Autoritarismoaren bidean

Autoritarismoaren bidean –

Autoritarismoaren bidean
Arg: Nafarroako Hitza

Gogoan duzue Huerta de Peralta? Bai, ‘hokoke, hokoke’ kantatzen zutenak. Bada, berriz ere arazoekin dabiltza. Funtsezko sektore batekoak direnez, ez dute lanean etenik izan, ezta haien eskubideen aldeko borrokan ere. Eta iragan astean elkarretaratze bat egin nahi izan zuten lantokiaren atean, enpresaburuak berriz ere gaiztakeritan dabiltzalako.

Bere garaian Huerta de Peraltan Foruzaingoaren nahikoa egur eta isun jaso genituenez, LAB sindikatuan erabaki genuen elkarretaratzea behar bezala komunikatzea. Hanka-sartze nabarmena, antza. Espainiako Gobernu Ordezkaritzak elkarretaratzea debekatu baitzigun.

Langile horiek 7, 8 edo 9 ordu ematen dituzte egunero elkarrekin lanean. Baina lana bukatuta ezin dute pankarta bat hartu eta beren eskubideak defendatu, kontzentrazio horrek ekar ditzakeen “osasun ondorioengatik”.

Bide berean, atzo jakin genuen CGT, STEILAS, ESK eta Solidari sindikatuek maiatzaren lehenean [Iruñeko] Baratxurien plazan egin nahi zuten 6 pertsonako ekitaldia debekatu zuela Gobernu Ordezkaritzak. Eta ildo berean, litekeena da LABek egun bererako antolatu dituen auto karabanak ere debekatzea.

Eta horixe da, lagunok, gaur kontatu nahi nizuena; estatu autoritario polita gelditzen ari zaigula, alegia.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko apirilaren 28koa]

Autoritarismoaren bidean

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.