Bakterioa

BakterioaJoan den egunean, dutxatutakoan nire logelan beztitzen ari nintzelarik, pareko leihotik oihu egin zidan barrideak: “Aupa, egun on! Zer moduz gea?” Asaldatu egin nintzen, baina ez bakarrik erdi biluzik nengoelako: batez ere auzo-lagun zahar espainolazo hark euskaraz egin izanak (zer moduz gea eta guzi) aztoratu ninduen. Ez zen egun hartako ustekabe bakarra: okindegian, Berriaren pila Cordobillako egunkariarena baino altuagoa zen; bezero batek hura hartu eta ezagutu izan banindu bezala begiratu zidan (“bai, astearteetan idazten dudana naiz, mozolo itxurakoa” egon nintzen erratekotan, baina Urzainqui zalea zen naski, berehala paratu zidan nazka aurpegiari erreparatuta).

Luze hausnarrean aritu ondoren, dena ulertu nuen: Nafarroa berriz zen ETBko mapa meteorologikoan, eta, horren ondorioz, euriak mendebaldetik ekarritako bakterio bat hedatzen ari zen erresuma foral eta espainolean. Fite, Nafarroak bere erre guziak galdu eta Lehorreko Gipuzkoa bihurtuko zen. Handik bi egunera, ordea, egoera bere onera bueltatu zen. Sanchez de Muniainek amaitutzat jo zuen ETBren seinalea gure lurraldean zabaltzeko hitzarmena.

Garai zailak dira, eta, jainkorik ezean (apirila hilerik krudelena da), jendeak deabruak behar omen ditu. UPNren gobernuak agudo demonio hauteman du non zen alegiazko bakterioa, haren kontra indar guzia erakusteko, eta, bidenabarkoan, bertzelako kalapitak, dietak eta kongresuak atzenarazteko. Oposizioa bereizten duena, ordea, birusa da nonbait, eta horren kontra txertorik ez.

Badakit itsusia dela hau egitea, baina neure buruari arrazoia eman behar diot: Euskal Herria herri imajinarioa da, baina hura gorroto dutenen irudimenean baizik ez da existitzen. Ustez maite dutenendako, oraingoz, elkarren kontra oilartzeko eta oldartzeko borrokagune bertzerik ez baita. Hor, Euskalmet gorabehera, kazkabarra ari du beti.

Bakterioa

Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Zer duzu buruan “Bakterioa”-ri buruz

  • Gustatu zait guztia bukaera ezik, bilatu edozein Nazio, berdina zait bere historioan edo duela gutxi, eta ea nola eramaten dian beraien artean, zenabt liskar izaten dituzten Nazio hortan bere hiritar hoiek beraien artean, ea zenbat oldartzen dia egin behar denarentzako iritzi asko daudelako…Abertzaleen arteko talkak edo ezberdinatasunak agian ahultzen gaitu batzutan (bestetan ona izan like), bainan horregatik gutzako ez dela existitzen erratea…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude