Asel Luzarraga kasua 7: artikulu bat, Aselek berak idatzia


MTExOA==BISTURI GARAIAK

XXI. gizaldia XX.a joan legez etorri da, eta antzera bukatuko da haren lehen hamarkada ere: bisturiak gero eta zorrotzago, lana gero eta garbiago egiten. Holako garaietan bizi baikara, bisturi garaietan. Asepsia, higiene, garbitasun garaietan. Eta horrela ebakitzen gaituzte, horrela ebakitzen dizkigute eskubideak, ahotsa, pentsamendua: anestesia lehenago, bisturi desinfektatua gero. Dena garbi, ageriko min barik.

Erdi Aroa aizkora garaiak izan ziren Europan. Gillotina garaiak iritsi ziren gero. Batean zein bestean, odola begi bistan zegoen. Eskubideekin batera buruak ere mozten ziren, plazan, jendaurrean, lotsa barik, botere absolutuaren harrokeriaz, lotsagabekeriaz. Baina XIX. mendean odola isurtzea estetikaren aurkakoa, jabe berrien moralaren kontrakoa izaten hasi zen. Egun, gaixotzea bera, are gehiago hiltzea, itsuskeria da, ez dago ondo ikusita. Beraz, gaixoak, eta are gehiago hildakoak, ezkutuan gorde behar dira. Edo telebistan erakutsi, baina ahal dela urrunekoak, itsusia izatea zilegi den herrietan, hala nola Etiopian edo Sudanen. Gure gizartean denak behar du higieniko, osasuntsu, sasoiko, eder.

Beraz, botereak aizkorak eta gillotinak gorde eta anestesia eta bisturia erabiltzen ikasi du. Anestesia telebistak jartzen du: albistegietan non ebaki behar den erakusten digute, ebaketa onar dezagun. Gizartearen minbiziak, zorneak, tumoreak seinalatzen dizkigu telebistak, haietan bisturia erabiltzea onar dezagun, are gehiago, bisturiaren lana eskertu eta txalotu dezagun. Esaterako, azken egunotan Txileko telebistetan ikusi dudan azken anestesia: azken boladan sasi-kume batek neskatila bat bortxatu eta hil duela-eta, jendearen sentsibilitatea prest dagoela profitatuz, Txileko haur guztien hatz markak eta lagin genetikoak hartu eta gordeko direla iragarri digute komunikabideek, dena haurtxoen segurtasunerako, inoiz baten batek bahitzen baditu eta hilda agertzen badira, erraz identifikatzeko. Hor dago anestesia, gurasoek eta haurrek eurek pozak txoraturik onar ditzaten denak poliziaren fitxategietan ondo artxibatuta egotea. Anestesia horren atzean, noski, bisturia dantzan: belaunaldi oso bat ezer egin aurretik fitxatuta, etorkizunean sistemaren gogokoa ez den zerbait egingo balute…

Anestesia nonahi daukagu, alarmak sortzen (“gripea datorrela, gripea datorrela!), alarma horien aurrean herritarrak lasaitzeko “irtenbideak” eskaintzen ondoren  (“hartu tamiflu! txerta zaitez!”), eta bisturiari bidea prestatzen (“denon onerako aireportuetan neurri zorrotzagoak behar dira”, “ez elkartu gehiegi, ez joan gertaera jendetsuegietara”). Sentsibilizazio berba darabilte maiz anestesiari deitzeko. Guk anestesia irentsi eta prest dauzkagu gorputza eta burua bisturiari egiten uzteko.

Eta bisturiak ez du atsedenik hartzen. Edonondik ebakitzen ditu gure eskubideak, edonondik murrizten gure askatasuna. Garbi, agerian odolik utzi barik, minik barik. Agian ebakuntzan giltzurrunik edo gibelik gabe laga gaituztela konturatuko gara egunen baten, anestesiatik itzartzen garenean, baina orduan lasai, komunikabideek sinetsaraziko digute hobeto bizi garela giltzurrun edo gibelik barik.

Bisturia, ordea, kultura arrotzekoa da. Berbari erreparatzea baino ez dago. Aizkora, behintzat, ezagutzen genuen, haren lana garbi ikusten genuen. Haitzetik, Harri Arotik datorren lanabesa izanda, haren aurrean defendatu behar genuela ere bagenekien. Baina bisturiari ez diogu usainik ere hartzen. Jakina, ez dauka usainik, hain da garbia tresna zorrotz eta zoli hori.

Baina badaukagu oraindik geure-geurea den tresna, hura ere Harri Arotik ondo dazaguguna: guraizeak, artaziak, harriz zein burdinaz eginda egon, ondo menderatzen dugun lanabes xume eta herritik sortua. Guraizeak katamalo aseptiko horien sokak ebakitzeko erabil ditzakegu. Plastikozko aurpegi higieniko zuri horien atzean ezkutatzen dena agerian uzteko. Has gaitezen, bisturi garaien aurrean, guraize garaiak aldarrikatzen. Katamaloak, mozorroak, marrauak anestesia barik mozteko ez dugu besterik behar.

Irudia | Asel bere ibileretako batean | xx | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.