Artillero, eman bero? -Donostia-

Artillero, eman bero? -Donostia-

Lagun batek aipatu berria dit Donostiako “Artillero”-ren kantaren lehen bertsioa ote den, Barojaren aipamenen aurretik jasoa, “Artillero eman bero”, eta ez orain kantatzen den “dále fuego” hori.

 

Ni saiatu naiz dokumentazio bila, baina ez dut halako ezer aurkitu, ezta ere Barojaren Memorietako II. aleko aipamena baina zaharragorik (Familia, haurtzaro eta gaztaroa, Caro Raggio, 1982, 110).

 Ezagutzen du inork kantaren halako jatorririk? Egia esan, niri erosoagoa ere egiten zait kantatzeko eman bero hori, espainolezkoa bertsioa baino, baina jakin nahi nuke gehiago kantaren jatorriari buruz. Badakit, Santesteban, Tomas Garbizu eta Feliziano Beobide-ren kantutegietako batean jasoa dela, eta Urkok berpiztu zuela 1992an edo. Besterik?

 Egia da bestalde, berehala bururatu zaidala italiarren: E se non è vero è ben trovato.

 Mila esker, nolanahi

Ondo izan

 Bittor

P.S. Kantuaren letra osoa-edo, Donostiako Aste Nagusiaren hasierako kanoikadarekin kantatzen dena, hau litzateke (inork besterik ezagutuz gero, eskertuko nioke berri):

 Artillero dále fuego (eman bero?)
ezkontzen zaigula pastelero.

Eta zeinekin? eta norekin?
Orpo zikinaren alabakin.

Orpo zikin, gona luze
atzeko-aldeko erregidore.
Jotzen zioten tarrapatatan,
zergatik neskatxa zatarra zan.

Orpo zikin, gona luze
kaleko loiaren erregidore.
Deitzen zioten zarran zan zan zan,
zergatik neskatxa zatarra zan.

25 pentsamendu “Artillero, eman bero? -Donostia-”-ri buruz

  • […] jasoa, “Artillero eman bero”, eta ez orain kantatzen den “dále fuego” hori…” Artillero … EMAN BERO Artillero eman bero? ezkontzen zaigula pastelero. Eta zeinekin? eta norekin? Orpo zikinaren […]

  • BittorHidalgo 2011-08-08 10:26

    Horrela bizi bagina beti (eskerrik asko!):

    http://horrelabizibaginabeti.com/?p=3098

  • Aitzol Azurtza 2011-08-08 16:56

    Niri “eman bero” hori gehiago gustatzen zait, askoz ere esanguratsuagoa da eta bigarren zentzurik ere aurki geniezaioke… ene, alkandorako lepaldea ireki beharra dut, beroak eman bait dit!

  • Gonzalo Etxague 2011-08-08 21:13

    Neuri ere gehiago gustatzen zait, nahiz eta letra aldatuz gero El Pais egunkariko beste artikulu zabor batek jarri bero: “Bildu impone el euskera hasta en la canciones (donde convivian pacificamente ambas lenguas)”, edo halako zerbait. Baina, inposaketaz ari naizela, ez litzateke komenigarria izango “zaigula” horren ordez “zaiguta” (zaigu eta) jartzea? erdarakada saihesteagatik esaten dut. Erdarkada historikoa, hori bai. Baina aitagurea ere aldatzen badute, ez da hain sakrilegoa, ezta? “Zergatik … zan” hori zailagoa ikusten dut aldatzen, eta agian filologoren batek argitu beharko luke lehendabizi zuzena ote den.

  • Aitzol Azurtza 2011-08-09 01:22

    Kaixo Gonzalo: Halako abesti “elebidunak” Euskal Herriko herri euskaldun baina gero-eta erdaldunagoetan (Donostia bezalakoetan) ez omen ziren ezohizkoak hemeretzigarren mendearen amaieran eta giro gero-eta erdaldunagoan ez da harritzekoa euskal hiztunek gramatikazko akatsak egin zitzaten(kontuan izan euskaldunen artean ia inork ez zuela euskaraz eskolarik jaso, ezta euskal gramatikarik ikasi ere). Nik “zaigula” hori bere hartan utziko nuke, ez dirudi (hain) gaizki dagoenik, kontuan izan neurriaren menpe dagoela abestia eta, beharbada, egileak “zaigulako” esan nahi zuela baina “-ko” atzizki azalpen-emailea sartzeko lekurik ez zezakela izan. Nik “ezkontzen” horretan arazo larriagoa ikusten dut, “-tzen” amaierak jarraikortasuna, ohizkotasuna adierazten bait du baina zalantza dut opilgilea maiz ezkonduko zenik bere bizitzan edo ezkontzeko ekintza ohitura egin zuenik…
    “Zergatik” hori honela ordezkatuko nuke: “zeren-(e)ta” (ahoskatuz “zerenda”), honela neurria errespetatuz. Ea beste inork bestelako burutapenik gehitzen dion solas honi.

