“Atheka-gaitzeko oihartzunak” liburuaren 150. urteurrena

“Atheka-gaitzeko oihartzunak” liburuaren 150. urteurrena –

2020ko ekaina honetan betetzen dira 150 urte “Atheka-gaitzeko oihartzunak” euskarazko eleberria argitaratua izan denetik Joan-Batista Dazkonagerre (1815-1899) idazlearen eskutik.

"Atheka-gaitzeko oihartzunak" liburuaren 150. urteurrena
“Atheka-gaitzeko oihartzunak” liburuaren azala (Baiona, 1870)

Argitaratua izan bada jatorrizko lana balitz bezala, geroxeago, 1891an, frantsesetik egindako itzulpena zela argitu zuen Julien Vinsonek. Horregatik gaur egun zalantzak daude liburu hau “lehen” euskal eleberria kontsideratzeko. Egia esateko nahiko ahaztuta geratzen da gaur egun.

Dena den, 1870an, gauza berria izan da honelako argitalpena ikustea. Gaia, estiloa, dialogoak… dena ezohikoa zen. Lehen aldiz nonbait, herrikoi kutsuko euskarazko lan batek kokatzen zuen euskal literatura nazionala ohiko literatura nagusien maila berberean.

Eta badago gehiago. Euskaldunen artean harrotasun puntu bat sortzeaz gain (“euskalduna” balorean emana da estatuen ezaugarrien gainetik), liburu honekin Dazkonagerrek “marketing” bidez euskal literatura garai hartako liburugintza modernoan sartu zuen. Ordurarte ez bezala, kasu hontan liburua ez zen mezenas baten enkarguaren ondorioa edo irakaspenerako tresna bat. Asmo komertzial batekin egina izan zen ere bai.

Lehen aldiz, modu konziente batean, argitaratu zen “abenturazko” (zentzu erromantikoan) euskarazko liburua, publiko zabal bati begira (2.100 ale lehen argitalpenerako !) eta dirua egiteko ideiarekin. Honekin frogatu zen euskal literaturak dirua sortu zezakeela eta ondorioz, beste literatura “modernoetan” bezala, euskararen inguruan, “marketing” bidez, eskaintza/eskaria dinamika posible zela. Alegia, euskarak “balio zuela”!

Kasu zehatz hontan Dazkonagerrek bildu zuen dirua Ganix Antsordokiri, liburuaren “protagonistari”, eman zion.

Zoritxarrez egoera politikoa nahiko aztoratua egongo da liburua argitaratu eta berehala: Frantziaren gainbehera Alemaniaren aurrean (1870-1873) alde batetik eta gerla karlista (1872-1876) eta ondorioak bestaldetik. Giro guztiz desegokia planteatutako dinamikarekin jarraitzeko.

Gertakari hauengatik, Dazkonagerreren “experimentazio” eta aurrekaria isolatua egongo da neurri batean eta beste hamar/hamabost bat urte pasako dira ikusteko idatzizko euskarazko produkzioaren benetako areagotzea, arlo guztietan: literatura, prentsa, argitaletxeak…
Baina horretarako Dazkonagerre ezinbesteko aurrekaria izan zen!

Modu batez, Atheka-gaitzeko oihartzunek” eta euskal liburugintza modernoak 150 urte beraz!

Hori ez da gauza hain berria pentsa genezakeen bezala…

.

Zorionak euskal liburugintzari azken 150 urte oparoengatik! Eta urte askotarako !

.

*******************

Eranskinak:

”Atheka-gaitzeko oihartzunakosorik irakurgai, ”Armiarma” webgunean (ikusi)

Atheka-gaitzeko oihartzunak” liburuaren nundik norakoak (frantsesez), Julien Vinsonen arabera (ikusi)

Jean-Baptiste Dasconaguerre: datu biografiko berriak (Oliber Foix Agerre, “Euskera” 62-2, 2017) (ikusi)

“Atheka-gaitzeko oihartzunak” liburuaren 150. urteurrena

2 pentsamendu ““Atheka-gaitzeko oihartzunak” liburuaren 150. urteurrena”-ri buruz

  • Caixo Oliber,

    Osso interessante deritzot eskaini deraucuçun lana.. Mila esquer!

