Baina badira bertze batzuk, arrunt gaiztoak direnak eta oraindik asmo maltzurragoak dituztenak…

672420_barcina_jimenez_foto610x342

Gauzak ez dira ia inoiz iduri duten bezain sinpleak; horregatik, maiz, emankorra izaten da analogiak egitea, fenomeno batek bigarren baten izaera argitu dezan. Nire esperientziatik ateratako adibide bat emate aldera, “elkar” partikulak ez du zailtasun berezirik, erraza iduri du, eta, antza, ikasleek aise ulertzen dute deklinatu ere deklinatu behar dela: elkar, elkarri, elkarrekin, elkarrengan… Halere, teoria –teorian– ulertuta ere, ez da zaila “elkar egon gara” edo “elkar hitz egin dugu (edo diogu)” bezalako esaldiak aditzea ikasgelan. Deklinabidearen inportantzia azpimarratzeko, zinema erabiltzen dut batzuetan: ez da gauza bera “elkar jan dute” –kanibalen film bat deskribatzeko balioko lukeena, errate baterako bere garaian hain famatua izan zen Ruggero Deodatoren Holokausto kanibala– edo “elkarri dena jan diote” –bertze zinema mota batera eramanen gintuzkeena, baina hemen ez dut adibiderik jarriko–, antzekotasunak izan arren, franko diferenteak baitira kanibalismoa eta erotismoa, nahiz eta Italiako urrezko zinematografian biak uztartu dituenik baden, hala nola Joe d’Amato zuzendaria, bere Holokausto pornoa filmean. Baina desbideratzen ari naiz.

Nolanahi den ere, konparazioak eraginkorrak izan daitezen, funtsezkoa da hiztunak komunikazio ona izatea bere diskurtsoaren hartzaileekin. Ironia maizegi erabiliz gero, gerta liteke entzuleek ez jakitea igorleak noiz ari den serio eta noiz ez, eta horrek haren planak hondatzen ahal ditu; konparazio baterako: berriki, nire ikasleek erran zidaten bero handiegia egiten zuela gure gelan; nik klasera guziok biluzik etortzea proposatu nien, baina broma egiteko nire joera dela-eta, horretan ere txantxetan ari nintzela pentsatu zuten eta, ondorioz, bertan behera gelditu zen nire proposamen freskagarri hori. Edo, komunikazioko bigarren problema bat aipatzeko, mezu bat helarazteko itzulinguruka ibiltzen bagara, akaso entzuleak ez du ulertuko zer eskatzen ari garen edo zer espero dugun berarengandik; adibidez: hotz handiko egun batean, aspaldian, klasera ailegatu eta zera erran nien nire ikasleei: “ezpainak idor-idorrak ditut, baina ez hotzagatik, musu-faltagatik baizik”. Nik uste nuen elemeniaka eta tarrapataka etorriko zirela nire problema konpontzera, baina ez, bakar bat ere ez zen bere tokitik mugitu, nire musu eskaera ilunegia suertatu eta ulertu ez zuten seinale –ez baitut, nire ezpainak noraino diren desiragarri ikusita, bertze azalpenik aurkitzen–.

Ez dakit huts egindako komunikazioaren problema ote den, baina seguru aski bakar-bakarrik ikusi beharko dut, ikustez gerotan, Annabelle beldurrezko filma, badakizue, sorgindutako panpina diaboliko bat protagonista duen filma. Zaila egiten baitzait zinemara nirekin etorriko denik harrapatzea: beharbada, jendeak –nire lagunek, idatzi behar nuen, baina aintzat hartuta zinema aretoetako nire bakardadea zein axola guti zaien, ez dakit izen hori merezi duten–, jendeak, diot, apika uste baitu txantxetan ari naizela beldurrezko filmek izitzen nautela zintzoki aitortzen dudanean, eta ez dute ulertzen zer eskatzen ari naizen “une beldurgarrienetan, ez da nahitaezkoa ni besarkatzea, baina halere ez dezagun aukera hori erabat baztertu” erraten diedanean –edo beharbada sobera ongi ulertzen dute, eta horregatik ez naute zinemara laguntzen–. Tira, hondarrean, ez daukadan adorea bildu, nire beldurrak gainditu eta bakardadean sentitu beharko ditut hotzikarak nire bizkarrean goiti eta beheiti, zinez ikaragarria omen baita Annabelle panpina hori. Badakit, bai, panpinarena fikzio hutsa dela, eta badakit, bai, edo jakin beharko nuke, berez panpinaren bidez azaleratzen den indar malefikoa dela beldurgarria, panpina bera baino gehiago; baina, nolabait, gorputz bat, ikus eta uki eta senti daitekeen forma bat behar du infernutik edo auskalo nondik ihes egindako espiritu maltzur horrek, gu izitiko bagara. Baina gure beldurra, edo gure gorrotoa, edo gure fobia figura bakar batean zentratuz gero –figura hori arrunt beldurgarria edo gorrotagarria izanda ere–, frankotan errazegi atzentzen dugu non den gaizkiaren egiazko iturria.