  • BittorHidalgo 2011-08-09 07:57

    Pio Barojak, aitatutako Memoria liburuan, “ezkontzen zaigu pastelero” dakar, -(e)la gabe, baina “sua” emanez.

    Ondo izan

  • Neri “ezkontzen zaigula pastelero” earki asko daola iruitzen zait. Ze, adibidez, “pastelero ezkontzen zaigula!” esango bagenu, ondo iruituko litzaizueke, ezta? ba “pastelero” hitza esaldiaren bukaeran jartzea, bertsolaritzaren lizentzitako bat litzake, nik uste.
    Aguxtin Anabitarteren “Donostia” (1932) irakurtzen aritu nitzan orain dala gutxi, baina ez dakit kanta hau bea agertzen ote dan. Enaiz gogoratzen.
    Euskal bertsotan beste hizkuntzak agertzearena, kasu hontan gaztelera, esango nuke erdi arotik ere badatorrela, gehiago edo gutxigo gustatu.
    Ezkon”tzen” horri buruz, jarraipena adierazten du bai, baina gaur egun besterik ere adierazten ez dula esatea, ez ote litzake errealitateari begiak itsuegian ixtea? eta bertso honen kasuan, batek daki, akaso tipoak “ezkondu”ren” moduan erabiltzen zun, he,he. Hau da, “ezkonduko zaigula”. (hori pentsatzea gustatzen zait neri)
    Ariyo!

  • bitan pentsatu ondoren, “pastelero ezkontzen zaigula” ere elitzaizuekela ondo iruituko konturatu naiz… he,he

  • Gonzalo Etxague 2011-08-09 17:37

    I.M., hemengo afera ez da ordena. Neuk, behintzat, erabat egokia ikusten dut. Arazoa “-lako” edo “-eta” ordez “-la” dagoela. Zuzena izateko eta bertsoa ez zapuzteko, honakoa proposatzen nuen nik: “Artillero eman bero, ezkontzen zaigu-ta pastelero…”.

    Bestalde, Aitzol, horrelako kasu batean -t(z)en erabiltzea gramatikala ez dela esatea asko iruditzen zait. Egia da ohitura adierazi dezakeela, baina etorkizuna (“bihar etortzen naizenean…”) edo aldiberekotasuna (“kantatzen etorri da”) ere bai, besteak beste. Gainera, euskal aditzaren aspektu “lasaia” kontuan hartuta, egokia iruditzen zait. Txilardegik dio (ez une honetan, noski) euskal aditzak ez daukala aspekturik, euskaraz aspektua funtzio adberbiala baita, eta nik esango nuke orain irakasten den sistema zorrotza erdaren ondorio dela; itzulpen literala eginez: “etorri naiz”, “soy venido, eta ez “he venido”; “etorriko naiz”, “soy para venir”, eta ez “vendré”; “etortzen naiz”, “soy viniendo/en venir…”, eta ez “suelo venir; “ikusi dut”, “lo/la tengo visto/a” eta ez “lo/la he visto”; “maite zaitut”, “te tengo querido/a” eta ez “te quiero” eta abar. Aditzatzat hartzen ditugun horiek ez dira benetako aditzak; trinkoak (naiz, dut, nator…) baino ez dira, nahiz eta aspektua zehazteko IZAN eta UKAN aditzek ondoan “atributurik” hartu: “etxean naiz”/”etxean sartu naiz”.

