“aztnugaL”

Mezu zifratu bat: ATZNUGAL. Ez da bere sinadura, jendaurrera inkomunikazio aldian bizitakoa kontatzeko modua da.

Jon Patxi Arratibel astearteko polizia operazioan atxilotu zuten Etxarri Aranatzen. Ekinentzat lanean aritzea leporatu diote. Inkomunikazio aldian, Askatu.org web orrian irakurri daitekeenez, tratu txarrak jasan ditu:

“Mediku forentseari ez da ausartu salaketa jartzera baina epaileari zehaztasun handiz esplikatu dio jasan duen infernua. Deklarazio polizialetako batean, sinadura botatzeko lekua bere izenearen ondoren aztnugal idatzi du, alegia laguntza alderantziz. Epaileari azaldu dio nola egin duen hori, eta zergati egin duen. Indefentsio egoera izugarri horren aurrean, tortura saio gogorren erdian laguntza behar zuela adierazteko esplikatu dio epaileari. Honi ere poltsa jarri diote buruan hainbat aldiz, kolpe ugari eman dizkiote, mehatxu ugari egin dizkiete senideekin eta hurbileko lagunekin. Bortxatzeko eta elektrodoak jartzeko imintzioak ere egin dizkiote.”

Patxi Arratibel, Gorka Mayo, Iñigo Gonzalez eta Gorka Zabalarekin espetxera bidali zuen atzo epaileak. Ostiralean, operazio berean atxilotutako Iker Moreno eta Miguel Angel Llamas ere espetxera bidali zituen Fernando Grande-Marlaska epaileak. Aldiz, Edurne Sauzori eta Koldo Garciari hamabi mila euroko bermea jarri zien, eta Xabier Beortegi eta Oihana Odria baldintzarik gabe libre utzi zituen.

Alderantziz idaztea

Sarrionandiaren poemak irakurri dituenak ondo daki alderantziz idaztearena ez dela baliabide berria. Hark ere, territorio librea poeman, azken lerroetan alderantziz idazten zuen oharra, funtzionariek ulertu ez zezaten. Horrela dio poemak:

Territorio librea  

Funtzionarioak zelatan ditugu beti:

bazterretik jarraitzen digute patioan,

atzetik jarraitzen digute komunera,

aurretik jarraitzen digute bisitara,

ateko mirilatik zaintzen gaituzte zeldan

eta gure loa ere zelatzen dute.

Haiengandik ezin dugu aldegin

ez patioan, ez komunean, ez bisita

kabinan, ez zazpigarren loan.

Euskara da gure territorio libre bakarra.  

 

Euskaraz solasean hasiez gero

hara hor funtzionario bat berehala

ezkutuan gure ondora datorrela.

Zihur ez duela deus ulertzen euskaraz

baina bertan geratzen da zelatan,

espioi filmetako espioiaren moduan.

Dena dela, guk ez diogu euskarazko

lehen ikasgaia ere emanen eta,

gutako batek oharkabean bezala dio:

emukatup tab kogaid erug naedlakezta ae neztidnufnok nugud…

Astearteko atxiloketako irudiak

Irudia | Astearteko atxiloketako irudiak | 20 minutos | LGPL
laguntza, literatura, tratu txarrak

3 pentsamendu ““aztnugaL””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude