Bakoitzari berea

Kuriosoak dira hildakoak, izan ere, guzti-guztiak pertsona onak edo txarrak dira. Ez omen dago erdibiderik. Ona edo txarra, besterik ez. Hori gertatu zaigu Suárezekin baita. Espainako demokraziaren aitatzat hartu dute Presidentziatik bota zuten PSOEk eta Espainako eskuinak, franquismoari eustea leporatu diote bestetzuek, ordea. Nik Garaikoetxearen hitzeei jarraikiz politikari ausarta izan zela esango nuke. Azaldu nadin: badirudi ahaztu dugula, Ceaucescu ez bezela, Franco ohean hil zela. Bere erregimenak Espainan sostengu handia zuela jakitun, hori erakusten baitute bere hiletaren edo Oriente plazako argazkiek.

Testuingurua kontuan hartuta, beraz, ausart jokatu zuela esan dezakegu. Espainako presidentea zelarik, amnistiaren legea berretsi zuen, Gernikako Estatutua babestu zuen eta ikurriña legeztatu zen. Era berean, Elizak kontrolatutako gizarte batean dibortzioaren legea bultzatu zuen, baita oso poteretsuak ziren militarrak haserre zituen PCEren legalizazioa burura eraman ere. Bere ondarea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, hortaz. Are gutxiago, Rajoyk Catalunyaren aferarekin daukan jarrera hertsiarekin alderatuta, izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak berritu zituen eta Catalunyari gure moduko Ogasun eskumenak eukitzea eskeini baitzion.

Ez dago ukatzerik frankismoaren kumea zenik. Ez dago ukatzerik euskararen inguruan bota zituen hitzak mingarriak direnik. Halere, Suárezen lanari esker Fisika kuantikoa euskaraz ikasteko aukera daukagu, eskumen hura Gernikako Estatutuaren ondorioa delako. Halaber, Suárezi esker frankismoaren inplosioa daukagu, non beste alderdiei botere jokoan sartzeko bidea zabaltzen baitzitzaien. Egia da frankismoaren arrasto ugari daudela Espainako potereguneetan baina zer nahi duzue, bada, frankismoak ez du gudarik galdu; botereguneak zabaldu bai ordea.

Goian bego Adolfo Suárez, begirunea. Bakoitzari berea, hauxe da dena.

 

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.