‘Ay Macarena’

‘Ay Macarena’ –

Jarlekutik edo tribunatik. Mitinetan edo prentsaurrekoetan. Estilo berezia du. Erasokorra oso. Begirada, birrintzailea. Jarrera, harroa. Hitza hartzen duen bakoitzean, erronka botatzen die bere aurkariei. Gehienetan ironiko. Sarritan, ziniko. Askotan, mingarri. Oratoria menderatzen du. Hitz egiten duenean, toreroen planta hartzen du: tente gorputza, zuzena begirada. Besoak eta eskuak ederki mugitzen ditu, esandakoa indartuz, ahotsarekin nabarmenduz. Agerpen publikoetan lotsarik gabe oldartzen da. Bere etsaiei —harentzat ez dago aurkaririk— erronka botatzen die zuzen-zuzenean begietara so eginez. Mezua edozein izanda ere, subliminalki, hauxe esaten die: «Potroak edo obarioak badituk/n, goazemak/n kanpora eta ostiaka erabakiko di(n)agu!». Alfa eme nagusia da bere taldean: Macarena Olona da, Voxek Andaluziako hauteskundeetan aurkeztu duen hautagai eta, egun, Granadako diputatua.

'Ay Macarena'
Arg: wikipedia

Izatez, bera Alacanten jaioa da. Zuzenbidean graduatua. Karrerako sari berezia lortu zuen 2003an. Euskal Herriko eremu juridiko harrotuetan hanpatu da, 2013-2018 urtealdian, Estatuko abokatu-burua izan baitzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ustelkeriaren aurkako auzietan nabarmendu da (Karrantza eta Mercasa aferetan, kasu), baita poliziaren abusuak justifikatzeko lanetan ere. Orain, Andaluziako kanpaina egiten ari da. Ay Macarena! kantatuko diote, PSOEren iragan ustela aireratzen duen bitartean. Zartailua koipetzen ari da sozial-komunista-separatistak astintzeko: «Ez izan beldurrik ezeri eta inori. Aurrera Espainia», Fuerza Nueva talde ultraeskuindarrak 80ko hamarkadan erabilitako lelo bera errepikatzen ari da, han eta hemen. Hau da hau Macarenaren orena!

Harrabotsa bai, badakigu nola sortzen duten, baina zergatik du eskuin muturrak hainbeste arrakasta jende umil, apal eta langileen artean? Zer egin du gaizki ezkerrak? Nolatan utzi dio tarte hori langileen interesen kontra doan espazio politiko horri? Esango didazue Euskal Herrian gaudela eta hemen ez dugula Macarenarik, ezta beharrik ere! Ados, baina eskuin muturraren hedapena mundu osoan gertatzen ari den fenomenoa da eta, Moncloara iritsiz gero, gu izango gara lehen zartatuak.

Kontu honen inguruan, Toño Fraguas kazetari eta filosofoak pistaren bat eman du berriki: «Espainian neofaxismoaren loraldia ez da fenomeno berria, Vox sortu aurretikakoa da. XXI. mendean informatzeari uko egiteak desinformazioa dakar ezinbestean, buloekiko eta manipulazioarekiko esposizioa ia saihetsezina delako eta horixe dugu eguneroko ogia». Frankismo soziologikoa, kontzientzia kritikoaren falta… dena lotuta doa: buloak, gezurrak, desinformazioa. Ziurgabetasuna, nekea, enpatia falta, egoismoa. Bizi dugun egoera arraro eta distopiko honek nekatu eta nazkatu egin gaitu. Joan den astean ezagun batek hauxe aitortu zidan: «Txema, nik aspaldi utzi diot albistegiak kontsumitzeari. Pozoia besterik ez dira. Nik, Rock FM, eta kito. Besterik ez dut entzuten». Euskalduna da bera. 50 urte ingurukoa eta jatorri umilekoa. Ez dakit nori ematen dion botoa, ezta bozkatzen duenik ere. Bere amak 85 urte ditu. Ikaratuta bizi da. Apenas ateratzen den etxetik, pandemiak etxean gotortu du. Bakarrik bizi da eta berak ere izua dio komunikabideen jarioari.

Non gelditu dira pandemia garaian egindako promes handiusteko haiek? Dena aldatu behar genuen, mugikortasuna, osasun publikoa, lan egiteko erak, elkartasuna lantzeko manerak… Promesak eta zerbezak batera joan dira: komunetik behera. Pentsamendu azkarraren sindromepean bizi den gizarte honetan, publikoaren memoria gero eta laburragoa da. Publiko bihurtu gara. Ez herritar ahaldunduak. Judith Butler filosofo estatubatuar feministaren aburuz, pandemiaren ostean «kapitalismoa berrabiarazi egin da, inoiz baino indar handiagoz gainera» (Amazon, kasu). Horregatik, pandemiaren osteko gizarte polimorfo honetan, berak beste elkartasun mota bat defendatzen du: «Feminismoa, ekologismoa, pertsona errefuxiatuen eskubideak eta proposamen postkapitalistak aldarrikatzen dituen solidaritate berri bat». Eta hauxe ere gehitu du: «Hizkuntzen eta nazionalitateen bidezko elkartasuna ere behar da; modu lokalean jarduteko baina, aldi berean, munduko gainerako herriekin bat egiteko». Butler Katalunian izan berri da ¿Quina mena de món és aquest? (Zer motatako mundua da hau?) liburua aurkezteko eta Generalitateak ematen duen Kataluniako nazioarteko saria jasotzeko.

Eskuin-muturraren zuribideak askotarikoak dira. Honatx PPren buruzagi berri moderatu Alberto Nuñez Feijook bota berri duena: «Voxekoek eskuin muturrekoak direla esatea gustukoa ez badute, bada, ez diet esango». Toño Fraguasek dioen bezala, Espainian, ezkerraren boto-emaile ziren askok, ia oharkabean —nekearen nekez, saturazio informatiboaren mende— modu naturalean, bere egin dute eskuineko eta hegemoniko diren hainbat komunikabidek egunero aireratzen duten ondorengo argudioa: «Sanchezek Podemos, ERC, eta bilduetar horiekin bat egiten badu… zergatik ezin du PPk gauza bera egin Voxekin?». Gutxieneko kultura demokratikoa ez duen jende askorentzat, arrazoibide maltzur horiek oso eraginkorrak eta naturalak dira.

Sarritan aipatu dut, baina ez naiz sekula nekatuko gauza bera aldarrikatzen: herritar ahaldunduak eta kritikoak lortzeko, alfabetizazio mediatikoa behar da, heziketa komunikazioan, gutxieneko gauzarik ebidenteenak bereizteko, alea eta lastoa, egia eta gezurra, ideia zanpatzaileak eta askatzaileak. Horregatik, etsipen handiz irakurri dut Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2022-2024 aldirako aurkeztu berri duen Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana. Gaitasun digitalak sustatzea du xede. 2.002,6 milioi euroko inbertsioa da. Arlo teknologikoan jartzen da azpimarra. Ez dut ezer irakurri alfabetizazio mediatikoari buruz; hitz bat bera ere ez.

Heziketa kritikoa landu ezean, inertziak eta nekeak mendean hartuko gaituzte. Ustez neutroak diren mezu atzerakoi eta zanpatzaileak naturalizatuko ditugu. Eskuin muturra ate joka dago. Entzuten ez badugu, errua gurea da. Ay Macarena! Segi dezagun haren perlak zuritzen.

berriarentzat egindako kolaborazioa

‘Ay Macarena’ ‘Ay Macarena’ ‘Ay Macarena’

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

2 pentsamendu “‘Ay Macarena’”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2022-05-17 14:33

    “Aah, Macarena!”

    Ba artikulua gustura irakurtzen hasi naiz, serotoninaren efektua nire organismoan gozatu dut, harik eta “Judith Butler filosofo estatubatuar feministaren aburuz” esaldi-erdiak pedoa erabat moztu didan arte.

    Filosofo, estatubatuar, feminista. Hiruretatik, problematikoa ez den bakarra “estatubatuar” da. Igual kanadiarra da. Bere burua “ez bitar” deklaratu omen du. Beraz, feminista ez da. Bere burua “ez bitar” definitzera iristen dena ez da feminista.

    Feminismoaren (eta marxismoaren, besteak beste) arabera, emakumeek jasaten duten zanpakuntza sistemikoaren oinarria zein da? Emakumeen ugaltze gaitasuna eta sexualitatea. Butler-en lanak ez du zer ikustekorik hatsarre horrekin. Beste bideetatik doa.

    Eta gizarte post-kapitalista baten aldeko gizartea defendatzea Kataluniako Generalitat-ak emandako aitortza baten aitzakian…. Atentzioa eman dit, harritu naiz. Judith Butlerek harro jakinarazi du Kamala Harrisen alde milaka dolar eman dituela.

    Judith Butler ezkerreko antikapitalista, feminista ote da? Judith Butlerek nahita bere testuak ilun eta kriptiko sortzen ditu. Anyway, argi dago Amerikako Estatu Batuetako herritarra dela.

    Haren lanak ez genituzkeen ezagutuko bera AEBetako herritarra ez balitz eta ingelesez idatziko ez balu. Bihoakie goraintziak eta bejondeiela, mundu osoko Butleren itzultzaile guzti-guztiei. Queer korronteen oinarrian, pentsamendu sendoak baino, dolar piloa besterik ez dago.

  • Txema Ramirez de la Piscina 2022-05-18 07:52

    Amonamantangorri:
    Mila esker zure iruzkinagatik. Errespetagarria oso zure iritzia Judith Butler-i buruz. Beste gauza bat da konpartitzea edo ez.
    Pozten naiz artikuluak, hasieran bada ere, serotoninaren efektua sortu badizu.
    Ondo izan.
    Txema.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude