"Bahitu politiko bat da Otegi, eta ikur bihurtu behar dugu"

Arnaldo Otegi kantuz askatzeko 

Zergatik daukate kartzelan Arnaldo Otegi?

– Xabier Arzalluz. “Rubalcabagatik daukate preso, ez epaileengatik. Agian, zirkulaziotik kendu nahi zuten. Baina dudarik ez ezker abertzalearen apustu berri honen atzean Otegi dagoela”.

– Mariano Ferrer. “Gobernuak ez du inolako interesik ezker abertzaleari arnasa emateko, eta horregatik sartu zuten preso Otegi. Baina ikusita azken gertaerak, Bateragune auzian nola eutsi behar dio akusazioari?”.

-Martxelo Otamendi. “Bahitu politiko bat da Otegi. Rubalcabak esan izan die Madrilgo kazetariei haregatik: ‘Honek Loiolako porrota eta Barajaskoa ordainduko ditu’. Mendekua izan zen Otegiren atxiloketa. Baina ez du logikarik ezker abertzalean ETAren bukaeraren alde lanean ari den bat kartzelan edukitzeak. Katalunian eta Madrilen jendearekin biltzen garenean, esaten digute zergatik ez den Euskal Herrian Otegiren aldeko kanpaina bat antolatzen. Arrazoi dute; ikur bat bihurtu behar da Otegi. Elgoibarren antolatu dira plataforma sortuta; Euskal Herrian bestela, ez”.

– Jone Goirizelaia. “Fiskalak modu pribatuan esana dit eurei ez zaiela interesatzen une hauetan Otegi bezalako pertsona karismatiko bat kalean izatea. Mendekua erabiltzen dute. Bahituta daukate Otegi. Ezker abertzaleak gogoeta hasi zuenean, Estatuak paretik kendu nahi zuen hainbat lagun eztabaida trabatzeko, baina ezin izan du trabatu”.

Zer moduz dago Otegi?

– Goirizelaia. “Ondo, zentzu batean. Ikusten du bera hasitako bidea egiten ari dela ezker abertzalea. Berak kalean egon nahi du, lanean. Bakarrik daukate espetxean, isolatuta, ez dago preso politikoekin batera. Preso berezi bezala tratatzen dute, agindu politiko batengatik”.

Legeztatuko al dute Sortu?

– Arzalluz. “Legezko beharko luke. Fiskalak inpugnatu egingo du, baina goitik gobernua ari zaiolako esaten hori egiteko. Ibarretxe [Jaurlaritzako] lehendakari zela EAJk eta EHk ituna egin zutenean, segituan atera zuten Alderdien Legea PSOEk eta PPk. Gero ere aterako dute beste zerbait, abertzaleak oztopatzeko. Bestela, militarren soluzioa besterik ez daukate”.

– Ferrer. “Legea aztertuta, Sortu baleko ez jotzeko aukera bakarra iruzurraren argudioa litzateke. Nik duela lau bat aste apustu egingo nuke ez dutela legeztatuko. Orain ere gauza bera diot, baina orain ez nuke apustu egingo”.

– Otamendi. “Oraindik badago Espainiako Auzitegi Gorena behartzeko denborarik, betiere atxikimenduak kuantitatiboak ez ezik, kualitatiboak badira; ez Euskal Herrian bakarrik, Katalunian eta Espainian ere bai. Kontu prepolitiko bat da hau, ez alderdikoia: denek izan behar dute aukera baldintza beraietan aurkezteko”.

– Goirizelaia. “Orain indar guztiak legezkoak izatera bideratu behar ditugu. Egin beharreko guztiak egin ditu ezker abertzaleak. Gorenak euskal gizartearen presioa sentitu behar du, zaila jarri behar diogu”.

Ezker abertzalearen gogoeta

– Arzalluz. “ETA isilik dagoela diote. Ez. ETAk hitz egin du”.

– Ferrer. “Etorkizuna ETAren esku ez dago, ezker abertzalearen esku baizik. Honek bere askatasuna behar du, aspalditik. Ematen zuen bere jendea, bere kapital guztia kateatuta zegoela beti. Ezker abertzalea bera askatzen bada, jendea ez da egongo ETAk zer egingo”.

– Otamendi. “Ezker abertzaleak gogoeta egin du, motel joan da kontua, horrelako prozesuak motelak direlako, borroka armatuaz eztabaida historikoa egin baitu, baina hor dago emaitza, eta ez dut uste Irlanda iparraldean gertatutakoa gertatuko denik hemen: erakunde armatuan zatiketa”.

– Goirizelaia. “ETAk hitz egin du orain, baina 2009ko azarotik ari da hizketan, Altsasun ezker abertzaleak agerraldi hura egin zuenetik. Gure gogoetaren ondoren, ezker abertzale osoak eman du erantzuna. Ezker abertzaleak bere gogoetaren ondoren lau ardatz finkatu zituen: indar aurrerakoi eta abertzaleen metaketa, bide politiko eta baketsuen aldeko apustua, konponbide demokratikorako baldintzak eta legalizazioa. Eztabaida benetakoa izan da, estrategikoa. Irabazi egin nahi dugu, eraiki, Euskal Herria independentea izateko”.

Herritarren mobilizazioa

– Arzalluz. “Tunisian izan nintzen duela bi urte, eta han arboletako orriak ere ez ziren mugitzen. Begira orain. Uste dut hemen ere horrelako zerbait gertatuko dela inoiz”.

EGA, politikoa

Elgoibarko Arnaldo Askatu Plataforma

2 pentsamendu “"Bahitu politiko bat da Otegi, eta ikur bihurtu behar dugu"”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude