Aurreikusitako kaos baten kronika: Ikasturte berria, inertzia bera

Aurreikusitako kaos baten kronika: Ikasturte berria, inertzia bera –

Aurreikusitako kaos baten kronika: Ikasturte berria, inertzia bera
Argazkia: Geuria.

Abenduaren 24tik, musukoa berriz ere derrigorrezkoa da kalean, eta ikasgeletara itzulera programatzeko asmoz Hezkuntza, Osasun eta Unibertsitateen arteko bilera bat egitea erabaki zen. Hala ere, protokolo berria ez zen ikastetxeetara bidali urtarrilaren 10eko goizera arte. Berriro ere berandu, izan ere jada klaseak martxan zeuden eta zuzendaritza-taldeak eta irakasleak premiazko lanetan ari ziren: gaixorik zeuden irakasleak ordezkatu langile gehiago eskatzen zituzten bitartean, kontratua gauzatu ezin zutenei eta zerrendetan geratzea arriskuan ikusten zutenei kasu egin, eta bajak betetzea eskatzen, hauek oporren aurretik jakinarazi ziren arren.

Emaitza, aurreikusitakoa; kolapso-sentsazioa, Hezkuntza Departamentuaren  abandonu-sentsazioa eta iragarritako kaos une horretan nola jokatu ez jakitea. Bi urteko pandemiaren ondoren, Hezkuntza Departamentuak ez ditu hartu ikastetxeetan babesgabetasuna minimizatzen duten neurriak: protokoloak aldez aurretik bidaltzea, duela 4 urtetik indarrean dagoen ituna berehala betetzea, zeinaren arabera 15 eta 18 ordutik gorako lanaldi guztiak lanaldi osoak izatera pasa behar diren eta ordezkapenak modu azkarrean egitea, ikastetxe bakoitzaren insistentziaren menpe egon gabe.

Kontua ez da soilik zentroak irekita edukitzea, baizik eta martxan jartzea berme eta segurtasun osoz.  Pandemia ez da amaitu, eta ez dirudi denbora laburrean amaituko denik; beraz, zerbitzu publikoetako langileok esker oneko hitz gutxiago behar ditugu eta inbertsio handiagoa bai giza baliabideetan bai lan baldintzetan. Behingoz, indarrean dagoen legedia betetzea behar dugu; horixe baita benetako hezkuntza-ituna, ikastetxeen lana duintzen duena eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak irakasleen eta ikasleen eskubideak, beharrak eta erritmoak errespetatuz garatzea ahalbidetzen duena.

Europa herrialde batzuek eskolara bueltatu aurretik doako testak eman dizkiete bai ikastetxeei bai familiei, aireztapen-baldintza txarrenak dituzten eskolei aire-iragazkiak eman dizkiete eta irakasleen errefortzu masiboak egin dituzte. Gure kasuan, ordea, oinarrizkoa den 0-3 ziklorako protokolo espezifikorik gabe jarraitzen dugu,  irakasleei ez zaizkie antigenoen probak edo PCRak egiten, eta ikasgelak konfinatzeko baldintzak gogortu dira, gela ixteko positibo eman duten ikasleen kopurua handituz. Hori guztia, argi eta garbi, zentroetako segurtasunaren kalterako da, are gehiago, oraingoa bezalako aldaeraren kasuan, 1-10 bitarteko kutsakortasun-maila duena.

Legeak nahitaezko betebeharragatiko baimena aurreikusten du bere ardurapean konfinamenduak eragindako adingabeak dituzten pertsonak babesteko. Baimen hau, ordea, zerbitzuaren beharrizanei lotuta agertzen da, honetaz disfrutatzeko eskubidea mugatuz. Nahitaezko betebeharragatiko baimena pertsona zaurgarrienez arduratzen direnek erabil dezaketen eskubidea da, eta honen onarpenak ez luke gainontzeko irakasleen gainkarga suposatu behar ezta zentroen funtzionamendu egokia oztopatu ere.

Azkenik, telelana hedatu eta bi urtera hau arautuko duen protokolorik ez dagoenez, gogorarazi behar dugu laneko baja-egoeran ezin dela lanik egin. Telelana ere ez. Telelana benetan lan egiteko modu bat da, eta, beraz, bateraezina da bajan egotearekin. Badakigu, norberaren bokazioaren eta ikasgelako erritmoari eusteko eta ordezkoari lana errazteko nahiaren ondorioz, inertziaz ohiturak sortzen direla, baina kontuan izan behar dugu laneko bajarekin lan-kontratua eten egiten dela. Soldatak Gizarte Segurantzak ordaintzen ditu, ez enpresak; beraz, ezin zaio zerbitzurik eman enpresari. Boluntarismoa ezin da inoiz  egon nork bere burua zaintzeko eta atseden hartzeko eskubidearen gainetik. Horrelako egoeretan lehentasunak ezarri behar dira: osasun fisikoa, mentala eta emozionala lehenengo hezkuntzarako eskubidearen gainetik. Izan ere, osasunik gabe ezin da hezkuntzarik egon. 

Egoera kaotiko hau iraultzea Hezkuntza Departamentuaren ardura da. Beraz, eskakizunak argiak dira: batetik lidergo arduratsua ikastetxeei jarraibideak garaiz emanez. Bestetik, langileen lan baldintzak eta osasuna zaintzea muturrera eraman gabe. 

Arantxa Ruiz Vidorreta

Maitane Urabayen Nuñez

Aurreikusitako kaos baten kronika: Ikasturte berria, inertzia bera