    Ene ezjakintassunetic, hemen dakussat nic nolabaiteco transitione bat, Naffarroco subirautzaren existenciari lothurico euscara standard edo “batua” baten eta Franciaco Iraulçaren ondorengo phasse garaiquidean emandaco euscararen mutatione moducoaren artean.

    Structura syntactico eta grammaticaletan euscara classicoa ikusten dut hor, baina orthographian jada oraingo batuan erabilcen diren z, k, eta abarrecoac erabilcen ditu Dasconaguerre jaunac. Beno, 1870 urthean garaiquidegoaren processu culturala nahico garatua egongo cela uste dut. Curiosso beguitatzen çait osso Bonaparte jaunari çucenduz eguiten deraucon aiphamena. Contextu historicoari dagoquionez osso interesante ere bada, eta cençu horthan eguiten dituçun aiphamenac ere comptuan harceco dira. Ez gara gure cilborrean vici, Europan baicic, eta gure realitatea ossotasunean geopoliticaren baithan garatzen da.

    Berce aldetic, eta oker ez banaiz, eta gaiarequin lothura dakussadanez, 1895 urthean Ithurry abiceneco aphez batec grammatica bat plaçaratu çuen. Laphurtera classicoaren açalpena emaiten deraucu harec, eta Dasconaguerreren textua grammatica horren adibide practicoa dateque. Ithurric ere Dasconaguerrec cerabilen orthographia erabili çuen. Ithurriren ondoren, Arotçarena iceneco berce batec, systema bera açaldu çuen.

    Textu horiec nola ossatzen ciren jakiteco eta haien maila berrescura deçagunçat Ithurry eta Arotçarenaren grammaticac gucion escura baleude, nere ustez euscarazco ekoizpenaren calitatea igotzen ahal liçateque. Grammatica horiec iracurriz (batua memperatzen duen edonorc eguin leçaque), eta ondoren halaco textuac iracurriz euscara modelo egoquiena integratuco guenuque gure baithan, eta ascoz hobeto elkar intellegatu, eta aguian cençuzco ceocer bilhaca guintezque euscaldunoc.

    Edocein moduan, euscara deritzot Europa ossoco technologia hoberena realitateac adiaraci eta communicatzecoz. Euscal lurraldeetan ez bada, Patagonian edo garatuco balitz behar beçala horrequin gueratuco ninçateque, eta hemengo bluffa gal dadila, ceren ez bailuque ecertaraco valioco. Bainan, hala ere, hemen jarraituco dugu.

    Alexandre

  • Oliber Foix 2020-06-24 23:38

    Kaixo!
    Dazkonagerrek L.L. Bonaparte printzeari egindako aipamenak baditu seguraski zentzu ezberdinak.
    Alde batetik, publikoki, Euskal Herriko lehen mailako jaun politikari batena da. Komeni zaio Dazkonagerreri erakustea “hurbiltasun” puntu bat orduko Erregimena Inperialaren ordezkari zuzen batekin. Bere biografian asko agertzen da.
    Bestalde, euskarazko argitalpena baten kasu hontan, garai hartako euskalgintzako bultzatzaile nagusietariko bati eskaintza egiteak liburu berari hala nolako kalitate ziurtagiria ematea da. Pentsatzen dut Dazkonagerreren “marketing” ideiak aspektu hori kontutan hartzen zuela. Beste ziurtagiriak apezpikuek ematen zituzten ere bai.

    Ortografiaren aldetik ez dakit zehazki nola lantzen ziren gauzak. Zenbaitetaraino zegoen atxikimendua ordurarteko sistemekin eta zenbaitetarainoko askatasuna idazleentzat.
    Euskara hizkuntz administratiboa izan gabe eta oraindik prentsa iraunkorrik gabe zaila izan behar zen.
    Adibidez aipatu duzun Ithurriren gramatikan (1895) Z, K, Ñ hizkiak onartuak dira, bainan C, Q, eta X ez… Nork erabaki behar zuen gaia nola itxi?

    Uste dut gaur egun akats arraro bat dela “Atheka…” bezalako liburua baztertua uztea. Gaia, garaia eta estiloaren aldetik eskola guztietan erakasgai egokia izan behar litzateke. Ematen dio euskal “elementuari” dimentsio, sakontasun eta perspektiba berezi bat, oraindik baliagarria gaur egun…
    Klasiko atraktibo bat azkenean… bainan ezezaguna gaur egun…