Baldintzapekoa ukatu diote Argi Perurena presoari

argi—-Frantziar legeak kondenaren zati jakin bat beteta duten presoentzat baldintzapeko askatasunaren eskubidea onartzen badu ere, bestelakoa da errealitatea euskal preso politikoa bazara.


Argi,
zer den norbere askatasuna gehien gorroto gaituenaren esku izatea. Zer den gehien gorroto gaituen horrek izatea azken hitza, azken erabakia, norbere egunerokotasunaren inguruan; norbere etorkizunaren, bizitza osoaren inguruan. Bagoazen ala bagatozen, berak erabakitzea zer ahal dugun eta zer ez. Zenbat pausu eman ahal izango ditugun aurrera, hormarekin topatu arte. Zerua zenbat orduz ikusi ahal izango dugun, zeruaren zein parte. Maite dugunarekin lo egin ahal izango ote dugun, eta noiz, eta non; berarekin gosaldu, lanera abiatu, erosketak egin, oporrak amestu, ala ez. Ama izan ahal ala ez. Gorroto gaituen horrek erabakitzea libre al garen, ala beste egun batez, hilabete batez, urte mordo batez, ziegan geratu behar ote garen. Ziegatik patiora, patiotik ziegara. Gutunak idazten beste unibertso batetik, mila unibertsotara, norbere afektuak sendotzen, harremanak ongarritzen; taupadak sinkronizatzen, herri gorrotatuarekiko. Nekez zein indarrez, gogotsu zein ahalge, baikorki zein etsian, egunero-egunero leku espantagarri berdinean jaikiz eta oheratuz. Leku espantagarri hori ahalik eta kolore eta doinu berrienez betetzen jarraitzeko, udaberriak eta musikak ingura gaitzaten, besteen gorrotoak ukituko ez bagaitu.


Zure aita eta Stein erailtzeko botatako tiro zuloetan atzamar ttikiak sartzen genituen, Lada txuri hartan, zenbatuz: Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi. Eta arrantzara jotzen genuen saltoka Txingudira. Edo marraztera ganbarara. Edo Chipster batzuk erostera. Edo single txarren bat aditzera, disko-jogailu eramangarrian. Arduratuegien itxura emango genuen ziur, Argi, gure metro tĀ“erdiotatik munduari bizkarra ematen genionean, Gauloise bat lagunartean erretzeko; Mobilette-a lapurtzen genuenean, aldapa urrunetatik garraxi egiteko pozarren; autostop klandestinoetan hango edo hemengo kontzertura joateko gezurretan genbiltzanean, ileak Lagarto xaboiarekin gora jarrita. Edozein taberna, edozein kantoi, edozein ezkaratz tranpa hiltzaile bat izan zitezkeenean arboletatik zintzilikatzen ginenean, gerezi txoroen gisan; bizikleta bakarrean txandak egiten genituenean, supermerkatu itxietako krepuskuluko parkingetan. Negar egiteko mundu guztiarengandik ezkutatzea itun sekretua eta sakratua genuenean, arduratuegien eta zoriontsuegien itxura emango genuen, ziur.


Alabaina, dinamita mordoxka bat zaintzen harrapatu zintuzten, duela hamarkada pasatxo. Ez ginen agian horren arduragabeak, ez eta horren zoriontsuak. Diot: 10 urterekin zuk bezala Levis-ak lixibaz zipriztinduta eta Ostiaputa-ren kamisetak zeramatzaten Zigor eta Gotzon ere preso dauzkate. Eta preso zenbat abentura-kide, Argi!


Zoriontsuegien plantak egiten oraindik, mintzaleku infektatuetan.
Alta, entzun dut baldintzapekoa ukatu dizutela, zure aitaren hiltzaileak aurkitzeko atzamar bat bera ere mugitu ez zuten horiexek. Jon Kepa Paroti eta beste hainbat kideri ukatzeko darabiltzaten argudio finekin, suposatzekoa da: Zure lagunek idazten dizutela; erantzuten diezula. Zure herriaren askatasunaren alde egindakoaz damurik ez duzula.


Sasoi urrun haietan bezala, errealitateari bizkarra ematen diogula dirudi batzuetan maitia. Beste askoren hizkuntza kodeak eta logikak ulertu ez eta aurpegiak hautsez eta errepidez zikinduta, garraxika goazela mobilette-an, kantuz, tristeen kontrolak saltatuz, seriotasunak saltatuz, penak, kolpeak eta nostalgiak saltatuz aurrera, motor gaixoaren gainean oreka etengabe galtzeko zorian, sekula erori gabe.


ATCRB autobus karraka hartan zuk zeuk abesten zenigun kanta etorri zait gogora Argi: Ez egin negar, egunen baten etorriko naiz pozez kantari.
Gorrotoaren piztiak pizti, bidean zaitugulakoan, zaituztegulakoan: Ez etsi! Matte!!!