    Eta zer gertatzen da demontrezko -T(Z)EN kasuarekin? Bada, esku orotako makila dela. Kasu honetan, “ezkontzen zaigu” eta “ezkonduko zaigu” bereiztuko nituzke nik: lehenak ziurtasun handiagoa adierazten du, kontua egina dagoela, alegia; “Bihar nator” eta “Bihar etorriko naiz” moduko esaldiekin bezala, biak zuzenak baina ezberdinak. Hori bai, “Kepa, ematen didazu boligrafo hori?” bezalakoak erabat okerrak dira; baina ez ohiturarik ez dagoelako, ekintza hasi gabe dagoelako baizik.

    Eta txapa ederra eman ondoren (agian txapa jo), beste proposamen bat egin nahi dizuet:

    “Artillero eman bero,
    bertso honek gaitu ero.
    Eta zeinekin? Eta norekin?
    Hasi ginen gramatikarekin”

  • Ño, barkatuko diazue, baina neri berezkoa gustatzen zait, daon bezela. Garai baten adierazgarri dala pentsatzen det. Hala ere, Bittorrek jarritako 3. bertsoan, kantuan hasi eta…”erregidore” hitza etzait sartzen, ezta txanelka ere. “Regidore” bai akaso, edo bestela “loiaren” partez “loian”. Ze esaten dek, Bittor? ta besteek?

  • Aitzol Azurtza 2011-08-09 19:17

    Euskaraz “erregidore” izan behar du, “r” hasera duten hitzak ez bait ditu euskal fonetikak onartzen. Horregatik latinezko “rotam” hitzetik “errota” dugu, “Roma” hiriaren ordez “Erroma”, “Rossiya” (Russia) herrialdearen izena “Errusia” euskaraz, espainierazko “reloj” hitzetik “erloju”, latinezko “relatio” hitzetik “erlazio”, “regina” hitzetik “erregina” eta abar luzea. Alderantziz, euskaraz bokalezko hasiera duten leku izen asko, espainierak haserako bokalik gabe jaso izan ohi ditu: Recalde (Errekalde-ren ordez), Recarte (Errekarte-ren ordez), Recondo (Errekondo-ren ordez), Roncal (Erronkari-ren ordez), Rontegui (Errontegi-ren ordez) eta abar eta abar.

  • Amonamantangorri 2011-08-09 20:55

    Berria irakurri eta, etzait argi gelditu zertaz ari garen… Udako denborapasatzat hartuko dut.

    “Eman bero” horrek, nire euskaran behintzat, EZ DU DEUS ESAN NAHI. Eman egurra, eman gogor, eman kaña eta nahi duzuena… Baina EMAN BERO? Euskarazko itzulpen asko bezala, zozokeria bat da, erdarazko jatorrizkoaren gatz eta piperrik batere ez duena.

    Aldaera zaharrago baten hasiera dela, beharbada legenda urbano horietako bat-edo izanen da.

  • Aitzol Azurtza 2011-08-09 21:15

    Amonamantangorri: Abesti bati buruz ari gara eta bertsolaritzan edo olerkigintzan ari garenean bezala, abestiak sortzean ere zentzu poetikoak jokoan sartzen dira. Niri behintzat “eman bero” horrek irudi ezberdinak sortarazten dizkit buruan, bolbora eta suarekin zer ikusirik ez dutenak… baina ziur naiz abestia sortu zuenak “eman su bero” edo antzekoa esan nahi zuela. Noski, berriz ere diot, kantugintzan, bertsolaritzan edo olerkigintzan neurriak garrantzia handia du eta askotan hitzak ezabatu behar dira neurria errespetatzearren eta irakurle-entzuleari uzten zaio abesti, olerki edo bertsoaren sorleak zer esan nahi zuen interpretatzen. Horra hor bertsolaritzaren eta olerkigintzaren xarma!

  • Iepa Aitzol, euskal fonetika ofizialak ez akaso, baina gure aiton amonenak baliteke baietz, kasu batzutan, adibidez bertsotan. Gure aitonamonek radioa, radiyua eta abar esaten zuen, eta ez irratia. Garai bateko testuetan ere esango nuke ikusi ditudala holako adibideak. Esan nahi nuke, hau bertso bat bait da, kaleko hizkera, jende arruntak sortua, ustez behintzat.

