Azken adioaz gogoetan

Azken adioaz gogoetan –

Gizarte kapitalista-indibidualista-kontsumista honetan, bi modu nagusi daude mundu honetako bizialdia amaitu duenari azken adioa egiteko komunitate hurbilean: hileta erlijiosoa edo zibila. Eta hileta erlijioso motak erlijio bezainbeste egongo dira, baina adio erlijiosoari dagokionez, gurean usadiozkoa den hileta-elizkizun kristau katolikoari lotuko natzaio, hori baita ezagun dudana.

Azken adioaz gogoetan

Berriki izan naizen hileta-elizkizunean, hiru apaizek eman dute meza, eta aldi jakinetan eta eginkizun jakinekin beste hiru laguntzaile zituzten alboan: arrosarioa, irakurketak, eta gainerakoak egiteko. Koruan, berriz, emakume-abesbatza, une tristea alaitzen, dena mundu honetan ez dela amaitzen iragartzen, hitz kantatuen bidez.

Apaizek okasiorako Bibliatik hautaturiko hitzak berriz, San Joanen ebanjelioaren hasierakoak: “Hasieran bazen Hitza./Hitza Jainkoarekin zegoen/eta Hitza Jainko zen./Hasieran Jainkoarekin zegoen Hitza./ Gauza guztiak beronen bidez egin ziren,/eta egindakotik ezer ez da berau gabe egin./Hitzarengan zegoen bizia,/eta bizia gizakien argia zen; argi horrek ilunpetan egiten du argi,/baina ilunpeek ez zuten onartu.(…)Hitza zen egiazko argia,/mundura etorriz/gizaki guztiak argitzen dituena./ Munduan zegoen/eta, mundua haren bidez/egina izan arren,/mundukoek ez zuten onartu.(…) Eta Hitza gizon egin zen/eta gure artean jarri bizitzen./Ikusi dugu haren Jainko-aintza,/Aitarengandik maitasun eta egiaz betea/datorren Seme bakarrari/dagokion aintza.”

Egia da hiletan, aldian behin, hildakoarekin izandako harremanaren hondarrak etortzen zitzaizkidala burura: irudiak, hitzak, eta egungo bestelako kontuak ere bai, baina gorago aldatutako San Joanen ebanjelioko hitz horiek badute hitz poetikoaren misterio-airea, eta lortzen zuten elizkizunari jantzi arranditsua, zerutiarra ematea.

Sermoian, apaiz meza-emaileak esperantzazko hitzekin batean, eta egun sinesmena izatea zaila dela aitortzearekin batera -beti izan bide da zaila sinesmena izatea-, aletu zituen hildakoaren merezimenduak, eta haren fedea azpimarratu zuen. Emakume-ahotsezko koruak argi-hitzak eta itxaropen-hitzak ahoskatzen-xaramelatzen zituen bizkitartean…

Elizkizun amaieran, eliz atarian, ohiko berriketaldiak hildakoaz, eta biziez.

Sinesmen eta itxaropen handirik ez izanagatik bertaratuek -edo bai-, hurbileko komunitateak emandako sostengu erlijioso-humanista horrek segitzen du itzala izaten.

Eta adio zibila? Bakanago gertatu zait partaide izatea. Gogoan iltzatuen dudanean, hitza eta musika izan ziren osagai nagusiak, eta, jakina, bertaratutako gizabanakoak, komunitate airean elkarri josiak ekitaldiak iraun zueino, nahiz asko ezezagunak izan batzuk besteekiko. Gehienetan, erraustu egiten da gorpua, eta errautsak zabaldu ere bai, baina garrantzizkoena oroitzapenak dira, eta hitzak, musikatuak edo errezitatuak.

Ekitaldi zibilen hitzetan, ez ohi da erlijio-hitzek izan ohi duten transzendentzia itxura edo xederik, geroko esperantzarik; gehienbat iraganean partekaturiko momentuak, hildakoaren goresmenak eta haren oroitzapena atxikitzeko asmoak agertu ohi dira, eta erlijiosoak baino pertsonalagoak, interpelazio zuzenagokoak izan ohi dira, eta maiz hunkigarriagoak.

Era batera edo bestera egin azken adioa, merezi du ez ahaztea gure bizitza pindar bat dela bi eternitateen artean, eta ohartzea komunitate hurbilekiko azken adioa erlijiosoki edo laikoki egin nahi dugun, pare bat gogoeta egitea ez dela alferrikakoa, biziaz ere, biziaren laburraz, kontzienteago izaten laguntzen digun heinean.

