Asimilazio arriskurik ez da gurean

Asimilazio arriskurik ez da gurean

Asimilazio arriskurik ez da gurean

Paco Ibañezen emanaldi batean izan ginen iaz, Donostian. Artista handia da, oraindik ere. Bera eta beste batzuk zuzenean ikusita, ulertzen da artista hitzaren esanahia. Badute emozioak trukatzeko gaitasun berezko bat, erakargarri egiten dituena, euren ahotsaren, edo musikaren edo dena delako artearen ezaugarriez haratago.  Emanaldia ederra bezain bitxia gertatu zen. Gizona ez zen isildu kantutik kantura bitartean, baina era berean, aukera eman zien ikusleei elkarrizketa moduko batean sartzeko tarteka. Handiak bota zituen, eta botatakoen neurrikoak entzun behar izan zituen berak ere.
Huntaz eta hartaz jardun zuen askatasun osoz; bai berak, bai ikuslerik beroenek ere.

Eta sututa agertu zen ingelesaren asimilazio kulturalaren aurka. Kultura ingelesaren inbasioaren aurka berba egin zuen sutsu. Errepaso polita eman zien Basque Culinary Centerrekoei adibidez, izena ingelesez jartzeagatik, eta “Happy birthday” sonatuaren ordez, espainierazko feliz cumpleaños berritua proposatu zigun, urtebetetzeetan ere ingelesaren izurriteari aurre egin geniezaion… Baina bertan ginenetako asko eta asko isilik geratu ginen, eta gizonak orduantxe: “bueno o en euskera o como queráis…”. Inor gutxik gogorarazi zion espainieraren asimilazioa, edonola ere. Gizonak argi zeukan  ingeles kultura arriskua dela espainiar kulturarentzat, baina euskara eta euskaldunak  izaki ikusezinak ginen berarentzat, edo are okerrago, oroitzapen exotiko-folklorikoa. Nahi eta behar baino gehiagotan aritu zen “basko pues”, eta “el kasherio”, eta antzeko ergelkerietan, ikusleriaren parte baten pozerako!

Ibañezek euskal kulturaz duen ikuspegia, motza eta topikoz josia da, baina lekutan bizi da Pako, eta partez euskal erroak izanagatik, kantautore espainiarra da bera.

Bertoko euskaldun askoren jokabideak, kantautore zein ez, egiten digu kalte, Ibañezek bainoago.
Badira, asko eta asko, euskarari esker soldata etxera eraman arren, laneko jardunetik at, espainieraz bizitzeko aukera egin dutenak, “libre”.

Badira, euskararen aldeko ponentziak idatzi eta foro euskaltzaleetan aurkezturik ere, lagun eta ezagun euskaldun askorekin espainieraz jarduteko ohitura dutenak, eta badira euskal kulturgile ezagunak, oholtzatik kanpo, han eta hemen, sareetan-eta, nagusiki erdaraz aritzen direnak. Zer esanik ez, politikari “euskaltzale” askok eta askok erdararen aukera egiten du %90ean; sarri, milaka eta milaka euro publiko euskara ikasten edo hobetzen xahutu ondotik. Eta ez naiz Patxi Lópezi buruz ari (Lópezek euskaltzaletik gutxi dauka).

Duela egun gutxi batzuk ere, politikari euskaltzale usteko baina ekin erdalduneko batek, euskaraz bizitzeko gonbitea luzatzen zuen idatziz!.

Izan ere, asimilazioa ez da arriskua guretzat. Asimilazioa gertatu da gurean.
Lehenik espainierarena eta frantsesarena, eta horien gainetik datorkigu Ibañez kezkatzen duen ingelesarena.
Hizkuntza ordezkapena ez da gertatzen ari, burutzen ari baizik, prozesuaren azken urratsetan sartzen.
Badugu hori onartu eta itzularazteko borondaterik?
Edo D ereduko matrikulazio-datu (oraingoz) pozgarrien plazeboa hedatzen jarraituko dugu?
Erabakiak hartzeko garaia da, beranduegi baino lehen.

Asimilazio arriskurik ez da gurean

6 pentsamendu “Asimilazio arriskurik ez da gurean”-ri buruz

  • Katalana normalizaziora bidean: http://www.gencat.cat/llengua/peratothom/
    Noiz ikusiko dugu hori hemen?
    Nik entzun dudan euskararen aldeko azken sentsibilizazio kanpaina Oreretako Euskara Zerbitzuarena izan da!

  • Beharbada politikari bat, intelektual bat edo abertzale ustekoren bat esan/idatzi beharrean, elementu toxiko horien IZEN ABIZENAK esaten hasi beharko genuke, lotsaren lotsaz beren praxia aldatu edo lehenengo planoa utzita protagonismoa benetako praxi abertzale-euskaltzale dutenei utzi diezieten. Osterantzean, salaketa paper errea baino ez da izango. Gure beharlekuan hasiak gara bereizketa hori egiten: euskal hiztunak beren kronpromisoagatik ere aukeratzen ditugu beharrerako hautagai posibleen artean.

  • Nik uste dut jokabide horien ondorioak nabarmendu beharra dagoela batez ere, besteak beste, oso arruntak direlako. Azken batean, ezintasunak eragindako jokabideak dira, gehien-gehienetan hizkuntz baliabide gehiago dauzkagulako erdaraz, euskaraz baino, gizarte zeharo erdaldundu batean bizi garelarik.
    Euskaraz bizitzeak gaur egun, erabaki sendoa eta ahalegin handia eskatzen ditu, baita oraintsura arte eremu euskaldunak zirenetan ere.
    Bere burua euskaltzaletzat agertzen duenari koherentzia eskatu behar zaio, baina agintariei, euskaraz bizi ahal izateko baldintzak erraztu ditzaten exijitu behar zaie, horretarako eskubide osoa daukagu-eta. Hori bai, agintariei baldintza duinak exijitzen dizkiena erdaraz biziko bada, hobe du etxean gelditu eta bakea eman, aski dugu-eta horrelakoekin ere.

  • Hala ere, norbanakoen izen-abizenetara jo barik, bai uste dut alderdien jokabideak nabarmendu beharra dagoela, halanola enpresena edota elkarteean, eta abar. Horietan bai iruditzen zait agerian jarri beharko genukeela zeintzuek hartzen dituzten euskaldunak aintzat, eta zeintzuek ez.

  • Galegoa, katalanera eta euskara, ingelesa baino hizkuntza erabilgarriagoak dira Espainian:
    http://www.vilaweb.cat/noticia/4176406/20140301/limperialisme-espanyol-mapa-paisos-catalans-tve.html

  • Iban Tustan 2014-03-03 10:14

    EAJ-k badu hizkuntz politika alternatiboa:
    http://www.youtube.com/watch?v=rR2_M9ZvVEI&feature=youtu.be