Atez atekoa ostalaritzan: “Hasieran uste genuen ez ginela gai izango”

atezateAtez ateko zabor bilketa jarriko dute aurki Gipuzkoako 34 udalerritan. Eztabaida bizi-bizia da. Batzuek gogo biziz itxaroten duten bitartean, besteak beldurrez daude, ostalaritzan eta merkataritzan batez ere, etxe batean baino zabor kantitate  gehiago maneiatu behar baitute egunero. Atez atekoa duten bi herritako jatetxek nola funtzionatzen duten azaltzen digute jarraian.

  • Maria Angeles Huici, Hernaniko Fagollaga jatetxeko nagusietako bat
  • Gurutze Dorronsoro, Oiartzungo Intxixu jatetxeko arduraduna

Urtea pasa  daramazue atez ateko zabor bilketarekin, zer moduzkoa izan da aldaketa?

Maria Angeles Huici: Hasieran asko kostatu zitzaigun, noski, guztia ontzi batera botatzera ohituta baikeunden: paper puska bat, organikoak… Orain, aldiz, zabor mota bakoitza bereiztera behartuta gaude. Baina behin martxa hartuta, primeran, lehenago baino askoz hobe.

Gurutze Dorronsoro: Lehen edukiontziak ate ondoan genituen eta edozein momentutan ateratzen genuen zaborra. Orain ezin dugu horrela funtzionatu, egunean momentu jakin bat baitaukagu zabor mota jakin bat ateratzeko. Hasieran pentsatzen genuen ez ginela kapazak izango, baina diziplina pixka batekin oso ondo eramaten dugu.

Atez ateko zabor bilketa hobea dela uste duzue?

MAH: Bai, bai. Lehen plastikoa, kartoia eta beira soilik birzikla genezaken; orain, baita organikoa ere, eta hori oso ondo dago.

GD: Tira… Hori denborarekin ikusi beharko da, baina nik baietz uste dut.

Zaborra egun batez baino gehiagoz jatetxean gordeta izateak arazorik sortzen dizue?

MAH: Niretzat arazorik handiena zabor organikoa da. Guk jatetxean kubo handi batzuk ditugu, baina ez digute uzten plastikozko poltsa bat jartzen barrura zakarra botatzeko, beraz, ezin dugu itxi eta usaina botatzen du, udan batez ere. Gainera, zikinago geratzen da. Baina, tira, kanpoan utzi ohi dugu eta ez dago arazorik. Egia da ere gu herrigunetik nahiko aldenduta gaudela eta toki asko dugula inguruan zaborrak uzteko, ez dakit herrigunean nola moldatuko diren.

GD: Ia batere. Zaborra biltegian utzi ohi dugu. Organikoa, aldiz, kameran jasotzen dugu hermetikoki gordeta. “Sanidadekoek” esan ziguten ez zegoela arazorik dena garbi edukiz gero.

Nola aldatu da zuen lan egiteko modua?

MAH: Ez da apenas aldatu. Lehen, eguerdiko zerbitzua pasatzen zen eta soberakin guztiak kubo batera botatzen zituen. Orain, aldiz, denbora gehiago behar da guztia banatzeko. Gainera, esan bezala, ez dago zaborra sukaldean gordetzerik, toki asko behar baita eta usaina botatzen duelako, horregatik kanpoan uzten dugu bila pasatzen diren arte.

GD. Oso gutxi aldatu da, eta hobera. Lehen, batzuetan bakarrik birziklatzen genuen. Saiatzen ginen kartoia eta plastikoa bereizten, baina organikoa dena batera zihoan edukiontzi berde ilunera. Ez genituen kontuan izaten haragiaren plastikoa eta horrelakoak, janariarekin batera botatzen genuen.

Orain, dena banatu behar dugu. Ez da esfortzu handia, diziplina besterik ez. Hasieran zaila egiten zitzaigun; baina orain normaltasun osoz egiten dugu. Barran hiru ontzi dauzkagu: organikoa, papera eta plastikoa, errefusa ez da ia ezer ateratzen.

Beraz, oro har, balorazioa ona da.

MAH: Bai, bai. Oso gustura gaude, merezi du.

GD: Bai, momentuz ona.

 

Atez atekoa, ostalaritza

Zer duzu buruan “Atez atekoa ostalaritzan: “Hasieran uste genuen ez ginela gai izango””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude