Bake ederra

ebook liburuakGero eta merkeagoak dira irakurgailuak, eta hainbat arazori ematen diote irtenbidea: besteak beste, bidaietako garraioa arintzen dute (irakurgailuen garaian erosoagoa zatekeen Nietzscheren mentura: 125 kilo liburu eraman behar izaten zuen ostatuz ostatuko bere etengabeko erromesaldian, eta ezohikoa zen hilabete parea baino luzaroago egotea ostatu berean); betaurrekoen beharra erlatibizatzen dute (bakarrik bazkaltzen ari zarela, eta ardoaren erruz gero eta lanbrotsuago ageri bazaizkizu letrak, irakurgailuak ikaragarri handi diezazkizuke); oihanen suntsitzeari paper-beharraren arrazoia kentzen diote, hein batean bederen; ikasleen bizkarra babesteko aukera dakarte (sinesgaitza eta sadikoa da ikasleek atzera eta aurrera garraiatu behar izaten dituzten bizkar-zorroen pisua. Adituek aholkatzen dute ez gainditzeko gorputzaren pisuaren ehuneko 10a, baina ikasleen ohiko liburu-zamak jo eta aise pasatzen du ehuneko 25a, batez ere DBHn). Borondate apur batez testu-liburu guztiak irakurgailu bakar batean sar litezke.

Edonola ere, etxeak zabaltzeko eta argitzeko dira oroz lehen bikainak irakurgailuak. Soldata arruntari eskaintzen zaizkion etxeak gero eta txikiagoak dira, gero eta itogarriagoak. Ohikoa da 45 metro koadroko etxe batengatik hilean 800 euro ordaintzea. Liburuak ala umeak, aukeratu behar izaten zen. Orain, berriz, irakurgailuari esker, arazoa ez da hain larria.

Dirudienez, berrogeita hamar urte inguru dauzkazula hiltzen zaizunean aita ziaboga zehatz bat marrazten zaizu bihotzean eta ondorioz jokabidean. Etxean trasteak eta batik bat liburuak pilatzeko joera izan baduzu, aita hil ostean soiltzeari ekingo diozu. Zenbait egunez ikusi duzu aita hiltzen eta funtsa nabarmendu zaizu: Castanedak zioen bezala, hiltzera zoazela ez duzu ez ondasunik, ez ohorerik, ez libururik, ez duintasunik, ez aberririk, ez familiarik, ez izenik; ez duzu bizitzeko bizia baino. Hori behar da gogoratu edozein trantze garrantzitsuri aurre egiteko orduan.

Aita hil baino lehen liburu asko erosten nuen. Etxean dauzkat, kopuru handi bat irakurri gabe, eta ehun urte gehiago biziz gero ere ez nuke aski guztiak irakurtzeko. Apaletan, gau-mahaian, komunean, aulkietan, lurrean zutabe gorakorretan. Apalategiek liburuen jabearen buru egoera erakusten dute eta nirean pilatze alferrikakoa, sakabanatze urduria eta zama itogarria nahasten ziren. Aita hil ondoren, esan bezala, ziaboga: komunetik eta gau-mahaitik liburu guztiak kendu, apalak ordenatu, aspaldiko paper, karpeta eta tramankuluak fuera, kontainerretara. Liburuen biderkatze txoroari eutsi, behintzat. Ez guztiz desagerrarazi, berandu da honezkero; irrika ahultzen eta bideratzen ahalegindu bai, ordea.

Dena den, antolatzeko, garbitzeko eta husteko grina pilatzekoa bezain sutsua izan daiteke, itsuegia, eta horrela joan zen kontainerrera, gerora ohartuko nintzenez, nire lehenbiziko irakurgailua, aurreko ikasturteetako kalitate-koadernoen artean ezkutaturik. Egia zuen Joseba Egibarrek kontenedoreekin obsesionatuta gabiltzala zioelarik, baina bizitzak derrigortzen gaitu. Biharamunean jakin nuenez, Institutuan kalitate-auditoritza izango genuen hiru egun barru. Behartuta zaude iazko koadernoa gorde eta auditoreak eskatuz gero erakustera. Paper eta kartoien kontainer urdinean zeuden nireak. Gautu arte itxoin (ezagunak aurkitzeko arrisku gutxiago), eta barrura. Tetrabrik, egunkari eta tokiz kanpoko Coca-Cola lata eta arrain pusketen artean, mugikorra linterna gisa erabiliz, ene baitan gogo-jarrera egokia isiotu (ez duzu ondasunik, ez aberririk, ez seniderik, ez izenik eta hiltzera zoaz), zabor artean don Juanen zolitasuna imitatu eta azkenik aurkitu egin nituen: irakurgailua hautsirik, baina koadernoak ez, hori arindua; Institutuak ez zuen nire erruz kalitate-ikurra galduko.

