Aurtengo Aberri Eguna

Erratuta egon gaitezke, baina azken bi urteekin alderatuta, jendetza handia iruditu zaigu gaurkoan Bidasoa gaineko Santiago Zubian batu dena. (Hurrengo edizioetarako galdera: kalkulatua al du baten batek zenbat pisu eutsi dezakeen zubi honek?)

Bideoan duzue bi zentzuetan etorritako jendeak bat egin dueneko unea.

Aipagarri apartekorik ez, bestelakoan. Espero zen bezala, ordezkaritza politiko zabala bildu da. Esan daiteke, EAJkoak izan ezean, mundu abertzaleko gainerakoak egon direla bertan, nahiz eta kontu batzuk agerian geratu diren, esate baterako, goizean ETAk argitaratutako komunikatua, batzuek bidezko eta beste batzuek adar jotzetzat hartu dutena…

Guri interesgarrienetakoa egin zaigu, esaterako, liturgia partekatuen eza egiaztatzea. Esate baterako Lepoan hartu eta segi aurrera kantatzen zenean, ez zuen mundu guztiak abesten, edota Presoak kalera, Amnistia osoa edota Jo eta ke, irabazio arte ere, ez du mundu guztiak oihukatu.

Ezagutzen dugu manifestapena utzi duenik  oihu horiek entzutean, eta ezagutzen dugu horrelakoak oihukatu ezean, Aberri Eguneko manifestaziorik ezin dela egin pentsatzen duenik. Nork ditu hemen bere gustuko ohiturak eta zeremoniak eta horretan, Batasuna ingurukoak txapeldun, ezpairik gabe.

Oihukatuena, dudarik gabe Independentzia! izan da gaur, baina hori baino zarata handiagoak batu beharko lituzke manifestazio berera joandako jende desberdinak, gure iritzira.

Asmatu egin beharko dira, edo zahar-zaharrak berreskuratu,  denok batzeko moduko kantu eta esloganak, guztiok eroso, alai eta pozez sentiarazteko modukoak.

Datorren urterako, agian.

 

HTML Kodea

Berria

Eitb

Deia

Vocento taldekoetan edo ez dator ezer, edo gauza handirik ez, behintzat.

 

Aurtengo Aberri Eguna

Irudia | Jota Santiago Zubiaren erdian | ZuZeu | Creative Commons By SA

Aurtengo Aberri Eguna

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

10 pentsamendu “Aurtengo Aberri Eguna”-ri buruz

  • Mesedez eta faborez. Lepoan hartu ta segi aurrera abertzale guztion abestia da. Telesforo Monzonek egindakoa. Euskal gazteriaren himnoa hain zuzen, eta beharbada euskal herriaren benetako himnoa.

    Jo ta ke irabazi arte futbol zelaietan ere bai abesten da. Animoak bidaltzeko besterik ez da. Presoak kalera eta amnistia herriaren ohiu bat da eta independentista guztiok pentsatzen dugu bake akordio baten bidez etxean izan behar dira. Beraz ez izan hain tikismikis. Garailea herria izan da.

  • Arrazoi duzu, Kepa, tikismikisaren ikuspegitik idatzitakoa da kronika, baina zeuk ere arazo bat duzu: zurekin Aberri Eguna ospatu nahi duen zenbait herritarrek, alde egingo du aipatutako horietakoak abesten/oihukatzen hasten bazara. Zer egingo duzu hori konpontzeko? Zer egingo duzu eurak arrotz sentitzen duten zerbaitekin, eroso senti daitezen?

  • Iñigo Rubert 2010-04-04 19:12

    Niri ez zait tikismikis iruditzen, oso erreflexio egoki eta beharrezkoa baizik. Keparen erantzuna “teknikoki” erreala izan daiteke baina erakusten duena baino enpatia handiagoa beharko dugu independentismoak hegemonia eskura dezan.

    Zorionez, Independentistak sarekoek erakutsi dute serio hartzen dutela ekimen horri zentzua ematen dion aniztasuna eta horrek sinbologian behar duen adierazpena: ekitaldia, ikuspegi horretatik, mimo handiz prestatu dutela iruditu zait, ekarpen zehatz bat eta guzti egin dutelarik: euskal izar berdea… ea ez duten ilegalizatzen mariguanaren antza izateagatik.

    Besarkada… anai-arrebok.

  • Lasai zuzeu, ni abertzale xume bat naiz besterik ez. Benetan esaten dizut ..norbaiti gauza horiek zailtasunak eragin badizkiote ni prest nago ez ohiukatzeko. Soilik erreflexio moduan bota dut. Uste dut erreflexioa alde guztietan eman behar dela.

  • Bai Iñigo Zurekin bat nator, txalogarria independentistak sarearen lana. Ekitaldi polita atera da. Ni oso pozik nago. Bidea ez da erraza izango baina lehengo harria jarri da, oraindik gure herrian mesfidantza nabaria da baina konfidantzaren eraikuntzak guztion babesa behar du.

  • bidean anai bat erortzen ba da…lepoan artu ta segi aurrera….
    independentziaren bidean gaude

  • Unai Ugalde 2010-04-05 11:16

    Trikismikiskeria aldera batera utziz, argi dago Zuzeuk dioena. Batasuna ez da gauzatzen leku berean bildu garelako, baizik eta asmo amankomun batzuk partaidatzen ditugulako.
    Tkikikeritan ibiltzeko garaia pasa da.

  • […] Aurtengo Aberri Egunari buruzkoa […]

  • […] 2010-04-06 QR-code Etiketak: 2010, aberri eguna, hendaia, independentistak, irun, sarea Aurtengo aberri eguna berezia izan da niretzat. Aurrekoetan jarraitu izan dut, baina egia esan ez naiz inoiz joan. Baina […]

  • Ni bertan izan nintzen (Irundik abiatutako martxan), eta ez dut uste oihuen kontu horretatik oso ondorio sendorik atera ahal daitekeenik . Nik neuk ez nuen inolako oihurik bota, eta gainera ez dut inoiz halakorik egiten. Adin kontua, nonbait. Ezker abertzaleko manifa askotan ere jende askok ez du inolako oihurik botatzen…
    Baina gauza politik egon zen, egon, abertzale jendea banatzen duten arrakaleen gainetik. Ramon Labaienek bere burua jeltzale gisa aurkeztu zuen oholtzara igo zenean (“hemen nauzue, jeltzale urtetsua” edo holakoren bat esan zuen, oker ez banago), eta egia esan, potroak izan behar dira hala egiteko ehuneko ehun handi bat ezker abertzaleko jendeak osatutako entzuleria baten aurrean… Baina seguraski txalo zaparrada handiena jaso zuen, bi aldiz gainera. Lehentxeago “Jo ta Ke” ozenki esandako askotxok txalo egin zioten…