  • Aitzol Azurtza 2011-08-10 03:06

    Ba gure amonak eta gure gurasoek “erradiyua”, “erradikal”, “erromantiku”, “Erroma”, “errita”, “erropa” esaten zituzten (dituzte) eta ez “radiyua”, “radikal” “romantiku” “Roma”, “rita” (“reyerta”), “ropa” edo antzekoak. Beti entzun diet bokala errearen aurretik itsasten eta gero ere, ikastolan, hala izan behar zukeela baieztu izan didate euskara irakasleek.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-10 11:02

    Nik ez dut ikusten arrazoirik hasiera-hasieratik horrela sortua ez dela pentsatzeko. Denborapasa polita izan daiteke bertsio berriak sortzea (niri “eman bero” hor jartzea umorezko ateraldia iruditzen bazait ere, parodia linguistikoa), hori egin nahi duenarentzat. Halere, badira askoz argiago oker abesten ditugunak (alegia, argi eta garbi beste era batean sortuak). Adibidez: Bat, bat, bat, bart parrandan ibili, bi, bi, bi, ez naiz ondo ibili… “bat”-i bere errima kentzen diogu (berez, bart da), eta gainera poto eginaz. To!

  • Iepa berriz,Bai, guk ere Erroma entzun deu, ta errita, ta erropa :)… baino radioa, radiyua eo radixua ere bai. Eta azkeneko urtetako hiztun askoren/gehienen joera ikusita, bertso baten “rejidore” sartzea “errejidore” partez, erabat naturala iruitzen zait, etzait euskeran kaltetan danik iruitzen, eboluzioaren barruan ikusten det, bizirauteak eraldaketak ekartzen ditulakoan, ezinbestean. Halare, enaiz ni inor ezer esateko noski. Eritzi bat besterik ez da.
    “Bat, bat, bat…” kanta hori jatorrian etzan hola pentsatua izan hortaz?

  • Joe, barkatu sartzen ai naizen txapagatik, baina beste adibide bat otu zait, “r”-z hasten diran hitzei dagokienez, gaur egungo joera azaltzeko, begi bistakoa, bestalde:
    Azken aldian kanpotik sartu zaigun hitz bat: Rock. Inork ez du nik dakidala “errocka” esan edo idazten. Rocka, rockanrola…

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-10 13:23

    Iruditzen zait bistan dela “bat, bat, bat” hasten dena, hortxe dagoen “bart” behar duela amaiera, adibidez (tartekoa inongo ziurtasunik gabe idatziko dut) “bat, bat, bat, parrandan ibili bart”.

  • Jorge Etxague 2011-08-10 15:05

    Kontua ez da apenas ikertu, baina zera “elebidun” horietan erdar(ar)en uste baino erabilera kontzienteagoa (eta maltzurra) ezkutaturik dago. Pixka bat ikertu dira, hori bai, Zuberoa aldeko maskaradak: XVIII. eta XIX. mendeetako testuetan, euskara jende “normal”aren hizkuntza da; gero, eskaleak eta ijitoak gaztelaniaz mintzatzen dira (edo hobeto esan, gaztelaniazko zenbait esamolde bota ondoren, euskaraz segitzen dute, bestela ikusleek ez baitzuten ulertuko); apaizak, latinez; jendarmeak eta abokatuak, frantsesez; tabernari mozkorrak, biarnesez… Pastoral zaharretan ere turkoak eta deabruak (“gaiztoak”) frantses lardaskatuaz baliatzen dira oholtzara azaltzean, eta Tartaloren bertsio zuberotar batean munstroak biarnesez hitz egiten du… Erdarak, orobat, jende hori negatiboki ezaugarritzen du. Ez hain aspaldiko gaiaietan, baserritarrek euskal izenak ematen zizkieten “etxekoak” eta estimatuak ziren haziendei, izen deskriptiboak normalean: Gorri, Txuri, Ñabar…; “etxerakoak” eta mespretxatuak baino ez ziren txakurrentzat, aldiz, erdal izenak ohikoak ziren: Rubio, Lista… On Pio Barojak Donostian txikitan inude bati entzun zion ipuin batean, Ama Birjina eta platuxa arrainen arteko liskarra kontatzen da: Ama Birjinak (pertsonaia hiperpositiboa, inondik inora, XIX. mendeko “euskaldun-fededun”entzat) bidea galdetu zien euskaraz arrain itsusi horiei (bide batez esanda, gure arbasoentzat gauza naturala zen Jaungoikoa, Ama Birjina eta santu guztiak euskaraz aritzea: Galizian, ordea, baserritarrek uste zuten zerukoek gaztelaniaz egiten zutela…), baina haiek erdaraz “No sabemos, no sabemos” erantzun zioten. Bada, kantu honen jatorria bilatu dut behin baino gehiagotan, gauza ziurrik aurkitu gabe, baina uste dut XIX. mendeko parodia bat dela, eta “Patxi mozkorra” Isabel II.a erreginaren senarra izan litekeela, Francisco de Asis y Paula delakoa (mozkortia izatea ez ezik, homosexuala izatea ere leporatzen zion garaiko “vox populi”-k). Garai hartan Donostia hiri zeharo militarizatua zen: donostiarrek harresien barruan estuturik bizi behar zuten, eta gazteluan ere goarnizio bat zegoen. Erret-familiako norbait jaio, hil edo ezkontzen zenean, badakizue, gazteluko soldaduak berehala hasiko ziren salbak jotzen, dinbi eta danda kanoiekin. Eta, hain zuzen, egingo nuke kantutxoaren jatorrian ohitura gogaikarri horren parodia bat dagoela; horrek esplikatuko luke kantua erdaraz hastea “Artillero, dale fuego…”, gaztelania baitzen, noski, donostiarrek jasan behar zituzten soldaduen hizkuntza “berezia”. Halatan, kantutxoa ez litzateke izango inongo euskaldun erdaltzale diglosikoen adierazgarri, baizik eta iseka hutsa. Txapa hau guztiau ez da hiptesi hutsa baino, ordea, ze, berriro diot, ez dut apenas daturik aurkitu.