Azken adioaz gogoetan

Argazkia: darksouls1 (Pixabay)

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

18 pentsamendu “Azken adioaz gogoetan”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-01-03 15:12

    Eskerrik asko, eni gaia interesgarria zait Patxi
    Denboran, ehorzketak, enterramenduak, denentzat une oso serioak, eta, (nola erran ?) erran nezake , kasik « preziatuak » zirela landa eremuetako hiri tipietan. Herritar guzientzat, umilarentzat berdin, Eliza mukurru betetzen zen azken galeriaraino eta azken jindako jendeak xutik egon behar zuen gibelean bortaren ondoan.
    Nahiz tristezia eta bildutasuna airean sentitu arren, artetan kantatzeko euskaldunen gustuak ezinbestez gaina hartzen zuen, kantuak gora, azkar, eta denak batera emaiten ziren, iduriz eta, denek heriotzaren aurreko solidaritatea zenduaren familiari eta komunitate tipi guziari erakutsi nahi ukan.
    Salbuespenak salbuespen, erritualisatua izan arren, zeremonia egiazko laguntza psikologiko bat zitakeen malurrean ziren senideentzat. Badut uste sendimenduak ez zirela alegiazkoak. Horren seinale, hilbeilaren kari edo ondoko egunetan, gertatzen zen auzoren bat alargunari barkamena galdegitea zenduari iraganean zerbait gaizki egina gatik.
    Mezaren bukaeran ertoreak iragarri ohi zuen bazela atsaskari bat familiarentzat eta hurbilekoentzat. Dakidanez ez zen nehor errefusatzen.
    Aitortu beharra daukagu atsaskari horien bukaera giroa ardura piskabat berotzen hasten zela. Ezteiekin batera, Ibar zolako ahaideak ikusteko aukera bakarrak ziren eta
    Bainan iluntzean, etxeratekoan, askok pentsakor beren golkoan pentsatuko zuten, hiltzekotan eta zerbait egitekotan, beraientzat eta beren familiarentzat horrelako enterramendua nahiagoko luketela.
    Ezdakit jinkoaren baitako norainoko sinesmena zuten gure zaharrek, ez naiz gai jujatzeko, bainan segur naiz enterramenduaren elizkizunak eta ondorengoa maite zituztela. Besteak beste, komunitatearen berotasuna sentitzeko aukera hauta baitzen.
    Momentuz, esperientzia guti dut zeremonia zibiletan.

  • euskaldun bat 2020-01-03 16:28

    Bikaina azalpena, Benat! Hain ondo deskribatu duzu!

  • Ados euskaldun bat-ekin, deskribapen ona Beñat. Lehendik hona diferentzia nabarmen bat bada -Gipuzkoako herri handi samarretan behintzat-,tanatorioa, bere alde on eta txarrekin, baina erabat gailendua. Gero, batzuetan gorputza (gorpua) eramaten da elizara, eta beste batzuetan ez.

  • euskaldun bat 2020-01-04 12:33

    “Ezdakit jinkoaren baitako norainoko sinesmena zuten gure zaharrek…”. Hori da kontua, erlijiozaleak izan ala ez, erlijio horrek, tradizio horiek, batu egiten zituen herri bezala. Zer da ba gizarte bat? Ohitura, sinbolo, tradizio batzuen bilkura baino? Eta nik uste dut Beñatek hori adierazi nahi duela: lehen batzen zituzten tradizioak zituzten eta orain horiek ere galtzen ari dira. Eta galtzea bere horretan ez du zertan txarra izan beharrik beste tradizio batzuk ordezkatzen dituzten bitartean. Baina hori da falta zaiguna, ez dugula ordezkorik. Beraz, hemen erlijio tradizioen aurka etab aritzea errespetagarria da baina besapean ordezkoa izanda. Suntsitzea oso erraza da, gero eraiki egin behar da ordea.

  • Benat Castorene 2020-01-04 18:32

    Iduritzen zait kristautasunetik eta antzeko baserri mundu batetik zetozkigun aportazioen galerak zilo haundi bat egin duela gure euskal funts etnokultural amankomunean eta beraz ezinbestez gure anaitasunaren kontzientzia ahuldu duke .
    Alta bazuela beste beharrik!
    Zerk tapatuko du zilo hura?
    Euskarak bakarrik ezin du inposiblez dena egin.

  • Bete betean asmatu duzu, Beñat. Gakoa hor dago: zerk tapatuko zuloa?
    Marxismoarekin saiatu ziren, baina porrot egin zuten, orain feminismoa omen da betagarria eta porrota are handiagoa izango da. Eta gero, zer?

  • Benat Castorene 2020-01-04 21:18

    Tradizioa sobera fite abandonatuz geroz kondenatuak ote gara moda eta berrikuntza guzien ondotik alferretan kurritzea gu ere erabat globalizartuak izaiteraino?
    Alta dena ere ez zatekeen gordetzeko on gure tradizioan
    Nun eta nola ikasi zintzo izaiten?.

  • Traditionearequin aphurtu da bethe bethean eta haren ordez dena falsuqueria.
    Neu, batez ere, euscararen falsuqueriaz occupatzen naiz.
    Guipuzcoaco euscaran lehenengo aldiz liburu bat plazaratu çuen Joseph Ochoa de Arinen lan hori digitalizatzen ati naiz. Doctrina Cristiana da 1713. urthean publicatua.
    Ordiciar vicario honen euscara guztiz normala cen, gaurco euscara ez beçala.

  • Joseph Ochoa hau ez cen perroflauta bat. Musicoa ere bacen. Haren cantatac ençuten ahal ditugu youtuben.
    Josephen familia noblea cen. Haren aita Espainiaco Carlos II.aren idazcari.

  • Ochoa de Arinen liburuaren bigarren editionean 1500 ale eguin ciren. Çorci bat urtheco umeec buruz ikassi behar içaiten çuten cartilla horretaco parteric asco. Erran gabe doa ecen iracurcen ere bacequitela gaztetto horiec. Euscaraz.
    Ongui içan!

  • https://youtu.be/FrS02yk3tg0

    Joseph Ochoa de Arin jaunaren obra musicalac (tocatac).
    Erran beçala, artista bat eta ez perroflautista saltimbanqui bat.
    Cembat euscaldunec çuten personage isildu honen berriric?
    Ia nehorc ere ez. Traditionea ahanzturaz estalia.

  • Benat Castorene 2020-01-05 10:12

    Egun on Josu,
    Zaila zaigu guzioi generalitateak erraitea
    Hala ere, entseia gaiten: iduritzen zait gure hizkuntza, gure identitate, hots gure nazioa bera perilean dagoden une honetan bertan gure tradizioa eta gure aurrekoak sobera erraz ahanzten ditugula mundu guzitik datozkigun modak oro frenetikoki kopiatzeko.
    ( Ez dezagun sekula ahantz kanpotik bultzatzen gaituztela norabide horretara)
    Lehenbiziko portaera hau nabarmenki suizidario da.
    Bestetik ezin gara egon iraganaren apologian blokeatuak, mundua eraldatzen da eta. Hau bigarren portaera suizidario bat litzateke.
    Orduan soluzio bakar bat gelditzen zaigu : lehenik tradizioa eta aurrekoak untsa ezagutu, errespetatu, maitatu. Gero mundu guzitikako ekarpenak, guretzat baliagarri izan litezkeenak, aztertu, gure saltsan moldatu, gure bidea eraikitzeko gure ekarpen tipia nahi duenari eskainiz.
    Josu, ados nintzateke erraiteko azken hamarkadetan lehen portaera gailentzen zaiola bigarrenari.
    Bainan ez ote zara erreakzio hutsez ari, esaten duzunean
    « haren ordez dena falsuqueria »?
    « Haren » hunek « tradizioaren » ordezkatzen badu behintzat.

  • Benat Castorene,
    “dena falsuqueria”-ren ordez, “anhitz falsuqueria” idatzi banu, hobe içan liçateque.
    Milla esquer!

  • “hobe (içan) çatequeen”

  • Barka, baina “hobe (içan) çatequeen” eta “hobe içan liçateque” ez dira ber gauça!

  • Benat Castorene 2020-01-05 22:04

    Ulertu nuenez
    Dateke (orainean) eta zatekeen (iraganean) « izan » aditza da, bakarrik erabil daitekeena
    Aldiz ene ustez zentzu berean berdin esan dezakegu :
    Daiteke (orainean) eta zitekeen ( iraganean) « edin » aditz lagunaren formak dira bainan beti beti aditz batekin erabili behar zeren eta berez bakarrik ez baitute deus erran nahi
    Orduan “egia dateke” edo “egia izan daiteke” esangura bera dute
    Zuzen naiz ? ala makur ?
    Konplikatzeko zuberotar kokin horiek erraiten dutelarik
    “egia da(teke)” uste dut ulertu behar dela “egia izanen da”

  • Benat Castorene 2020-01-05 22:06

    barkatu zuberotarrek “date(ke)” dute erraiten

  • çatequeen (iraganaldia) da dateque (orainaldia) forma’ behin memorizaturic.
    liçateque, ordea, atemporala da. Memorizatzen dugunean ez da formaz aldatzen.
    dateque erabilcen ez daquitenec ez luquete nehoiz erabili beharco çatequeen. Incongruencia baita bethe bethean.