Aukera politikoak

Aukera politikoak –

Oier Llinasek Arabako Alea agerkarian.

Aukera politikoakIa nahi gabe ohitu gara ikustera nola Covid-19aren inguruko datuak ematerakoan beti estatu mailako estatistikak erabiltzen diren: Frantzian hainbat kasu, Espainian igoera, Erresuma Batuan neurri murriztaile berriak… Horietako bakoitzean hamaika egoera ezberdin bizi dira, eta, duda barik, izurriteak estatu eta barne eskualdeen arteko erlazio iskanbilatsuak inoiz baino ageriago utzi ditu.

Erresuma Batuan, adibidez, “devolution” edo autonomiaren inguruko eztabaida sutsua piztu da, koronabirusaren krisiak aurrera egin duen heinean. Eskoziak, Ipar Irlandak eta Galesek azken hilabeteak aprobetxatu dituzte euren kudeaketa autonomoaren abantailak azpimarratzeko. Bakoitzak bere interesen arabera, Londresetik bereizi nahi izan dute Downing Street-eko gobernuaren behar eza azpimarratzeko. Erresuma Batua herrialde bereiztuez, behar ezberdinekin, osaturiko estatu bat dela argi utzi nahi izan dute azken hilabeteotan. Hala, hiru nazioen agintari politikoak izan dira biztanleen aurrean agertu direnak, neurri berriak azaltzeko edo egoeraren berri emateko.

Gurean, tamalez, egoera oso ezberdina da. Espainiako gobernu zentrala beti egon da gure agintarien atzean, azken errekurtso gisa, beldur den ume batek gurasoengana jotzen duen bezala. Azken egunetan aldaketa txiki bat egon dela dirudi, baina, paradoxikoki, ez da euskal lurraldeetatik etorri. Valentziako presidente Ximo Puigek zioen Madril hiriburuak ezberdintasun larriak sortzen dituela harena bezalako erkidegoetan eta autonomiekiko erlazioan aldaketa bat beharrezkoa dela. Aldi berean, Diaz Ayuso eta Pedro Sanchezek egin zuten bilkura osteko prentsaurrekoa bi estatubururen artekoa zirudien, bandera betekada barne.

Aukera paregabea dago egoera honetan ezberdintasun faktorea ustiatzeko. Bidea ez da Espainian zarata egitea, baizik eta, Erresuma Batuko nazioak bezala, euskal herritarrei erakustea zeintzuk diren erabakitzeko gaitasunaren abantailak. Horretarako, gobernuak kudeaketa aktibo bat egin behar du, neurri eta erabaki propioak garatuz. Bitartean, oposizioak gobernua kontrolatu behar du, eta, beharrezkoa denean, bere laguntza eskaini. Baina, batez ere, alderdi euskaldunek profil propio bat erakutsi behar diote herritarrei. Hasi berri dugun kurtso politiko honetan, euskal politikariak aktiboago hasi behar dira egoera zein den azaltzen, aurrea hartzen eta, bereziki, herritarrekin komunikatzen. Horrela soilik erakutsiko dira identitate propio eta banatu bat edukitzearen abantailak.

Aukera politikoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.