Aurrera omen goaz


Gehiago edo gutxiago, euskara aurrera omen doa. Hori da agintarien artean nagusi den mezua, guztien artean, aldeak alde.

Alderdi “konstituzionalisten” ustez
, azkarregi ei goaz; nonahi inposatzen omen dugu bere erabilera, erdaldunak baztertu omen ditugu… (!)
Eurei ez die bada eragiten, erdara hutsez aritzen dira-eta noiznahi, eta oso gutxik baitakite euskaraz egiten, hainbeste “behartu” ditugun arren.
Egoera bitxia benetan, “euskararen inposaketaren menpe” bizi diren erdaldun peto eta gehien-gehienetan erabat elebakar hauena.
Alderdi horien jarrera definitzeko hitz bakarra nahikoa da: zinismoa, kitto.

Alderdi abertzaleen diskurtsoa
ren eta praktikaren arteko harreman aberatsak, aldiz, doktore-tesi mardul batzuk egiteko beste lehengai eskaintzen digu.
Kasuistika bereziki aberatsa litzateke ezker abertzalearen kasuan. Zinez xinpleagoa JELtzaleenean.
Edonola ere, eremu horietan bietan ere nagusi da “aurrera goazelako” mezua. Ñabardura askorekin ezker abertzalearen aldetik, baina erabat baikor JELtzaleen aldetik, egunetik egunera alderdi “konstituzionalisten” mezutik hurbilago; Urkullu lehendakariaren “Nik ez dut euskara inposatuko” genialitatea, bilakaera horren lekuko.

Ba “ezkorra” izango naiz
, baina nik ez dut ikusten aurrera goazenik.
Aurrera egin genuen EAEn, euskara desagertzeko zorian egotetik, berreskuratzeko bidean jarri genuelarik, gizarte ekimenari eta zenbait erakunderen neurri bateko edo besteko babesari eta laguntzari esker, baina badira urteak aurrerabiderik ageri ez dena gure erkidego eredugarrian ere.
Esan gabe doa, Iparraldean atzera goazela eten gabe eta Nafarroan desagerpenaren atarian gaudela, ez atzera ez aurrera, espainiar muturreko eskuinaren eraso antolatua alde batetik, eta ezker abertzalearen erantzuteko gaitasunik eza, nahiz Geroa Bairen itxurakeria gorena , beste aldetik.

Inguruari erreparatzea
bezalako ariketarik ez dago, alderdien mezuaren eta errealitatearen arteko aldeez jabetzeko. Horra bi adibide.
Bata, aspaldi erdaldundutako herri txit abertzale batean ikusia.
Sei lagun elkartu dira herri horretako taberna batean, elkarren ezagunak guztiak, 40 urte ingurukoak eta bertako ikastolako ikasle ohiak, euskaraz ondo egiten dutenak (haurrekin batik bat), tartean euskal kulturgintzako kide ezagun bat.
Erdaldunik ez tabernan, euskaraz jardun ahal izateko egoera aproposean. Herri horretan oso sarri gertatzen ez den horietako abagune batean.
Ia ordu erdi eman dute solasean, erdara hutsez, euskarazko hitz erdirik ere egin gabe. Soilik alde egiteko orduan, euskaraz agurtu da kulturgilea.
Erdaldunik ez zen artean… baina umerik (edo zakurrik) ere ez, alegia!

Bestea, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusikoa
. Euskararen normalizazioaren ardura ofiziala duen erakundean; bertoko langileen erdiak elebidun alfabetatuak; dagoeneko euskara normalizatzeko lau plan burutuak eta bosgarrenari heltzeko bezperatan (antza denez), eta abar.
Etxe honetan euskararen erabilera non dagoen ikusteko, oso adierazle egokia osatzen dute bertoko intraneteko iragarki “oholek”, parte hartze handikoak, gaika antolatuak (nagusia, gai sindikalak, salerosketak, alokairuak, …).
Euskararen erabilera ohikoa da gai sindikalenean, LAB-i eta ELAri esker batez ere (UGT eta CCOO erabateko zeroaren mugan aritzen dira euskaraz), eta euskara hutsez egiten dugu lau katuk “euskara” oholean (“espainiera” oholik ez dago, hara).
Bertso libreko besteetan, hots, langileok nahi duguna, nahi dugunean eta gogoak eman bezala erabiltzen ditugunetan, euskarazko mezuak hamarretik batera ere ez dira heltzen. Ahozko harremanetan eta laneko jardunean ere, hortxe-hortxe ibiliko gara.