Oporretan nire anaiaren etxean egon naiz: bat ere libururik ez agerian, dena argi, lasai, zabal eta txukun. Irakurgailu batean dauzka gordeta. Musika, berriz, mp3 batean. Agobiorik gabeko etxe baketsua duzu, atsegina, abegitsua, Nietzsche bertan luzaro atxikitzeko modukoa.

9 pentsamendu “Bake ederra”-ri buruz

  • Xabier Olarra 2013-02-02 19:04

    Ez kezkatu horrenbeste umeen bizkarrez. Seguru aski, behin holako kontuetan sartu nahi izanez gero, pupitreen aurrean gaizki eserita emango dituzten milaka orduengatik gehiago okertuko zaizkie, zama gehiegia eramateagatik baino.
    Bestalde, zenbat izango ote gara/dira hemendik hogei urtera 120 liburu sekula irakurtzeko asmorik –are gutxiago erosi eta garraiatzerik– izango dutenak?
    Bai, espazioaren kontua (bizilekuetakoarena) benetan larria da. Baina ez kezkatu, gurean Nietzscheren jarraitzaileak bezain gutxi dira irakurleak. Eta horiek badakite moldatzen lehentasunen artean hautatzerakoan.
    Tolosan edo Goiherri osoan oraindik paper-fabrika ugari balitz –halako bateko langile baten semea eta beste biren anaia naiz ni– egingo nuke paperaren defentsa demagogikoa, baina orain, denak itxiak direnez (edo %90) ez dut horretarako lanik ere hartuko.
    Paper is beautiful! (aldarrikatzen du ipad-ean ere irakurtzen duen honek.

    • Xabier, zer esan nahi du zure erantzunak, lasciate ogni speranza eta sekula ez dituzuela Igelako liburuak irakurgailurako prestatuko? Tamal handia, nobela beltzak eta thrillerrak eta Odol Hotzean bezalakoak baitira irakurgailurako aproposenak, irakurketan aurrera egin eta zalantzak argitzera atzera jo behar ez izateko modukoak, Ripley, Jim Thompson…

      Oteitza, herri dotorea, ia-ia Berbinzana bezain

      • Markos, ez, ez du halakorik esan nahi, baizik eta lehentasunetan ez dagoela liburu horiek eskuragai jartzeko asmoa. Eta hona arrazoiak:
        1) Liburu horietatik gehienetatik paperean oraindik ale mordoxka daukagu
        2) Gure-book martxan jarri zenean, izan genuen beroaldi bat, eta gutxienez agortuta dauzkagun liburuak eskuragai jarri beharko genituzkeela pentsatu genuen (guztira ehun pasatxotik bost liburu dira agortu eta berrargitaratu ez ditugunak). Baina plataforma horretan jartzeak DRMarekin jartzeak esan nahi zuen, eta liburu bakoitza “jartzea” 100 bat euro kostatzen zen. Ehun euro aurreratzeak esan nahi zuen sei bat euroan jarriz gero ere (ez da oso garestia, esate baterako Gauaren muturrerainoko bidaia –agortu den bakan horietako bat– tramankulu horietako batean irakurri ahal izatea) 20 ale saldu beharko genituzkeela hartutako lana amortizatzeko. Hori guztia, jakina, egile-eskubideei buruzko guztia saihestuta. Izan ere, ez dut imajinatu ere egin nahi zer eskatuko liguketen, esate baterako, Agatha Christieren Trusta manejatzen dutenek txintxo-txintxo eskatuko bagenie “edizio digitala” egiteko eskubidea lagatzea. Eta, era berean, alde batera utzita itzulpen horiek –askok– beharko luketen eguneratze-lana.
        Hori guztia kontuan harturik, eta tirada txikiko edizio digitala franko merkatu dela ikusita –hasi 20tik eta 100 edo 200era bitarteko edizioak ez dira oso garestiak– behabada oraingoz hortik jotzea erabaki-edo dugu, jakinik ez litzatekeela batere kaltegarri liburu horiek guztiak tabletetan irakurtzeko moduan ere argitaratzea.
        Hori, liburu zaharrei dagokienez. Eta berriekin, zer?
        3) Susa-ren bideak dirudi egokiena. Baina pentsa hor ere zer gertatu den. 300 bat bezero eta 1.000 ale urte pare batean. 3000 euroko sarrera. Ez dago gaizki. Eta lana ere ez da ikaragarria. Baina urte pare batean gure-book-ekin zer gertatu den ikusita, ez dugu presa ikaragarririk hartzeko asmorik. Alegia, eskatzen duen zuzenketa-lanaren aldean etorriko litzatekeenak gauzak lasai hartzera bultzatzen gaitu.
        Ez, ez duzue zertan esperantza guztiak galdu, baina patxadan hartuko dugula kontua, bai (beste alde batetik, jakinik asko berandutuz gero ez dela irakurlerik geldituko, ez papereko liburuenik, ez irakurgailukorik). Eta alde horretatik gure kezka ekologikoak –oraingoz– eztabaida honetatik alde batera utzita diot hori guztia.
        Badakit kezka hauek guztiak bost axola zaizkiola irakurleari, baina beste aldearen arrazoiak pixka bat argitzeko idatzi dut hau guztia.
        Prokrastinazioak ere baditu bere abantailak. Gure kasuan gure-booken sartu ez izanak disgustu batetik (beste batetik alegia) behintzat libratu gaitu. Ez genituen horretan gure esperantzak jarri. Paperezko liburuen erakarmen-maila eskasa irentsia daukagu. Ea e-booketara pasatzen garenean ez dugun beste muturreko bat hartzen.

        • Xabier, kasu askotan errazagoa izaten da eskatzea egitea baino, eta zure arrazoiak entzunda derrigorrez jo behar normaltzat edizio digitalera igarotzearena patxada ironiko batez hartzea. Animo eta zerbaiti eutsi bederen, paper zein pantaila. Gutxi gara, baina oraingoz fidelak.

  • […] Halaber, gurebook.com atariaren ixteari buruzko eztabaida eta gogoeta Mikel Iturriren Hamairu blogean abiatzen da, “DRMari buruz eztabaidatzeko aukera bikaina” izenburuko artikuluarekin. Gaiaren inguruko beste gogoeta interesgarri bat Berriaren papereko edizioan jarri zuen Alberto Barandiaranek asteroko zutabean: “Epubak eta aulubiak”. Eztabaidak jarraipena izan du. Batetik, Argia-n, Gorka Bereziartuaren Boligrafo Gorria blogean, “Gauzak argitzen ari dira liburu digitalaren merkatuan” izenburuko artikuluarekin. Bestetik, Hitzen uberan webgunean, Alexis Mindegiari eginiko elkarrizketa baten bidez, “Merkatuak ez du onartu” izenburukoa. Baita Markos Zapiainen eskutik ere, Zuzeu atarian: “Bake ederra”. […]

  • Gonzalo Etxague

    Atzo ebooken kontrako azken argudioa eman zidaten: artxibo informatiko bat ezin da oparitu, ezin da dedikatu. Jakina, artxibo informatiko bat oparitu daitekeela esango digute, ohitzea besterik ez dela, eta dedikatu ere dedikatu daitekeela, enkargatuz gero edozein dedikatoria sar daitekeela artxiboan. Ondo da, lehen urtean aertxibo informatikoa oparituko didate, eta hurrengoan galtzerdi para bat. Eta galdetzen dut: irakurtzen dugunok lau katu bagara, ezin gaituzte bakean utzi?

  • Zer ondorio izango ote du liburuak gero eta ikusgaitzago bilakatzeak? (Disko dendekin gertatu dena gerta daiteke liburu dendekin?)
    Noemi Riverak testu polit bat sartu du, hor ondoan, liburuek etxeetan duten presentzia gero eta urriagoaz.
    Oroitzen naiz, bestalde, lehen beti erreparatzen niela film eta telesailetan agertzen ziren etxeetan (gehienak dekoratu hutsak, pentsatzen dut) zer liburu gutxi agertzen ziren, eta zer motako liburuak ziren, agertzen ziren gutxiak.
    Aspaldi utzi nion horri ere erreparatzeari (musika-irakurgailuak agertzen dira, oraindik?)

  • Barkatu segituan agertzea, berriz, baina bururatu zait ez legokeela gaizki pantaila berri bat asmatzea, etxeko egongelarako. Argindar kontsumo minimokoa, etxean esna gauden orduetan piztuta egon dadin. Etxeko liburutegia, diskoteka, bideoteka, fototeka… gure begien aurrean jartzen, gogoratzaile, eta gogo piztaile. (Eta aldi berean dekoratiboa ere, zergatik ez.)
    Ideia oparitzen diot hartu eta baliatu nahi duenari.

  • […] ez, baina liburuak. Dela Durangoko Azokaren afera, dela liburu digitalen balizko arrakasta edo eza, literaturzaleok badugu zertaz mintzatu, eduki edo formaren ohiko eztabaidatik […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude