Atzealdean, ezkutuan

ezkutuan

Hiri honek beste hiri asko ditu bere baitan, ezkutuan. Seguruena ez zaizkigu begi-bistakoak irudituko; sumatu ere ez ditugu egingo, baina bertan daude. Eraikinen atzealdeko patioetan, arropa zintzilikatzen eta pareko pisuko bizilaguna zelatatzen dugun leihoetatik ikus daitezke.Nahasi, zenbakaitz, aldakor eta irregularrak dira. Zuri-beltzekoak diren arren, adi egonda entzun eta usaindu egin daitezke. Espezia eta salda bero usaina dute, eta urruneko kontinenteetako hizkuntzen oihartzuna da haien soinua, edo piano-solo batena. Eraikinen atzealdeko patioetan ez ezik, urrutiko auzoetako plazetan ere topa daitezke, eta ibai ondoko fabrika zaharretan, eta gauez, trenbide mortu, leku bazter eta parke hutsetan. Konturatzen ez bagara ere, hiri honen baitan ezkutuan bizi diren hiriek bor-bor egiten dute bere txoko bakoitzean; arnasa hartzen dute eta taupadaka ari dira. Agian, egunen batean, hiri horietakoren batek benetako hiria hartuko du, eta azala aldatu egingo zaio egun batetik bestera Bilbori. Eta ezkutuan geldituko da gaur arte ezagutzen genuen hiria, atzealdean.

[Oharra: testua entzun nahi baduzu (bai ba, ongi irakurri duzu: ‘testua ENTZUN’), sakatu hemen -adi baina! testua entzutera bazoaz gomendatzen dizugu, audioa beste leiho batean zabaldu ostean, leiho honetara itzuli eta argazki gainean klikatzea, irudia ahalik eta handien ikusteko; aurikularrak jartzea eskura badituzu; eta minutu pare baterako argiak itzali edota inguruko guztiaz ahaztu eta isolatzea, pantailatik isurtzen den giroaz bustitzeko- entzun testua lasai eta gero jarraitu hau irakurtzen -hiru izartxo utziko dizkizugu irakurtzeari utzi diozun tokia kokatzen laguntzeko-.

***  Duela aste batzuk aipatu genuen zeharka geure buruei egin genien elkarrizketan; ikus-irakurri-entzun berri duzun argazki-testu-musika, Asier Olabarrietarekin batera gauzatzen ari garen “Hiri asko bere baitan” proiektuaren parte da. Proiektuari buruzko argibide guztiak ondorengo estekan topa daitezke: http://hiriaskoberebaitan.com/proiektua/. Hemendik eta azarora arte, hilean behin ekarriko dugu Irudhitzenera Bilboko barruti batean oinarritutako argazki-testua, zortzi barrutietan zeharreko bidaia osatu arte. Sorkuntza prozesua eta bidean jasango ditugun gorabeherak, Facebook eta Twitter sare sozialetan horretarako propio sortu ditugun profiletan azalduko ditugu. Bilbok bere baitan ezkutatzen dituen unibertso txikien bila abiatu gara, eta gurekin bidaiatzera gonbidatuta zaude!]

ezkutuan
aitoretaunai

IRUDHITZEN