  • Bai, zentzua dauka esan dezun horrek.
    Hala re, iruitzen zaizu horrenbeste aldatu daitekela jatorrizko bertsotik? hau da, hitzen ordena aldatzeraino?
    nik atea irekita utziko nioke bazpare, “bart parrandan ibili” jatorrizkoa izan daiteken teoriari. Inprobisazio parranderoaren kontestuan sartu ahalko litzake, akaso. 🙂

  • Oso inetersgarria Jorge. Patxi mozkorraren kontua ere bai… sekula entzun gabea nitzan. Jaungoiko amabirjina eta santuei, euskeraz ezezik, hika egiten omen zioten, ezta?

  • Jorge Etxague 2011-08-10 16:48

    I.M., ba, herri kantu guztien hamaika bertsio daude, eta halako doinu batek letra asko abesteko balio dezake: kontu ezaguna da Eusko Gudariak-en doinua oso zaharra dela, XIX. mendean Bilintx donostiarrak erabili zuen zegoeneko, eta Montxoren “Tasio” filmean erdarazko kantu bat abesten dute Tolosako inauterien “Galtzaundi” kantaren doinu berarekin… Seguru aski kanta hura lehenagotik ezaguna zen, eta halako batean norbaitek (Serafin Baroja errepublikazaleak, esaterako) moldatuko zuen erret-familiaz iseka egiteko. Hona hemen datutxo batzuk: 1846ko abuztuaren 13an Isabel II.a erregina eta Francisco de Asis (Patxi mozkorra?) famatua ezkondu ziren; egun berean Isabelen ahizpa ere, Luisa Fernanda de Borbón delakoa, Antonio Orleans Montpensier-eko dukearekin ezkondu zen. Azken hauen semeetako bat, Antonio Orleans (aitaren izen bera zeraman), Isabel eta Franciscoren alaba zen Eulalia de Borbón-ekin ezkonduko zen gero. Lehengusuak ziren, beraz: ez da harrigarria borbondarrak hain arraroak izatea… Kontua da Antonio Orleans aitari “el PASTELERO francés” esaten ziotela bere garaian… Kantuan, ordea, ematen du aita-semeen bi ezkontzak nahastuta daudela, edo aitaren ezizena semeari ere esaten ziotela. Hori bai, datua kontuan har beza Donostiako Udalak, zeren eta Zigor Kodearen arabera delitua baita erregea nahiz haren oinordekoak eta arbasoak irantzea. Odon zegoen bitartean ez zen kuidadorik, baina orain auskalo…

  • eskerrikasko esplikazioagatik! … eta “orpo zikinaren alabaren” bertsioan, zein litzaken hau badakigu? herritarren bat? ala hau ere esfera altuetakoa?

  • Jorge Etxague 2011-08-10 21:40

    Nor izango ote zen orpo zikinaren alaba ideiarik ez!