Atzo, gaur eta bihar

Atzo, gaur eta bihar –

Historian zehar euskal politikak emandakoa aztertzen badugu, konturatuko gara ez dela beti gauza bera izan. Historia berak irakasten digu, denborak gauza eta kontzeptu asko aldarazten dituela, eta ez hemen bakarrik, baina hemen ere bai. Ez dugu urrun begiratu behar ikusteko ez dela berdin atzo eta gaur. Ukaezina baita, atzo elkartu egiten gintuenak, gaur banatu egiten gaituela. Bihar auskalo.

Atzo, gaur eta bihar

Zoritxarrez ez dira banakako adibideak, egutegiak aspaldidanik diote, errepresioari aurre egin nahian, edo biktimen alde ekintzen bat antolatu orduko, jakina da ez direla denak egongo. Ez aldez aurretik ongi jakin gabe, zeinek egongo diren eta zeintzuk ez. Horretarako arrazoi asko daude – edo dituzte – bai batzuk eta besteek.

Egongo direnak, faltako direnak, biolentzia hau kondenatzen dutenak, beste biolentzia hura bakarrik kondenatzen dutenak… Ez dira berriak mugak, alderdiak eta alderdikeriak, denak ezagunak bakarrik ez, gizartean ongi txertatuak ere bai. Ez dago giza eskubiderik, ez dago ezer, erakunde politikoak eta beraien interesak besterik. Azken froga polita, emakumeak grebara deitu eta Gasteizko legebiltzarraren barruko argazkia.

Euskal Herria bi komunitatetan erdibitu dute, eta horrek, -praxian eta zoritxarrez-  bata bestearen etsai izatea lortu du. Gaurko indar politiko estatalistak,  gehi EAJren bere betiko zeregin bitarikoari  esker, ehunka preso abertzale mantentzen dituzte “oraindik”  espainiar eta frantziar espetxeetan, Francok  lehenik eta  helburu berberak garatzen dituzten oinordekoek geroztik.

Nahiz PP edo PSOEren siglaren baitan bizi, gaur egungo nazionalista espainiar moderno hauek, bere esku dauden instituzio eta ahalbide guztiak “jo eta su” abian dituzte, helburua “normaltasunez” mozorrotu badute ere. Baina beraien hitzetik ekintzetara tarte ederra dagoenez, zer ote da “normaltasuna, bizikidetza hori? Ba begira, harrigarria bada ere, hau: Hamarkada luzez, Euskal Herrira etorritako emigrazio espainiarra, hemen bertan integratu diran bezala, – hartzaile den lurraldean, alegia – gu, euskaldun autoktonoak, emigranteen jatorrizko lurraldean integratu beharra. Hori da, eta ez besterik, inposatu nahi duten “normaltasun” demokratikoa.

Normaltasun horren emaitzaz, gero eta gutxiago ikusten da, bien etsai, edo helburu komunen bat inon dagoenik. Geroz eta gehiago, ordea, errukirik gabe bata bestearekin aurrez aurre duen eguneroko gerra garatzen da, -eta ari dira- elkarrenganako gorrotoa elikatuz. Altsasuko afera lekuko.

Betidanik jakin dugu, egitasmo politiko desberdinak zeudela, baina oinarri batzuk bazauden guztiontzat: Euskal Herria, askatasuna, giza eskubideak. Komuntasun gutxieneko bat bermatzen ziguten zerbait zehatzak. Baina orain? Orain Euskal Herriaren kontzeptu komunik ez dago eta ezin esan daiteke, giza eskubideen defentsak berak, oinarri komun bat duenik.

Bere garaian,  Txiki Benegas buru, autodeterminazioa aldarrikatzen zuen PSOE, eta gaur, Idoia Mendia buru duena, berdinak dira? Ez.  Nola arrazoitu horrelako jauzi ideologikoak? Nire ustez ez dago erantzun luzearen beharrik: Boterearen egarriz.

Ideologiak, denak herriaz eta herriaren izenean sortzen dira, herriaren gogoa artikulatuz (?) etorkizuna prestatzeko herriari. Baina herriaren gogoa eskema “zientifiko” batzuetan ongi kokatuz ordenu edo tresna errepresibo bat garatzen dute, jakinik hori bera, gizarte antolakuntzan tresna polizial batek bakarrik gauzatu lezakeena.

Azken mendeko historiak dioen bezala, ideologia geroz eta perfektuagoei “zientifikoagoei”, aparatu polizial geroz eta perfektuagoak dagozkie, naiz tarteka, Iñigo Cabacas  hil zuen bezalako astakeriak gorde. Nire ustez eta zoritxarrez, gizarte honi, bere azkeneko eta oinarrizko koherentzia eman liezaiokeen guztia galtzera dakarren bidea daramagu.

