Bakerako plana

Badira aste batzuk Indarkeriari Legitimazioa Kentzea eta Bizikidetza Demokratikorako planaz, hau da, bake hezkuntzaren plan berriaz idazteko beharra sentitzen dudala. Badira hiru aste behar hori dela eta, arinak eta interes gutxikoak iruditzen zaizkidala blogerako bururatzen zaizkidan beste gaiak. Gai politiko-polemikoa bihurtu da bete-betean eta bat nator Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluak Jaurlartitzari egindako kritikarekin «Indarkeriari legitimazioa kentzea terminoaren esanahiak pentsarazi dezake aurretik legitimazio bat izan dela, eta hori ezin zaio hezkuntza sistemari leporatu» esaten duenean.

Gaur goizean jakin dugu Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Konrado Mugertza Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea kargutik kenduko duela, erakunde horrek aipatu planari buruz txosten kritikoa egin duelako.

Oso begirune eskasa izan da “Indarkeriari Legitimazioa Kentzea” izeneko plana aurkezterakoan. Oso begirune gutxi eskola osatzen dugun guztiokin eta batez ere irakasleokin, indarkeriaren hazia eskoletan ereingo balitz bezala aurkeztuz eta eskolak eta irakasleok orain arte ezer egin ez bagenu bezala adieraziz. Eta ez da horrela; etengabeko hausnarketa egiten ari gara aspalditik indarkeriaren -eta bere adierazpen guztien- inguruan eta, bera baino eragile indartsuagoak daudela jakinda ere, eskolak ez du etsitzen duen bokazio hezitzailean. Proposamen asko eta sakontasun maila desberdinekoak jarri dira martxan, baina arlo honetan ezin gara azalean gelditu, Hezkuntza Sailak indarrean jarri nahi duen plan partzial eta alderdikoiarekin azalean gelditu den bezala.

Hori dela eta, hainbeste alderdi ikusten nizkion gaiari, ez nuela asmatzen nondik heldu. Baina, dagoeneko erabaki dut: serio jokatuko dut, ez naiz konformatuko jokabide jakin bat deslegitimatzearekin, hori baita, hain zuzen, gaitzaren sustraietara joan nahi ez, eta adarretan alfer-alferrik gelditzea. Lehengoan, Baketik bake zentroaren Izan proposamena interesgarria bezain sakona ezagutzeko aukera izan nuen eta horixe ardatz moduan hartuta, jorratuko dut gaia blog honetan.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz