri jaitsi. Ederki daki hori Imanol Salinas iruindarrak. Hiru aldiz atxilotu dute (nik dakidala):

  • Lehenengoan ekintza biolentoak leporatuz. Absolbitua.
  • Bigarrengoan estrategia biolento baten parte izatea eta batek daki zer gehiago egotziz (28ak Libre epaiketa). Absolbitua.
  • Baina orain, hirugarrengoan, ia ez dute hainbeste behar. Orain, Imanol espetxeratzeko, honakoa dio epaileak: “…autoan dio megafonia, pankarta eta itsasgarriak erabiltzea indarkeria dela”. Hor jarri digute baremoa. Protesta sindikal baten harira sartu nahi dute Imanol kartzelan, egoera zinez prekarioan zeuden San Giovesa enpresako langileei laguntzeagatik eta elkartasuna adierazteagatik.

Euskal Herrian jada ez dute beti “biolentzia”-ren errekurtsoa behar jendea kartzelan sartzeko. Katalunian oraindik bai. Inoiz baino beharrezkoa da oinarrizko gutxiengo batzuen inguruan ahalik eta indar metaketa handiena egitea: edozeinen eskubide zibil eta politikoak bortxatzea guztiok zapaltzea dela. Imanolen aurkako jazarpena mobilizatzeko prest gauden guztion aurkako eraso frontala da: bai sindikalgintzan, euskalgintzan, auzo eta herri elkarteetan, erakundeetan…

LAB sindikatuan bere onena ematen ari den militante bat kaletik atera nahi dute. Biolentziaz. Estatuaren helburua egungo sistema politikoaren zilegitasuna zalantzan jartzen duen proiektu politikoa deslegitimatzea, zokoratzea eta joko politikotik at uztea baita.

#ImanolLibre

Balego eta balitz

Balego eta balitz

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.