Atxaga eta bertsolariak (1/7)

“Erretorika oso gaiztoa da, gezurra da, atzeratu eta okertu egiten du auzia ulertzeko, hurbiltzeko, momentua “, dio ARGIAko elkarrizketa batean (2014-02-02) Bernardo Atxaga idazleak. Erretorika da, haren ustez, idazlearen etsai amorratuena, egia aurkitzea oztopatzen duen arerio zitala. Gaiztoa eta gezurtia da erretorika eta, idazlearen gogoa errotik kutsatuz, errealitatea objektibotasunez aztertzea eta egia bilatzea oztopatzen du.
Erretorikak bi eratan aldentzen du idazlea egiatik: ezagutza zuzenetik baita zintzotasunetik ere. Erretorikak ezaguera (egia gnoseologikoa) zapuzteaz gain izaera (egia ontologikoa) ere gaiztotzen du. Idazlearen gogoa bere osotasunean hondatzen du erretorikak eta gezurtia eta gaiztoa bihurtzen.
Erretorikak partikularra eta unekoa unibertsal eta betikotzat hartzera darama; partikularraren eta unibertsalaren artean zirkuitu laburra sortzen du. Bere ondorioak larriak dira, suteak eta eztandak ere sortzen ditu. Horregatik erretorikaren aurka etengabeko borrokan ibili behar da idazlea zirkuitu labur horiek saihesteko. Borroka horri tinko eutsiz gero baino ezin izango du idazleak esperientzia partikularra eta iheskorra era unibertsalean eta eternalean azaldu.
Elkarrizketa horretan bitxiena da, halere, erretorika zer den zehazteko idazleak aukeratzen duen adibidea: bertsolaritza, hain zuzen. Izan ere, erretorika zer den adierazteko adibide gisa, “adibide zorrotza” gainera, azkeneko bertso-txapelketan Unai Iturriagak kantatu zituen bertso batzuk hartzen ditu. Amets Arzallusi egozten dizkio idazleak bertso “erretoriko” horiek baina oker inkontziente horrek ez du garrantzirik, nire ustez, Atxagaren ikuspuntu kritikoa ez dago bertso jakin batzuen kontra zuzenduta, bertsolaritza ororen kontra baizik.
Lehenengo aldiz irakurri nuenean, idazlearen kritika, errespetu osoz egina, zorrotza iruditu zitzaidan. Bigarren aldiz, zorrotza izateaz gain, zehatza eta gogorra, bertsolaritzaren flotazio marra jotzen zuen eta. Ez zen oso irakurle zolia izan behar, idazleak kritika horretan bertsolaritza eta erretorika berdintzen zituela jabetzeko. Eta erretorika “oso gaiztoa baldin bada, gezurra bada, atzeratu eta okertu egiten badu auzia ulertzeko, hurbiltzeko, momentua” erraza da bertsolaritzari buruz ondorio ilunak ateratzea.
Kritika hori beste kritika bat baino gehiago ez zen izango, “errieta” horrek balio izan ez balu liburuak idazteko bide bat azaltzeko. Horrela, bertsolaritzari buruzko kritika bertsolariek liburuak idazten ikasteko bidea bilakatzen da. Izan ere, kritika horren bidez idazleak Ametsi, eta bertsolari guztiei oro har, liburu ederrak eta zuzenak idazteko metodoa eskaintzen die. Horren truke eskatzen duena gogorra da: idazle bihurtu nahi duen bertsolariak bertsolaritzaren erretorikari bizkarra eman beharko dio. Izan ere, liburuaren egia eta bertsolaritzaren erretorika guztiz kontrakoak dira.
Sokrates gimnasioetan eta plazetan ibiltzen omen zen, sofistei gazteak lapurtzeko asmoz. Sofistek, hitzekin jolasten oso abilak izanik, erretoriko zuhur eta zitalak ziren. Bertsolariak ere, hitzekin jolasten oso trebeak dira. Eta Atxaga idazlea, Sokrates berri bat bezala, bertsolari azkarrak bertsolaritzatik aldendu eta liburuaren arrastoan sarrarazi nahian lebilke.

bertsolariak
Galo

FILOSOFO OHIA