Ez dut nik esango aurrera ez goazenik, ikusi ez arren.
Argiago daukat, aurrerantz edo bestela, nora goazen.

5 pentsamendu “Aurrera omen goaz”-ri buruz

  • Ongi dago horrelako ikuspuntuak izatea. Behar ditugu (euskaldunok) bidean lokartu ez gaitezen. Benetan.

    Baina matiz txiki bat Nafarroatik. Hemengo edozein euskaldunek badaki, erantzuleak ez direla ez ezker abertzalea ez geroa bai.

    Are gehiago, ahal dutena ari dira egiten, hori iruditzen zait niri.

    Gure agintariak etsai handiak ditugu. Hemengoa ez da broma! Ahal duten guztia erabiltzen dute: legea, gezurra, manipulazioa… Ez da txantxa, urte asko dira eta nekaturik gaude. (Eta oso haserre).

    Baina ohartu gara, biderik motzena UPN agintetik kentzea dela. Eta hori bide luze eta zaila izango dela ere badakigu. Gainera, bidelagun gehiago ere behar ditugu, gu bakarrik ez garelako nahiko jende, zabaldu beharra ere badugu. Hori dena lantzen eta garatzen dute ezker abertzaleak eta geroa baik erantzukizuna. Ez da lan samurra, baina ez dugu beste aukerarik.

    Atzo, erantzun bateratu bat eman zen eta hori da behar dugun jarrera. Elkarrekin eta bakoitza bere nortasunarekin. Batuta eta norbera bere koloreekin.

    Segi bizkor!

  • Nafarroatik idazten dut nik ere, Jon.
    Horra hor EAJren eta Geroa Bairen webguneak. %95 espainiera hutsez.
    http://lavozdenavarra.wordpress.com/ (Nafarroako EAJ)
    http://www.zabaltzen.net/ (Geroa Baiko independenteak)
    http://geroabai.com/
    https://gazteokbai.wordpress.com/tag/gazteok-bai/

    Horra hor Altsasuko ezker abertzalearen webgunea. http://www.hitzondo.net/
    Aurrekoen proportzioetara heldu gabe, zein hizkuntza da nagusi hor ere?

    Diskurtsoak, manifak, zainak luzatzen uzteak eta bestelako noizbehinkako agerraldi/antzezpen publikoak alferrikoak dira, egunerokoan juxtu alderantziz jokatzen badugu.
    Osasuna!

    • Jajaja, biak nafarrak! Ze ona! Hasiera esan dudana, segi horrela (ni bezalako) idi motelak xaxatzen!

      Besarkada bat eta ongi izan!

    • Egia esan ez dakit http://www.hitzondo.net/ ezker abertzalearen webgunea den, baina gainetik ikusita (lehenengo hiru orriak) esango nuke euskaraz dagoela %50a edo. Eta Altsasun jendearen %25a da euskalduna. %95etik %50era alde handia dagoela esango nuke.

  • Horixe jauzi handia dagoena. Izan ere, GBren eta EAJren hizkuntz jokabideak nigarra eta barrea eragiten ditu, bata bestearen atzetik… Baina gune euskaldunean kokatutako herri baterako, pobrea iruditzen zait Hitzondo ere. Eta hori aurkezpen-gutuna besterik ez da. Altsasun eta Sakanan egiten den hizkuntz politikari erreparatuz gero…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude