Atzean dugunari begira

Blog honetara behin edo behin sartu bazara, konturatuko zinen honez gero, argazkiak zeri atera, nola atera eta batez ere zergatik atera direla neure buruari gehienetan egiten dizkiodan galderak.

Aurreko astean, sarean, Carles Guerra artista eta arte kritikariak emandako “Antifotoperiodismo o la urgencia de repensar el papel de la fotografia”(Antifotokazetaritza edo argazkigintzaren zeregina aztertzeko beharra)¬† hitzaldia entzuten nenbilela, horren inguruko ideia ezberdinak biltzen joan nintzen.

Guerrak, Paul Fusco argazkilariaren ‘RFK Funeral Train’ lana aipatzen du momentu batean. 1968an, Bobby Kennedy Estatu Batuetako senatariaren hobiratzea argazkitan biltzeko enkargua jaso zuen Fusco argazkilariak LOOK Magazinerako; New Yorkeko St. Patrick parrokian funeralak izan ostean, gorpua trenez garraiatu zuten Washintonera, bertan ehortzia izateko. Ibilbidean zehar jende andana bildu zen, trenaren igarotzean, Kennedy zenduari azken agurra emateko asmoz eta Fuscok jende guzi horri argazkiak ateratzeko erabakia hartu zuen. Egun horretan, bidai horretan, argazkilariak, trenetik 1.200 diapositiba atera zituen, trenari begira zegoen jende multzoa desberdinak erretratatzeko.

Gertakari garrantzitsua funerala edo hobiratzea zirela suposatzen zenean, Fuscok bitartean gertatzen zen hori eraman zuen irudietara, ez-gertakari hori; baina jende mota oso desberdinek, toki ezberdinetan osatutako multzoak argitara emanez, lanak, estatubatuar gizartearen ikuspegi bat erakusteko ahalmena duela dio Guerrak eta gehitzen du lan honen bitartez argazkilaria konturatzen hasi zela gaia, gai nagusia, gizartea dela, horrek argazkilaritzaren objektiboak aldatu beharra daudela frogatzen duelarik.

Ideia horiek entzuten nituen bitartean, gogoratu nuen irakurria nuela Hernri Cartier-Bresson argazkilariak antzeko zerbait egin zuela fotokazetari bezala argitaratu zioten lehen lanean; 1937ko Maiatzaren 12an Regards aldizkarirako, Britainia Handiko George VI.aren koroatzea argazkitan jasotzeko enkargua jaso zuenean. Erregearen karroza erretratatu ordez, hura ikusteko eta gurtzeko kaleetan pilatutako jendeari atera zizkion argazkiak.

Beraz ez da kezka berria fotokazetariek zeri eta nola argazkiak ateratzeko izaten dutena. Ezin dugu kazetaritza berriaren gehiegikeri edo akatsen ondorioz bururatutako arrangura berri bezala planteatu. Argazkilaritzak ingurukoak erretratatzen hasi zuenez bere ibilbidea, prentsan azaltzen hasi zen une beretik daude argazkilari batzuek horrekin arduratuta.

Ariketa hau egunkari eta aldizkarietarako egiten ditugun lan gehienetan egin daiteke. Ez dago beti egin beharrik, ez gaude behartuta beti atzean dagoen hortan fokua jartzera, soluzioa ez da beti ikuslea erakustea, baina beti dago egiteko aukera.

Egin daiteke funeraletan, manifestazioetan, elkartaratzeetan, hitzaldietan, pilota partiduetan, sega apustuetan, entzierroetan, antzerkietan, zineman, futbol entrenamenduetan, jaien haserako txupinazoetan, arte erakusketetan…

Fotokazetaritza

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.