Ni ez bezala, hemendik aitzinat Yolanda Barcina ez da bakarrik joanen zinemara . Izan ere, hari sinestera, horixe baita heldu den urteko hauteskundeetan hautagai ez izateko arrazoi nagusia; tira, ez zinemara joatea, baina bai astia izatea bere bizitza pertsonal berrirako, inork bazuenik ere susmatzen ez zuen organoa, bihotza alegia, pilpiraka ari omen baitzaio, inork sentitzen ahal zuenik ere imajinatzen ez zuen sentimendu batez –maitasunez– betea. Atzo iragarri zuen Barcinak ez zela zerrendaburu izanen; porrota aipatzen zuten –eta, bai, ulertzekoak ziren– lerro-buru batzuekin batera, gehiegizko poza sumatu nuen sare sozialetan –eta plurala erabili badut ere, Twitterren erran nahi dut–. #AgurBarcina eta #AgurUPN traolak elkarren ondoan ikusi nituen, baliokideak edo sinonimoak balira bezala. Baina ez dira: kanibalismo ariketa batean, UPNk bere alaba kuttuna jan du, PSNrekin galdua –tira, ez hain galdua ere– zuen erotismoa berreskuratu ahal izateko. Barcinaren erabakia ez da –politikoki bederen– pozgarria guretako. Gure Annabelle foralak barnean zeraman indar malefikoa aske dabil orain, eta bertze gorputz bilatzen ari da, bere eragin kirastun antzugarria hedatzen segitzeko.

Duela urte pare bat, Insidious ikusi nuen. Anaiarekin –baina hark ere ez ninduen besarkatu; badira aldatzen arrunt zailak diren ohiturak–. Eta Insidious-en horixe da gaia: mundu astral batean, badira asmo gaiztoko izaki maltzurrak, gorputz fisiko bat, ontzi huts bat, eskuratu nahian dabiltzanak, munduan mina eta sufrimendua areagotzeko. Bai, Nafarroa beldurrezko film bateko eszenario bihurtu eta gero, Barcina badoa, baina Insidious-eko mediumak azaltzen zuen bezala, “badira bertze batzuk, arrunt gaiztoak direnak eta oraindik asmo maltzurragoak dituztenak…”. Orain, bertze gorputz bat, ustel urrinik ez duen bertze panpina bat –Annabelle edo Chucky– bertzerik ez dute behar espiritu malefiko horiek.

Problema ez da Barcina, problema erregimena da; eta erregimenaren iraupena errazteko joan da gure lehendakaria, edo joanarazi dute; kasino foral honetako irabazleek elkar jan gabe, elkarri dena jaten segi dezaten.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Baina, Santi leone
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

3 pentsamendu “Baina badira bertze batzuk, arrunt gaiztoak direnak eta oraindik asmo maltzurragoak dituztenak…”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria

    Bidebatez, maisu jauna:
    ELKAR ondo jokatzen irakasteko, guk panpin bat erabiltzen genuen. Panpinak, jakina, ELKAR zuen izena eta “erreprozidade” bat zegoen orotan agertzen zuen bere burua. Esaterako, nik zuri ematen banizun musua eta zuk niri, azkar agertuko zuen ELKARek muturra berak musu guztiak jaso zitzan. Edota guk haiek ikusten bagenituen kalean eta haiek gu, ELKAR bazter batetik agertu eta bilakatzen zen protagonista, denok ikusten baikenuen bera bakarrik. Eta horrela.
    Zin dagiat, mon ami, panpinaren teknikak ederki funtzionatzen zuela, Perurenaren zera horrek bezainbeste bai behintzat.

  • Amonamantangorri 2014-11-12 16:19

    Ederki, Santi, beti bezain ironiko eta dotore.

    Hala eta ere, ez zait egokia iruditzen artikuluaren azken partean darabilzun errekurtsoa, alegia, hezur-haragizko emakume arrunt bat modu horretan demonizatzea, bihotzik ez duela esateraino… Ez zait zuzena iruditu, batez ere, Barcinari merezi ez dituen naturaz gaindiko dohainak ikusten dizkiozulako. Nire ustez, askoz ere finagoa eta bidezkoagoa litzateke horrelako pertsonajeen banalitatea, arrunkeria seinalatzea, ez haien ustezko zitalkeria mefistofelikoa.

    Barcinak atzo zabaldutako erabakiaz, erantzun beharreko galdera da ZERGATIK. Zergatik, presidentegai izateko UPNren barne-hauteskundeak Alberto Catalani irabazi eta gero, erabaki duen etsian Yolanda Barcinak ez aurkeztea. Agian Navarrometroaren datu batzuk helarazi dizkiote, beharbada ustelkeria kasu berri bat aurki zabaltzekotan dela abisua eman diote eta nahiago du eszenatokitik erretiroa hartu, igual Madriletik agindua iritsi zaie,…

  • Bart zina, egun zirina. 2014-11-18 23:19

    kasino foral honetako irabazleek elkar jan gabe, elkarri dena jaten segi dezaten…

    Zure egoa gehiegi puztu nahi ez nuke, baina… bikaina!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude