Autonomista berri batek, independentista bati.

Baloia
Patxi Zabaletak bazuen, petrikiloak gomendatu bezala, termometroa ahoan sartuta ohean ezkutatzerik, Bildu legeztatu dutenetik igo baitzitzaion sukarra, izerdia eta izerdia bizkarrean behera. Baina ez: Bere bokazioa adierazpen publikoak bulimiaz egitean datza eta ez du amore emango, alajaina.

Arauzko baloi berri-berri bat ekarri zuen behin eskolara gure klase-kide batek. Adidas bat! Larruzkoa! Arauzkoak ziren haiek, aurpegian eman ezkero sudurra okerra eta ezpainak hortzei itsatsiak hilabete osorako uzten zizuten baloi ezin desiratuago haiek. Plastikozko baloi trauskilekin, kantxa bakarrean hamazazpi partida jokatzen ziren aldi berean, ostikoak berdin pilotaren Naranjitoren marrazki lokaztuari zein ondoko lagunari luzatuz, Braveheart kartsuak gu!  Bat-batean arauzko baloi batekin jokatzeko aukera gure eskura. Kartazal-sorpresa batean irabazita bezala, nola esan, karismadunenak oihukatu bezala: DE PUTIN BOLO!!


Alabaina, klase-kide sinpatiko hark erabaki ei zuen bere gloria unea luza zezakeela, guztion erreguak entzunaz, egunero, eguerdiro, bere ezezko egoskorraren aurrean belaunikaturik. Ezetz, gure apatxen puntekin emango geniola, eta halako arrautzatxoak aterako genizkiola, astapotrook. Bere baloiaren gainean eserita, gure argudio aztiei, irudimentsuei, anitzei, inspiratuei, guztiei, beti destainazko ezezko aristokratiko berberarekin erantzunez. Bilerak egitera igaro ginen orduan, haizeak aise eramaten zituen gure baloiak aldakatan bermatuak, buruak erdigune batean elkartuak, noizean behin atzera begiratuz, tiranotxo berriak baloia deskuiduan askatuko bazuen, erne beti. Batek beti proposatzen zuen txoro hari baloia kentzea eta bide batez, belarrondoko bat ematea, uler zezan. (Onar dezadan hori ni nintzela, egia historikoari zor).

Besteek lehia handiagoa zuten euren harridurarekin, kide haren zikoizkeriarekin baino: Zertarako nahi ote du baloi bat kretino horrek, futbolean aritzeko ez bada?! Ideia berriak zanpatzen genizkion elkarri, antsietateak jota: Eskain diezaiogun kapitaina izatea!–Ei! Kapitaina, eta Bollicao bat!–Nork erosiko dio?–Denon artean!–Bai, kaka, nik ez!!–Atzo aditu nion asko gustatzen zaiola limoizko Fanta!–Niri ere!–Zu ixo.
Negoziazio prozesuetan ez gara berriak izanaz oroitzen ere, baina beti dago zer ikasi. Egunak joan egunak etorri, eskaintzak hara eta kontra-baldintzak hona, Nintendo bat nahi zuela errebelatu zigun azkenean, Don King Kong bat, –pantailatxo bikoitzekoa–.


Une hartantxe zerua erdibanatu zen eta lorontzi moduko bat erori zitzaigun buruetara laino beltzen artetik, hop! Guztia ulertu genuen: Eta sartuko balu bere baloi nazkagarria kabitzen zaion tokitik? Eta txaloka hasi ginen, bibaka, pozarren. Oharkabean zera ulertu genuela jakin gabe, baina ondotxo sentituta: Bat egin genezakeela, gauza ederrak partekatu nahi genituenok, eta ez genuela zertan inoren zain egon. Are gutxiago matematikari saiatuenaren baina futbolari inutilenaren zain.


Gure baloi proletarioekin kantxara inoizko gogo eztandarik ikaragarrienaz egin eta  erregetxo destronatua hara, haserretu egin zitzaigun, sutan masailak. Mutiko gizajo hark egun hartatik aspertu arte esan zizkigunak Patxi Zabaletari entzun dizkiot egunotan, Bildu hauteskundeetan egon daitekeela dakigunetik. Ez omen da “errealista” gure futbol zelai nabarrean denon artean adosten duguna egitea. Ez omen da demokratikoa. Autonomista da! Nahiz eta jokatzea erabaki dugunak (bidean sudurrak eta hortzak eta urguiluak ubeltzeko arriskuarekin izan arren, jokatzea erabaki dugunak) alegia gu indartzeko, berari eman beharko geniokeen boza bere aburuz. Bere eredua beste zelaietara esportatzeko prest agertu zaigu, bide batez. Mehatxua da? Ez! Estiloa, estilo kontua.

Hainbeste maite duzu zure baloi distiratsu orbangabea Patxi, eta hain dira jasangaitzak,  pobreon zapatilatxoak…! Eseri ezazu zure ipurdi oparoa zure Adidas maite horretan nahiago baduzu, eta begira, ikusi, nola irabazten duen zure herriak, zure oztopoen gainetik. Baita zu gabe ere.

hauteskundeak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude