Atzoko hazia ez da biharko uzta

Nire ustez, gizakietan berezkoa da gauzak berehala eskuratu nahi izatea. Baina gure gurasoek txikitatik erakusten digute gauza batzuk lortzeko lan egin behar izaten dela, pazientzia behar dela eta benetan nahi izanez gero, nahi horiei eutsi behar zaiela. Komunikazioan ere horrela da, eta are gehiago marketing-ean. Atzoko hazia ez da biharko uzta.

Konfiantza ez da hartzen den gauza bat, baizik eta ematen dena. Munduko sari politena eskainita ere enpresa batek edo marka batek nekez erosiko du pertsona baten konfiantza. Lagunen artean ere konfiantza poliki poliki lortzen den gauza da. Kanpaina baten emaitzak epe luzera ikusi behar dira. Smartphone, tablet edo horrelako zeozer oparituta konfiantza ez da lortzen. Horrekin lortzen dena da entzule batzuk izatea, komunitate digital bat sortzea, baina komunitate hori hilik baldin badago, elkarren artean komunikaziorik ez badago, eta konfiantzarik sortzen ez bada, oparitu duzun hori alferrik izan da, eta sare sozialetan dituzun milaka jarraitzaile horiek berdin-berdin. Marketingean aritzen diren askori aditu izan diet hobe dela komunitate digital txikia eta bizia ez eta handi bat eta hilda.

Pazientzia ezinbestekoa da, baita komunikazioa bi aldeetakoa izatea ahalegintzen aritzea ere.  Sare sozialetan benetan parte hartu behar da eta ez bakarrik bere zilborrari begiratu.  Blog baten iruzkinen tartea irekita utzi behar da, besteen edukiak baloratu, galderei erantzune, funtsean, marka eta enpresa komunitate digitalaren beste edozein kide bezala jarri, ez beherago, ez gorago.

Hori giza harremanei dagokionez, baina teknikoki ere ematen du pazientzia beharrezkoa dela. Joan den astean Gipuzkoako Bazkundeak antolatutako internet bidezko salerosketei buruzko jardunaldi batzuetan,  Daniel Vazquezi, G2e-ko negozioen garapenerako zuzendariari, aditu nion 9 edo 10 hilabete behar zirela SEO on baten eragina sumatzeko salerosketetan.Ematen diot, ez naizelako inoiz zentratu gai horretan, baina beste batek kontrakoa erraten ez didan bitartean sinistu beharko dut.

Frustrazioa kudeatu

Pazientzia ezinbestekoa den heinean, ezinbestekoa da frustrazioa kudeatzen jakitea. Komunikazioa eta marketinga ez dira zientzia zuzenak, eta baten bati kanpaina oso ona iruditzen bazaio ere, litekeena da arrakastarik ez izatea. Norberak bere kritika egin beharko du huts horren zergatiei buruz, baina garrantzitsua da burua berehala altxatzea eta jarraitzea. Jardunaldi beretan, Santiago Rodriguezi, Privaliako Sozial Medioen kudeatzaileari aditu nion esaldi hori asko gustatu zitzaidan. “Saia zaitez, huts egin ezazu eta ikas ezazu berehala altxatzen”. Horren harira, oso garrantzitsua iruditzen zait kanpaina baten erdian amor ez ematea. Litekeena da aurreikusitako emaitzak ez ematea, baina bertan behera uztean enpresak are irudi kaskarragoa emango du, lortutako apur horiek gutxiesten dituelako.

Honako bideo honek nire ustez, oso ongi adierazten du gaurko postan nabarmendu nahi izan dudan filosofia. Nik behintzat ez dut inoiz ulertu nola izan daitekeen hain buru gogorra.

komunikazioa, marka, marketinga, sare-sozialak
Xan Harriague

GAUZA AGERIA