Baionako manifestazioa

Ez dago zehatz jakiterik zenbat lagun bildu diren gaur Baionan. Poliziaren arabera 4100 izan dira eta antolatzaileen arabera 6000. Egia esanda, halako jendetza zubi gainean pasatzen ikusita, gehiago zirudien, baina dakienak ei daki.IMG_2465

Izanak izan, hara hemen Herriko Etxearen aitzinean irakurri eta txalotu den testua bere osotasunean, gaur, 2013ko ekainak 1ean, Frantziako Presidente den Hollande jaunari zuzendua:

Lehendakari Jauna,

Gaur, 2013ko ekainaren 1ean, milaka lagun bilduak gara Baionan Euskal Herriaren etorkizunarentzat esperantzaz beteriko ideia baten inguruan.

Bizi publikoaren modernizatzeko daukazun nahiari erantzunez, proiektu zentzuduna eta eraginkorra landu dugu, gaur egungo disposizio juridikoak errespetatzen dituena eta gure lurraldearen garapen ekonomiko, sozial eta ekologikoariari behar-beharrezkoa zaiona.

Proiektu hau dezentralizazioaren III. atalean kokatzen da arrunt. Ehunka pertsonek hartu dute parte haren lanketan: hautetsiek, unibertsitarioek, eragile ekonomiko, kultural eta sozialek… Proiektu honek Euskal Herria iraunkorra, solidarioa eta bere etorkizunaren jabe islatzen du.

Dakizun bezala, Euskal Herria une politiko garrantzitsua bizitzen ari da, 50 urtez euskal jendarteari kalte egin dioten dramak bizi ondoren. Itxaropen aroa ireki da eta Estatuko Goiko Agintariei dagokie egoera berri hau kontuan hartzea.

Momentu aparta horretaz baliatu dira Euskal Herriko eragile gehien-gehienak Estatutu Bereziko Lurralde Kolektibitate proiektuaren inguruan biltzeko !

Proiektu hau eredugarria da demokrazia parte-hartzaileari begira. Izan ere, Frantzian guti dira horrelako lan sakon, ausart eta partekatua egin duten lurraldeak.

Lehendakari Jauna, ezin duzu proiektu horren aitzinean isilik gelditu !

Duela guti arte nahigabe anitz ukan dugu, sekulan bete ez diren hitz emateen ondorioz mespretxua eta kasurik eza ezagutu baititugu.

Hemen bilduak garen milaka pertsonek ez dugu duda izpirik Euskal Herriak instituzio iraunkorra absolutuki behar duela, gure egiazko errealitate kultural, linguistiko eta sozialari perimetro egokian erantzunen diona.

Bilduak garenen aniztasuna ikusirik, zilegitasun osoa dugu adierazteko gure lurraldea prest dela desafioari erantzuteko, haren dinamismoa ez baita gehiago frogatzeko.

Euskal Herriak proiektu moderno hau erraiki du bere gerorako.

Euskal Herria aho batez eta manera demokratikoan mintzo da.

Euskal Herriak sekulako esperientzia horri bidea irek diezaiozun galdegiten dizu.
Gaur eta hemen bildutakoek zin egiten dugu Euskal Herriak ez duela etsiko.

Lehendakari Jauna, ausardia erakuts ezazu, lurralde honen eskaera kontuan har ezazu eta ezinbestekoa den erantzun politikoa emaiozu :

EUSKAL HERRIKO LURRALDE KOLEKTIBITATEA ORAIN !

IMG_2464

2 pentsamendu “Baionako manifestazioa”-ri buruz