Azkena gure alde

Azkena gure alde

.

Azkena gure alde; Hertzainak taldearen behin betiko agurra bi zuzenekok gauzatuko dute, abenduan BEC aretotzarrean eta urtarrilean Gasteizen.

Azkena gure alde2019an Bilboko Kafe Antzokian eta Euskaldunan eskainitako kontzertuek, sorrarazitako emozioak zale gehiagorekin partekatzeko gogoa utzi zien Josu eta Gariri. Pandemiak eten zuen gogo bizi bat erne zitzaien kontzertu haien ondorioz: Bilbon bizitakoak Gasteizen ere bizitzea lortu behar genuke. Bertan hasi zen dena eta bertan bukatzea zor diogu. Egin dezagun azkena gure alde, sortzen ikusi gintuen hirian. Horrenbeste merezi dugu bai Hertzainaken zaleek bai guk. Egin dezagun azken gure alde.

2019 kontzertuekin alderatuta, azken emanaldi hauen hiru balio erantsi nabarmendu beharrean gaude:

  • Baga, Luis Javier Saiz Txanpi hasieratik taldearen bateria izan zenak parte hartuko du kontzertuotan.
  • Biga, 2019ko kontzertuak nostalgia barik, inolako penarik gabe, poz handiarekin eta bizitzarekiko maitasun sakonarekin eskaini bazituzten, mundua inarrosi zuen pandemia baten ostean eta mundu mailako gerra hotsen artean, bizitzarekiko are maitasun handiagoaz eskainiko dituzte Hertzainaken kantak.
  • Higa: Emanaldiok taldea sortu zeneko 40 urteurrenarekin bat egiten dute.

Gaur egungoengandik ezberdin baina oso antzeko, urte sano gatazkatsuetako soinu bandaren parte izan ziren Hertzainak. Espainolez kantatzeko hautua egin zuten RRV legez ezagutzen den etiketa osatu zuten talde gehienek. Hertzainakekoek ez. Gasteiz oso erdaldun batean, punkiak izateko ezinbestean euskaraz kantatu behar zutela erabaki zuten, hein handi batean, lagun eta inguruko erdaldunek behartuta.

Euskaldunentzat zein erdaldun askorentzat erreferente bihurtu zituen hautu horrek, eta Hertzainaken kantagintzaren arrastoa, eragina edota zantzoak, 2022an kantagintzan euskaraz ari diren talde batean baino gehiagotan igarri daitezke. Bai hizkuntzaren hautuari dagokionez, bai hautu estetikoari dagokionez, bai jarrerari dagokionez.

Punk jarrerak aurrekoaren eta ordukoaren kontra egitera bultzatu zituen. Sistema ororen aurka. Eta era berean, halabeharrez, katebegi bihurtu ziren, aurrez euskaraz kantatzeko hautua egin zutenen eta gaur egun euskaraz kantatzeko hautua egin dutenen artean.

Oroitzapenen berpizte kolektibo bat izango dira Hertzainaken emanaldiak. Orduko porroten eta gaurko lorpenen balantza bat. Orduko lorpenen eta gaurko porroten gorazarre bat. Izan ere, 2019ko Euskaldunako eta Kafe Antzokiko kontzertuak bizi izan zituztenek sentitu zuten, kanta askok, 30 urte beranduago, zeresana dutela, kanta haiek gaur ere badirela, korapilo askok askatu gabe dirautelako, arazo asko konpontzeke ditugulako eta gaur garen orduko haiek jakitun garelako.

Aspaldion askoren ahotan dagoenarekin bat eginez, transmititu dezagun euskarazko kantagintzaren historia eta oraina biharkoek euskaraz kantatzeko hautua egin dezaten, euskarazko kantagintzak luzaroan bila dezan bere bidea.

BECen eta Gasteizen

Bi emanaldi eskainiko ditu Hertzainakek:

  • Abenduaren 16an Barakaldoko BECen.
    Milaka lagun bilduko dituen gaua izatea nahi genuke, horregatik aukeratu dugu ezustekoz beteriko emanaldi gogoangarri bat eskaintzeko moduko aretoa.
  • Urtarrilaren hasieran Gasteizen.
    Gasteizekoa bilduagoa izatea aurreikusten dugu, lagunarteko agur ospakizun bat. Horretarako aproposa den aretoa hautatu dugu, gure aldeko azkena eskaintzeko neurrikoa.

Bi emanaldiotan, hainbat musikarik parte hartuko dute bai Hertzainaken emanaldien aurretik bai bitartean. Sarrerak urriaren 4ko goizeko 11:00etan jarriko ditugu salgai www.hertzainak.eus webgunean, 29, 40 eta 45 eurotan..

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

Azkena gure alde