Aza Gustuko Dut

Aza Gustuko Dut

Aza Gustuko Dut

Bazkari giroan eta mahaiaren bueltan despistatu bakanek goratzen duten barazki zimur hostotsua da aza. Aldian-aldian, soilik sukaldari profesionalek laudatzen dutena; behin, Igor Zalakain, Arzak jatetxeko sukaldaria aditu nuen Euskadi Irratian azari gorazarre egiten. Salbuespena zara, Igor! Ez dakit gutxiesteko joera itxuragatik den edo duen zaporeagatik den. Edo zapore ezagatik den. Agerikoa da, halere, ez duela urdaiazpikoaren osperik, ez eta txuletak sagardotegietan sortzen duen adurrik eragiten.

Hala, desmasia galanta da azarena, esaera eta deskribapen iraingarriak irudikatzeko zereginetara kondenatua izan da eta. Gurean, esaterako; norbait azaren azpiko orria ez dela esatean – ez zara zu, ez, azaren azpiko orria-, pertsona tentea eta ziurra dela esan nahi izaten dugu: bere burua balioesten dakien pertsona, alajaina!

Azak ez du baserri giroetan janari izendapenik ere merezi izan, halaxe entzuna diet gurasoei keinu zabarrarekin lagunduaz azari buruzko iritziari. Miresmenez tratatu eta losintxak jaso ordez, irainak eta kalteak jasan ditu barazki gizarajoak. Hartara, eta sutara egur gehiago botatze aldera, inguruan esaten den beste esaera batek aurpegi nahigabetua edo bisaje haserretua aza orriarekin lotu ohi du: nora zoaz zu aza orri aurpegi horrekin! Ernegatuta eta ozpinduta, alegia.

Aza Gustuko Dut

Baina, azari egundo egin zaion umiliazio publiko handiena, bere burua atzera lur azpira sartzeko bestekoa, gainontzeko barazki guztiek sozialki baztertzeko hainakoa, Xabier Arzallus EAJko ugazaba ohiak eginikoa da duela urte dexente. Garai hartako Euskadi Buru Batzarreko ordezkari gorenak esan zuen Euskal Herriak independentzia eskuratuz gero, azak jatera derrigortuak izango ginela. Independentziarekin onurarik eskuratu ez eta pobretu egingo ginatekeela iradokiz.

Egun, berriz, independentzia hobeto bizitzearekin harremantzen dute batzuk. Bestetzuk, independentziaren aurretik errealismoz eta abenturarik gabe jokatzea nahiago dute, ongizatea nahi duenak ez duelako bapateko aldaketa sakonik ametitzen. Kontua da, ordea, hobeto bizitzeak ez duela esan gura luxuzko bizimodua eraman behar denik, ez eta aza jatea okerrago bizitzea denik: hobeto bizitzeak jasangarritasuna adierazten du! Hau da, jasangarria ekonomiari dagokionez, ingurugiroari dagokionez, giza eskubideei dagokionez eta abar…

Beraz, aza ospe txarreko eta txirotasunari lotua izan arren, Euskal Herri independientean hobetsiko nuke aza dastatzen jarraitzea. Konpromezu bako ongizate batetan eroso, dependiente eta kontsumismoari atxikita bizitzearen aldean duina deritzot!

Aza Gustuko Dut