Bide horretatik doana,  koherentzia eskasa daramana, alegia, zera da,  azken aste hauetan, bazter guztietatik mezu berbera helarazten ari diren;  “ETAko presoen  gaurko egoera,  nabarmen aldatuko lukeen  autokritika eta gaitzespen argiak” eskatzen duena. Egia da, gehienak ez dute gehiago arrazoitzen, baina badira, -eta asko- legea betetzea aski  izan daitekeela  esaten dutenak ere.

Noski baietz, autokritika eskatzea zerbait da, baina nori luzatu;  errepresioa “legez kanpo” pairatzen  duenari espetxe barruan, edo errepresio hori gauzatzen duen gobernuari?

Autokritika beti da osasuntsua, baina ez bakarrik “etxetik at” egiten denean, baita barrena begira. Euskaldunok urte asko daramagu errepresioa  hitzetik hortzera, baina  ez dira espetxeak errepresioaren adierazpen  bakarra,  zerk eta nola uste ahal duzue ba, euskal langilea,  gero eta txiroagoa izatea bultzatzen ari dena?  Errepresioak aurpegi asko ditu.

Bizi dugun une politiko interesgarri honen bidez,  hasiko gara jabetzen, -hauteskundeak burutu bezain laster- EAJk Madrilen jasotakoaren ordaina nolakoa den, eta batez ere, nork ordainduko duen. Dena dela, nire ustez, EAJk daraman mozorroa betirako kentzeko garaia heldu zaigu. EAJren ibilbide osoak frogatzen baitu, aberria erabiltzen duela alderdia egiteko eta ez alderantziz.

EAJk  Estatu espainiarrak eskainitako erreforma barruan bizi nahi du. Espainiar interesei men eginez, beraien aginte politiko ekonomikoarekin erabat lerrotuta, eta ez badugu saihesten, bertan geldirik eta isilik bizitzea behartuko gaitu.

Nahiz azalean gauzak nabarmen aldatu, -Francoren garaian bezala- gaur aurrean dugun etsaia betikoa da. Hemen denek dakigu zer nahi duten eta zer nahi dugun. Nor dugun alde eta nor aurka.

Atzo egin zutenek gaurdaino ekarri gaituzte, guk etortzeko daudenei  egiten diogun gauza bera.

Zerbait aldatzekotan, guk aldatu beharko dugu.

Atzo, gaur eta bihar
Atzo, gaur eta bihar  Atzo, gaur eta bihar
Atzo, gaur eta bihar
Atzo, EAJ, gaur eta bihar, politika, presoak
Josu Iraeta

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Zer duzu buruan “Atzo, gaur eta bihar”-ri buruz

  • Ene Josu, zure autokritika eza ikaragarria da, ezker abertzaleari dagokionez noski. Espetxe politikari buruz hitzegitean, zergatik ez duzu aipatzen ezker abertzaleak berak emandako jauziak eta aldaketak, eta zergatik ez duzu gaineratzen oraingo bidea lehenago hartuko balu seguru asko preso piloa egongo litzatekeela kalean eta beste pilo batek ez lukeela hainbeste urteetan ziegan pasako?
    Zergatik ez duzu aipatzen ezker abertzaleak inposatu duen kategori desberdinetako politika espetxe mailan, batzuk ETAkoak direla aitortuz aske ateratzeko (ezker abertzaleko zuzendaritza hain xuxen) besteak urteak jasan behar zituzten bitartean, akordiorik ezin bideratu juezarekin, ezker abertzaleko abokatuek horrela erabaki zutelako?
    Horrelako marmolezko aurpegia pasiatuaz, EAJ zure jopuntuan jartzea betiko irtenbide errexa iruditzen zait.
    Portzierto, ezker abertzale horrek orain erreforma onartu du praktikan, nahiz eta teorian hori egin erreformarekin hausteko. Bide hori orain urte asko hartu izan balitz, ez litzateke heriotz eta ETAko preso gutxiago izango?
    Ezker abertzalearen inkoherentzia koherentea marxismotik ulertu daiteke baina gizalegeari dagokionez politikari maltzur eta gezurtien portaera besterik ez da.
    Gero langileriaren etengabeko deskalabru soziala duzu ahotan, Manchesterreko kapitalismoaren garaietan egongo bagina bezala. Noski, gizarte eredu honek kontraesanak ditu, baina zuek, ezker abertzaleko akolitoek, Maduroren gurtzaileek, zer eskaini behar diozue langileriari? Zuen ankasartzeak justifikatzeko etengabeko mantra bat? Horrela hobeto biziko al dira? Venezuelan bezala?
    Ezker abertzaleak sortu ditu heriotzak eta heriotz-egileen preso izaera. Ez dezagun hori ahaztu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude