Aurreikuspenak

Aurreikuspenak –

Oihan Txabarrik Alea agerkarian.

AurreikuspenakNire lagun Gorkak nota onak ateratzen zituen batxilergoan. Tira, besteok ez ginen batere bekaiztiak eta harengatik pozten ginen, bejondeiola‚Ķ Kontua da gustatzen zitzaiola aurreikuspenak apaltzea, eta azterketatik ateratakoan kexaka ibili ohi zen: “Zein gaizki atera zaidan azterketa, ikusiko duzue zein nota kaxkarra”, eta abar. Gero, salbuespen gutxirekin, egundoko notak lortzen zituen. Azkar bihurtu ziren txantxarako material bere iragarpenak: bagenekien Oso Ongi bat aurreikusten zuenean Bikain bat zela zitekeena, eta abar. Baina gutxi batzuetan kontrakoa gertatzen zen, eta orduan berez emaitza ona zenak porrotaren itxura hartzen zuen besteon begietan. Jendeak Bikain bat espero duenean, Oso Ongi ez da aski.

Hauteskundeek, bistakoa denez, ez dute azterketen antza handirik, inondik inora. Hasteko, ezinezkoa delako guztiek gainditzea. Batek irabazitako puntua beste batek ez eskuratutakoa da. Baina joko horretan ere berebiziko garrantzia daukate aurreikuspenek. Jendeak uste badu nota ona atera dezakezula, baliteke haien botoa erakartzea. Horregatik puzten dituzte egunkari eta telebistetako inkestetan zenbait indar politiko. Baina baliteke kontrakoa ere gertatzea, eta aurreikuspen onek zure aurkako botoa piztea. Eta zenbaketaren osteko balorazioak, halabeharrez, iragarpen horien araberakoak izango dira, lehenengo orduetan behintzat.

Horixe sumatu dut nik hiriburuko ebaluaketaren ostean, aurreikuspenen diktadura. Joan den igandean bazen Bikain potoloa espero zuenik, eta inoizko Oso Ongi biribilena jasota ere hotz geratu denik. Badira beste batzuk emaitza kaxkarra espero zutenak eta antzeko notarekin pozarren daudenak. Eta guztiok dakigu ez dela gauza bera 7 bat ateratzea klaseko notarik altuena bihurtu denean. Posible den heinean, bakoitzak bere emaitzei zuhur begiratu beharko die, jakinda politikak baduela hezkuntzarekiko paralelismo are garbiago bat: ebaluazio jarraia da. Beti ikasi behar da hurrengo azterketarako.

Aurreikuspenak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude