Artikulu baten truke ordaintzeko prest zeundeke?

team_big - Artikulu baten truke ordaintzeko prest zeundeke?

Duela hilabete inguru izan genuen ZuZeuko erredakzioan Dropcoin plataformaren berri. Kazetaritza (lanbide eta bizibide gisa) duintzeak eta bideragarri egiteak makina bat lo ordu lapurtu baitizkigu. Geuk ere egin izan ditugu geure kabala eta hausnarketak, eta interes handiz jaso genuen iruñear berritzaileon ideia.

Ba ote ordea, sarea geroz eta infinituagoa den honetan, hizkuntza gutxitu batean egiten den kazetaritzarentzat lekurik? Zu, euskaldun hori! Kazetari baten lanaren truke ordaintzeko prest zeundeke?

Galdera berbera egiten du Gorka Cabañasek bere blogean. Baina erantzuteko, Dropcoin, edo munduan landa sortutako proiektuak aipatu beharrean, gure testuingurutik gertuago dagoen bat azaltzen du: Bendle.nl. Marten Blankesteijn eta Alexander Klöpping holandarrei okurritu zaien proiektu iraultzailea. Prentsaren iTunes dela diote jada, Holandako hedabide andanaz gain, New York Times eta Axel Springer agerkariek hartu baitute zerbitzu honetan parte hartzeko erabakia.

Hizkuntza gutxitua, abantaila?

Bendle plataformaren ereduak lore asko jaso ditu, baina, baita kritikak ere. Askok diote, hizkuntza gutxitu bateko edukien merkatua eskenatokitzat hartuta egin izana dela arrakastaren gakoa, Bendle ereduak ez duela zer eginik Gaztelaniazko edukien edo Ingelerazko edukien merkatuan. (Hartu dezagun lapitza eta koadernoa). Cabañasek plataforma holandarrari egindako kritika sorta jasotzen du blogean.

Bendleri egindako kritikak:

1. kritika: Ingelerazko eta gaztelaniazko edukien merkatuan Bendlerena bezalako eredu batek ezin du lehiatu Google News bezalako zerbitzu baten aurka.

2. kritika: Ez da kalitatezko kazetaritzaren salbazioa, inondik ere. Interes gehien pizten duten edukiak (kirola, aisialdia eta espektakulua) dira hain zuzen, doako kazetaritzan gehien argitaratzen diren edukiak. Kalitatezko kazetaritza ezin da 0,20€ko prezioan bideragarria izan. Bendleren eredua bestelako ereduen osagarri da, derrigor.

3. kritika: Bendlen ez dago publizitaterik. Katorrizko agerkarian publizitatea duten edukiak, berau gabe erakusten dira plataforman. Bendlen parte hartzen duten hedabideek publizitate diru sarrerak galdu ditzaketela diote askok.

4. kritika: Bendleren eta iTunesen arteko konparaketa. iTunesek ez zion inolaz ere musikari lagundu, Apple erraldoiari baino. Lehen gutxi batzuren artean banatzen zen pastela, orain batek soilik irensten du.


Kritikak kritika, kazetaritza duintzeko saiakerok txalo bero bat merezi dute. Are gehiago arrakastatsuak badira. Hemen zientzia fikzioa dena lortu dute Bendleko kideek: 20-35 urteko herritarrek sareko kazetaritza edukien truke dirua ordaintzea. Bejondaiela!

Ekaitza bainuontzi batean