Arte[faktua] 88: Erika Elizari, “Zendabalitz”, Aaron Elizari, Susana Armendariz

Arte[faktua] 88: Erika Elizari – 

Erika Elizari idazle hernaniarra izango da aste honetako gonbidatu nagusia. Oronaren Hernaniko egoitzan elkartuko da Yolanda Mendiola berarekin, Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu duen lehenengo eleberriaz hitz egiteko: Zendabalitz. 2018an proiektua aurkeztu eta Igartza saria irabazi izanaren emaitza da lan hau. Paristik Bilbora doan hegaldi bateko gorabeherak kontatzen ditu istorioak. Bertan doazen ehun bidaiarietako zazpi dira liburuko protagonistak, eta gauza berak lotzen ditu: gehiegi pentsatzen dute. Elizari komediaz baliatu da pertsonaien buruhauste eta barne elkarrizketei pisua kentzeko.

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Elizarik. Hasieran kazetaritza munduan lan egiteko asmoarekin sartu zela baina laugarren mailatik aurrera, ikus-entzunezkoen sorkuntzan gehiago sakontzearekin batera, mundu bat ireki zitzaiola dio. Literaturari dagokionez, ipuingintzan aritu izan da batik bat. Egun, telebistan dabil, erredaktore lanetan. Saio batetik bestera saltoka ibili arren, momentu honetan, ETBko Teknopolis saioan egiten du lan.

Anaia gonbidatuko du Erikak elkarrizketara: Aaron Elizari. Eskerrak emateko gonbidatu duela dio Elizarik. Ikasketak amaitzen ari zela, film laburrak egiten hasi, eta beti hari deitzen omen zioten: hasieran, aktore gisa aritzeko, eta, gero, kamerari lanetarako. Ordutik aurrera, elkarrekin lan egin izan dute beti. Erikaren azken literatur lan honen kasuan ere, editoreaz eta bere bikotekideaz gain, anaia izan da argitaratu aurretik lana irakurtzeko aukera izan duen bakarra.

Susana Armendariz Iruñeko Landare elkarteko arduradunak bere liburu kutunen berri emango digu Apalat[egia] tartean.

Bestalde, Xabi Rodriguez Goazen telesaileko aktoreak Connemara gure bihotzean liburua gomendatuko digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Felipe Juaristik, Asier Osinaldek eta Pako Aristik, astero bezala, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Armentia Ikastolako Eneko Haritzak Xabier Mendigurenen Bizitza motor gainean liburua gomendatuko digu Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 88: Erika Elizari, "Zendabalitz", Aaron Elizari, Susana Armendariz
Ikusi saioaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 88: Erika Elizari, “Zendabalitz”, Aaron Elizari, Susana Armendariz

Arte[faktua] literatur saioa ETBn