Asko gara hemen, termitategian

Asko gara hemen, termitategian. Azken zentsuaren arabera 350 milatik gora. Honek antolakuntza maila handia eskatzen du nolanahi ere, funtzionatuko badu. Hainbeste izanik funtsezkoa da norberak bere betebeharra eta funtzioa zein den jakitea, eta berau betetzea, noski. Txikitatik irakasten digute.

“Zu langilea izango zara, etengabe lurra murtxikatzen arituko zara eta listuaz eta zirinaz nahasten, termitategiko hormak eraiki ditzazun. Pasabide eta meazuloak hondeatuko dituzu eta elikagaiak bertatik garraiatuko, guztiontzat zer jana egon dadin.” Ez da lanik atseginena beharbada, baina ez dago gaizki ordainduta eta osasun-asegurua daukagu.

“Zu berriz soldadua izango zara, etsaia borrokatuko duzu gorputz eta arimaz, eta zure bizia eman beharrezko balitz termitategiak iraun dezan. Ohorez herio.”

“Eta zu… o zu, zurea izango da betebeharrik inportanteena, zu erregina izango zara. Erruten emango dituzu egunak eta gauak. Zure erraietatik sortuko dira biharko langile eta soldadu guztiak, baita zu ordezkatuko zaituen erregina ere, gu ez baikara betirako, hala bedi termitategia.”

Pentsatu daitekeen moduan oso era zehatzean dago dena antolatuta hemen. Termitategiaren beharrizanak guztionak dira, eta mekanismo guztia dago diseinatuta beronen engranajeak martxan jarraitu dezan. Langileek eta soldaduek erreginaren ongizate eta segurtasuna bermatzen dute, biharko langile eta soldaduak sortu ditzan bere ongizate eta segurtasuna bermatzen jarraitzeko. Hala behar du izan. Guztia dago administrazio zentralak osatzen duen kudeaketa eta logistika sare konplexu eta burokratikoaren kontrolpean, inork ez badaki ere zer den edo nortzuk osatzen duten. Ez du axola egia esan, hemen norbera ez baita inor, denok gara termitategia.

Hala ere badira istorio bitxiak kontatzen dituztenak ere. Zaharrenek kontatzen dute duela belaunaldi asko, gure aitonen aitonen garaian, langile batek behin termitategia abandonatu zuela. Egun batez ustekabean hegalak sortu omen zitzaizkion eta ezezagunera alde egin zuen. Beste termitategi bat fundatzera beharbada. Esaten da baita bere galerian idatzita utzi zuela:

Asko gara gutxiren esku
Asko gara janari eske
Asko gara baina ez gara aski
Asko gara baina ez gara aske

Inork ez du istorioa sinisten, noski.

Sarritan ekarri izan dut baina burura kondaira hura, eta askotan pasatu izan naizen toki batekin akordatzen naiz. Bada galeria bat, ganbara errealaren azpitik hamasei maila beherago, elikagai despentsa bat pasatu eta hiru aldiz jarraian eskuinetara bidea hartuz eta ondoren bi aldiz ezkerretara, bada galeria bat nioen, zeina oroimena dudanez geroztik beti itxita ezagutu dudan, pareta sendo batez, iragangaitza. Beti galdetu izan diot nire buruari hori izan ote zitekeen istorioko langilearen galeria, eta orduan hozkirria sartzen zait. Baina aurrera egiten dut eta lurra murtxikatzen edo pasabideak eraikitzen jarraitzen dut.

Asko gara bai, hemen, termitategian, ehunka milaka. Baina oso bakarrik sentitzen naiz ni maiz. Ez al zaizkit hegalak aterako niri ere.

[Aste honetako testua Iñaki Aretxabaleta Bilbaok luzatu digu. Lezamar Bilbotartua. Ingeniaria (langile kastako termita) ofizioz; musikari, mendizale eta noizbehinkako idazlea afizioz.  Eta orokorrean pertsona ona. 2006. urtean Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazi zuen Patxadan lo egiteko sekretuak obrarekin.]

IRUDHITZEN